Beñat Gaztelumendi
Bertsolaria

Akerrarena

Okerrak akerrak adarrak, baina zuzen joaten dira militarrak, fusilak sorbaldan eta belaunak eta kokotsak gora, lerro-lerro, paper kuadrikulatu bat nola, formazio ia perfektuan. Eskuak kopetara jasota agurtuko dituzte kargudunak, hortza hortzaren kontra estututa, matraileko giharrak tenkaturik, ia ezpainek dardara egiteraino. Batzuetan esperantza izaten dut ez ote zaien, tenkatzearen tenkatzez, haginen bat apurtuko, intxaur oskolak nola, krak. Edo ez ote den bizkarrezur zurrunegi horietan pitzadurarik sortzen, malgutasunik gabeko edozein objektutan fisikaren lege ezkuturen baten arabera sortu ohi den moduan. Hortxe ikusi ditut pantailaren beste aldean, milaka gorputz gorputz bakarrean bildurik, milaka oin pauso batean, milaka eztarri arnasketa bakarrean. Eta akerra, adarrak oker, aurrean.

Irri egin diot telebista-kate guztiek etxera sartu didaten performance garaiz eta tokiz kanpokoari. Eta ondoren, serio erreparatu diot nire irriari. Nondik ote datorren. Nora ote doan. Betidanik egin izan baitit grazia bere burua serioegi hartzen duen jendeak, izurri horretatik salbu dagoen egorik ez dagoela badakidan arren. Ez da hori bakarrik, ordea, masailak zabaltzen dizkidana.

Espainiako bandera erraldoiak ikusi ditut airean, eta trapu zahar bati egindako gurtza gehiegizko bat. Umetan erakutsi zidaten harrotasuna ona zela, baina harrokeria ez. Bata bestearen jarraipen logikoa balitz bezala. Gerora ikasi dut harrokeria harrotasunetik baino gertuago egon ohi dela konplexutik, norberak bere sentitzen ez duen nagusitasun bat erakusteko premiatik. Konplexuak handikeriaz, epikaz estali nahi izate horrek beti eragin izan dit erruki gisako zerbait. Eta errukia beti izaten da bertikala, goitik beherakoa.

Nazioa ospatzen du bere nazioaz ziur ez dagoenak; bere burua arrisku zehaztugabe batek inguratuta sentitzen duenak. Eta guk, nazio hori ospatzen ez dugunok, gure distantziaren talaiatik xehe-xehe azalduko dugu zer dagoen ospakizun horren oinarrian: zenbat soldadu, zenbat hildako, zenbat azpiratu. Galdetu gabe gutako zenbat aritu ziren soldadu, hiltzaile eta azpiratzaile lanetan.

Eta ustezko distantzia horren talaian gure buruari galdetu gabe erakutsi behar horrek soilik osatzen ote duen “estatua” deitzen diogun izaki bizidun abstraktu hori. Polizia, ejertzitoa: etsai armatu harro eta identifikagarri bat. Ez ote dagoen, horren guztiaren azpian, desfile ezkutuago bat, gure gorputzak eta pentsamenduak ere zeharkatzen dituena; Madrila eta Parisa begira jartzen gaituena. Komunikazio sistema oso bat, hizkuntzarena hautu soil bat dela pentsarazten diguna eta akerrak baino adar okerragoak dauzkana. •