Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
Entrevue
Beñat Gaztelumendi Arandia
Bertsolaria

«Pribilegioa da bertsolaritza bizitzen ari den momentu hau oholtzatik bizi ahal izatea»

Añorga, 1987. Egungo Gipuzkoako txapelduna. Laugarren txapelketa nagusia du eta hirugarren finala. Aurreko bietan gozoa eta gazia probatuta, aurtengoa aho zapore atseginez amaitzeko lanean ari da.

Beñat Gaztelumendi añorgarrak hirugarren finala du. (Jon URBE | FOKU)
Beñat Gaztelumendi añorgarrak hirugarren finala du. (Jon URBE | FOKU)
Bi finalerdi, bi salto, eta finala. Nolakoa izan da bidea?

Txapelketa hau niretzat duela bost urte hasi zen, BECeko finalean asko sufritu nuelako. Horrela esanda bidegabea dirudi, jende asko geratu zelako finalera iritsi gabe. Baina nik duela bost urteko finaleko arantza handia neukan, ez nuelako arrastorik utzi, oso gris aritu nintzelako eta finalera sartu nintzenerako dagoeneko arratsaldeko saioa zelako. Garbi neukan finalean egon nahi nuela berriz eta finalean atera nahi nuela arantza hori.

Kostatu egin zait nire burua finalaren aurreko bi saio horietan kokatzen, gorputz onarekin nola iritsi asmatzen. Durangoko saiora nahiko gorputzaldi onarekin iritsi nintzen. Beste urte batzuetan baino saio gutxiago eginda nago eta freskoago nabaritzen dut nire burua. Eta, aldi berean, ziurtasun gutxiagorekin, ez hain erregular, eta horrek mesede egin dezakeela uste dut. Bertsoa oso kontrolatuta daramazunean beti antzeko tokietatik joaten zara, eta hain kontrolatuta ez daramazuenean zure burua ere gehiago harritzen duzu. Durangoko saioan hori sentitu nuen eta, gainera, arantza dezente atera nituen.

Baionakoa, berriz, desberdina izan zen. Durangokoan sailkapenean gorago geratu nintzen eta Baionakoan gehiago tokatzen zen eustea. Bi aste izan ziren bi saioen artean eta Durangoko digestioa dezente kostatu zitzaidan. Normalean ez dut hainbeste erreakzio sortu jendearengan, ez dut hainbeste zorion mezu jaso, eta kostatu egin zitzaidan hori guztia digeritzea. Baionara hori digeritu gabe iritsi nintzen. Saioarekin gustura, Durangon baino gehiago kontrolatu nituen bertsoak, teknikoki eta josten erosoago sentitu nintzen, baina ideia aldetik Durangon dezente freskoago.

Eta gero arantzatxoa daukat ganbarakoekin; Durangon bidearekin oso gustura geratu nintzen baina exekuzioan gehiago egin zitekeela uste dut, pena horrekin geratu nintzen. Eta Baionan, heldulekuarekin ez nintzen batere gustura geratu, ezkontza bati abestu nion, baina bidean gero eta gusturago sentitu nintzen eta uste dut ondo bukatu nuela. Sentsazioa daukat oraindik nire ganbararik onena egiteko daukadala txapelketan.

Durangoko saioaren ondoren mezu mordoa jaso zenuela esan duzu. Nola eragiten du kanpoko oihartzunak txapelketan zaudenean?

Eragiten du, oso egoera hauskorrean zaudelako. Ni saiatu naiz hortik aldentzen, baina Durangokoa eta gero zaila izan da, txapelketan bete-betean sartzen zarenean…

Azken finala eta gero banuen sentsazio bat. Finalean kantatu eta ez zaizu mezurik iristen eta pentsatzen duzu: ‘Ados, ez dut arrastorik utzi’. Aldiz, Durangokoaren ondoren kolpetik mezu pila bat jaso nuen, normalean idazten ez didan jendeak ere idatzi zidan eta horrek eragiten du, bai. Niri onerako eragin dit, baina aste batzuk gehiago behar nituen hori digeritzeko.

Eta, orain, Iruñeko finala. Nola begiratzen diozu horri?

Uste dut finala asko aldatu dela. Batetik, asko aldatzen du Iruñean izateak, pandemia baten ondoren izateak eta gatozen lekutik etorrita. Txapelketa hau mugitzen ari den guztiak beste leku batean kokatzen du finala. Taldea ere oso desberdina da duela bost urtekoarekin alderatuta. Hiru bertsolari aldatu dira, baina belaunaldi aldetik aldaketa handia dago. Nire adineko beste bertsolari bat dago eta ni baino gazteagoak diren beste bi.

Zu tokiz aldatzen zara.

Bai, eta esango nuke denok aldatzen garela tokiz eta gure arteko dinamika aldatu egiten duela horrek. Esango nuke niretzat alde horretatik erosoagoa dela finala. Gero gaitegi aldetik, diskurtso aldetik… herri hau asko aldatu da azken bost urteotan eta horra egokitzen ari gara. Ez dakit asmatu dugun, prozesu batean ari garela uste dut. Nire kasuan, arrastoa utzi nahi nuke finalean, ahal bada, ariketa guztietan utzi nahi dut arrastoa. Duela bost urte nigandik espero zen bakarkakoan arrastoa uztea. Urte hauetan saiatu naiz nire burua konbentzitzen beste ariketetan ere utzi dezakedala arrastoa eta horretan saiatu naiz. Uste dut finalerdietan lortu dudala eta orain ariketa bakoitzari begiratu nahi diot aukera bat bezala, ariketa bakoitzari parez pare begiratzen, saiatu gauzak esaten, batzuetan puskatzen espero den hori, baikortasun pixka bat transmititzen, nagoen lekutik kantatzen. Momentu honetan nahiko bare nago, nahiko pozik, eta hortik kantatu nahi dut.

Esan duzun bezala, ez zara ez finalista berria ezta finalista gazteena ere.

Ez nengoen deseroso gazteena izanda, ez da toki txarra, baina kokatzen asko kostatzen zitzaidan finalista gazteena nintzelako gaztea izan gabe. Batzuetan iruditzen zitzaidan nirea ez den profil bat betetzea eskatzen zitzaidala, eta Euskal Herriko finalean profil bat betetzen nuela, eta Gipuzkoakoan beste bat. Horrek deserosotasun bat sortzen zidan. Orain iruditzen zait plazan daukadan tokia, finalean daukadana eta bizitzan orokorrean daukadana nahiko bat datozela.

Finalista berriak hiru izango dira, baina neurri batean denak zarete berriak. Zein ahots erakutsi nahi duzu aurten?

Une honetan daukadana. Beti izan dudana, zalantzak, hauskortasun puntua, baina aldi berean aurten poz pixka bat transmititzen saiatu nahi dut, bakarkakoetan baikorrago kantatzen, bertso barruetan jolas gehiago egiten, ahal dela gauza konkretuak esan eta kantukidearekin jolaserako jarrera bat izaten…

Gorputzaldi onarekin iritsi nahi du finalera. Jon URBE | FOKU

Pixka bat bihurriago.

Bai. Sentsazioa daukat urte askotan bertsoaren alderdi teknikoa asko landu dudala. Duela bost urte sentitu nuen diskurtso aldetik eta jarrera aldetik hutsune handi bat neukala eta horiek lantzen saiatu naiz urte hauetan. Eta finalera gorputzaldi on batekin iritsi nahi nuke, irekita, alerta puntuarekin eta erreflexu bizkorrekin… Azken urteetan asko saiatu naiz finalera teknikoki oso errodatuta iristen, eta aurten agian hobe da alderdi horretatik zalantza batzuekin eta ziurgabetasun puntu batekin iristea, baina ondo lo eginda, deskantsatuta eta pozik.

Diskurtsoa aipatu duzu. Txapelketa interesgarria izaten ari da; bertsolari batzuk sekulako ahalegina egiten ari dira gaiei ertz propioak topatzen.

Duela bost urte ere egon zen ahalegin hori, akaso aldatu dena da puskatzen ari den horri eman zaion zilegitasuna. Aurten ere ez dut uste merezi duen guztia eman zaionik. Segur aski ez dugu ondo baloratzen etengabe inertziaz bertsotan egiten ditugun diskurtsoak puskatzen ari den jende horrek egiten duen ahalegina. Adibidez Saioa Alkaizak Durangoko bakarkakoan harreman ireki bati kantatu zionean, ez dakit zenbateraino baloratzen den gai hori ekartzea eta ekarri zuen moduan ekartzea. Horrek badauka plus bat. Ez naiz epaileez ari, orokorrean bertsolaritzaren inguruko mugimenduaz ari naiz, ez dakit kontziente garen bertsolari horiek zenbat gauza ekartzen dituzten. Agian alde horretatik ekarpen gehiago izan dira eta ekarpen horiei zilegitasun gehiago eman zaie.

Niretzat oso interesgarria da. Etengabe mugitzen ari den inguru horretan kokatzea, ariketa pertsonal eta artistiko bezala, gauza ederra da.

Emakumeen olatua nabarmena izaten ari da. Nola kokatzen zara olatu horretan?

Ahal den bezala. Mugimendu orok deserosotasuna sortzen du, ezin duzulako zeunden tokian segi eta mugitzeak berak ziurgabetasuna sortzen du. Baina niretzat pribilegioa da bertsolaritza bizitzen ari den momentu hau oholtzatik bizi ahal izatea, leku horretan egotea eta aldaketa hauek bertatik bertara bizi ahal izatea sekulako suertea da. Segur aski une honetan ez dugu baloratzen gertatzen ari dena, lupatik begiratzen digutela sentitzen dugulako, huts egiteko beldurra dugulako… baina hemendik urte batzuetara garai honi begiratzen diogunean eta bertsolaritza urte gutxian zenbat aldatu den konturatzen garenean, merezi duen perspektiba emango diogu bai gertatu denari eta baita gertatu dena bertatik bertara bizi ahal izateari ere. Eta uste dut aldaketak gertatzen ari direla pertsona batzuk eta talde batzuk gidatuta, eta igual beste batzuek gehixeago egin genezakeela horri tokia egiteko. Batzuetan deskolokatu samar gaudela eta ez dugula asmatzen sentitzen dut.

Gozatzen al da txapelketan?

Nik dezente gozatzen dut. Prestaketan, izugarri. Oso polita da prestaketa. Batetik, lan pertsonala dago, zure burua kokatzea diskurtso aldetik, hiru hilabete hartzea mundutik apartatu eta denari kanpotik begiratzeko… Hori pribilegio bat da. Eta gero taldean prestatzea zoragarria da, gauza pila bat mugitzen dira, une oso intentsoak dira, denok gaude ahul samar eta elkar babeste horretan oso ondo ezagutzen dugu elkar. Eta saioetan ere gozatzen dut, nik bai Baionan eta bai Durangon saioa hasi aurretik taldearekin asko gozatu nuen, eta gero baita ariketa zehatz batzuetan ere.

Eta sufritzen da?

Bai, sufritu ere bai. Denok gaixotzen gara, saioaren ondoren gihar-minak izaten ditugu, tentsioa hor dago... Denok gara kontziente sufrimendu hori egongo dela, txapelketak hori ere badakarrela, eta agian aurreko hilabetetako lana da sufrimendu hori gozatzeko tresnak topatzea. Aurten pozik nago topatu ditudan lagunekin, moduekin eta espazioekin. Gero eta hobeto daramat sufrimendu hori.