Entrevue
MERTXE UZIN ETA MIKEL MENDIZABAL
Andereño zipitriaren ikasleak 50eko hamarkadan

«Gure lehenengo hizkuntza alfabetatua izan zen euskara, eta horrek guztiarekin hautsi zuen»

(Andoni CANELLADA I FOKU | Andoni CANELLADA I FOKU)

Elbira Justa Zipitriak 1922an hasi zituen irakasle izateko ikasketak, eta bere lehen ikastola errepublika garaian sortu bazuen ere, antza denez Donostiako Alde Zaharreko Ikatz kalean, gerrak dena eten zuen eta hanka egin zuen Sarara. Bueltan, 1942an, jarri zuen martxan gerora hain ezaguna egin den ikastola klandestinoa, bere bizitokian. Hogei urte baino gehiago ibili zen Fermin Calbeton kalean.

Urrats horren aurretik, ordea, bera joaten zen besteen etxeetara. Erdialdeko Prim kalean hasi zen, arriolatarren etxean. Bertakoa zen Patxi semea, eta harekin batera joaten zen Xabier Garaialde mutikoa. Haiek izan ziren bere aurreneko bi ikasleak. Ahoz ahoz zabaltzen joan eta etxe hartara Elbirarekin egoteko eskabideak ailegatzen hasi ziren; han leku nahikorik ez zegoenez, Joxe Miguel Zumalaberen etxera joaten hasi zen, goenagatarren etxera alegia. Umeak gehitzen eta gehitzen joan ziren eta bi urteren buruan bere etxebizitza propioan ezarri zuen Zipitriak ikastola.

Handik pasatu ziren urte gutxiren aldearekin Mertxe Uzin (Donostia, 1947) eta Mikel Mendizabal Cristobal (Donostia, 1952). Biak Alde Zaharrean jaiotakoak, lau urte eman zituzten Elbirarekin. Aurretik, hala ere, beste andereño aitzindari batzuekin ibili ziren, Zipitriak bezala ezkutuan eta euskaraz irakatsi zutenekin. Uzin Itziar Arzelusekin egon zen. Haren ahizpa Amale Arzelus ere andereñoa zen eta San Jeronimo kalean aritu ziren bi ahizpak. Mendizabalek, aldiz, Faustina Carril izan zuen maistra, Gazteluperen gainean. «Eskolaurre moduko bat» izan zen etapa hura, eta ondo oroitzen dute. «Faustinarekin nenbilenean hiru urte nituen, baina garden gogoratzen ditut guri mukiak kentzeko erabiltzen zuen Elefante papera, bai zakarra!». Zezen beltz batez ere oroitzen da. «Figuratxo bat zen, eta haren aurrean jarrita kantatzen genion: ‘Zezen suzkoa, Donostiakua, izan zaitez zorionekua…’», dio.

Zipitriaren izaeraz galdetuta, zorroztasuna da azaleratzen den lehen ezaugarria, eta buruan kankarrekoren bat edo beste ere ematen ei zuela aitortzen dute. Hala ere, irudimenerako zuen ahalmena ere aipatzen dute, gogortasun horren kontrapuntu bezala. «Elbira gai zen oso gutxirekin asko irakasteko. Medioak oso urriak ziren, liburu bakarra genuen, eta dena koadernoetan egiten genuen. Irudimena baliatuz, nola irakatsi eta transmititzen zuen!», goraipatu du Mikelek. Oroitzen da nola ostegunero Gaztelura igo eta bueltarako bidea hartzen zutenean Apaizen Pasealekutik, kaira heltzen zirenean bere bi eskuekin argazki kamera bat irudikatu eta argazkia egiten zien ikasleei, egunaren oroitzapen gisa. Eta denak gai ziren han argazki kamera bat ikusteko. «Hori ere bazen Elbira».

Etxean umeak kabitzeko altzariak eta aulkiak bazterrera eramaten zituen, eta denak esertzen ziren borobilean, lurrean lan egiteko. Materiala oso sinplea zen. Idazten ikasteko txotxekin hasten ziren, eta letra larriz idazten zituzten zoruaren gainean lehen hitzak. Txotxak ematen zuen neurria. «Ama», «aita», «etxea»… Erdia gorri eta erdia urdin zen arkatza eta arkatz arruntak ere erabiltzen zituzten, eta grafia ondo lantzeko boligrafoaz idazten zuten txandaka aulkian eseriz, mahai gainean koadernoan idazteko. «Begira zer zuzen idazten genuen», dio Uzinek, garai hartako koadernoko idazketak erakusten dituela. Ondo gordeta dituzte, eta bai ariketek bai marrazkiek ondo eutsi diote denboraren joan-etorriari. «A zer oroitzapenak…», diote emozioz.

Ariketa eta idazketa batzuen gainean Elbiraren zuzenketak daude, letra handiz eta gorriz noski, ondo ikus zedin. «Ironia handia zuen, eta ez zen mozten gauzak pentsatzen zituen bezala esateko. Filtrorik ez zuen. Geografia lantzen ari ginen egun batean, bota genuen halako astakeria bat, eta halaxe esan zigun: ‘Ikasle oso argiak ditugu, mundu berri bat asmatu dute’». Eztabaidarako tartea sustatzen zuela gogoratzen dute, nahiz irribarrez erantsi: «Beti berak irabazten zuen».

Umeengan ere «begirada kritikoa» elikatzeaz arduratzen zela aipatu du Mendizabalek. Beldur falta hura umeei transmititzen saiatzen zen. «Oso ausarta zen, eta ez zuen lotsarik inon ezer aipatzeko, ezta jendearen aurka agertzeko ere. Gu ere halakoak izatea nahi zuen, eta horretarako prestatzen gintuen», kontatu du Mendizabalek. Dantza egiteak lotsatzen bazuen norbait, besteen aurrean dantzan jartzen zuen, abesteak lotsatzen bazuen, abestera. «Ni oso lotsatia nintzen, eta gogor egin behar zitzaidala uste zuen, erronka zailenak jarri zizkidan. Negar asko ere egin nuen berekin», aitortu du.

Berea da «hamarrekoen sistema» ere. Batekoak, hamarrekoak, ehunekoak eta milakoak irakasteko kanikak eta egurrezko kutxatilak erabiltzen zituen. Metodoa erabat propioa eta aitzindaria zen. «Pottokak ziren buztinezko kanika batzuk, kristalezkoak garai hartan garestiegiak zirelako», gogoratzen du Mendizabalek. «Pottokak sailkatzeko egurrezko kutxatilak arotza zen ikasle baten aitak egin zizkion enkarguz. Eta halaxe ikasi genuen». Kanta propioa ere bazuen ariketak: “Dendan andre Joxepa, trukatzen kanikak eta, hamarreko polit bat, haren truk eman badeza. Tralara tralarararara, tralara tralaralala…”».

Elbirak ehun abestitik gora zekizkien, eta denak banan-banan kantatu eta irakatsi zizkien ikasle guztiei. Egun helduak diren haur haiengan marka itzela utzi du horrek, denek, Elbirarekin praktikak egin zituzten andereñoek barne, oroitzen baitute gauza bera. Ahalegin handia egin zuela diote abesti bilduma zabala jaso eta transmititzeko. Batzuk egokitu eta euskaratu egin zituen, berak sinisten zuelako kantuak tresna baliagarriak zirela hezkuntzan. Duela gutxi, Mendizabalek kontatu duenez, Elbiraren ikasle ohiak bazkaltzeko gelditu ziren. «Jatetxe bila aritu ginenean argi utzi nahi genuen gurea bazkaria bakarrik ez, kantatzeko saioa ere bazela eta, beraz, zalaparta sortuko genuela jantokian. Mahaiaren bueltan argi gelditu zen Stockholmeko sindromea (barreak). Ikaragarri ondo pasatu genuen Elbirari esker, berari esker elkartu ginen, eta abestu genituen 60 abestitik gora. Hori da utzi digun ondarea». Eta hemen, kontaketaren puntu honetan, Mendizabalek eman du gakoa: Elbira fenomeno bat izan zela, fenomeno soziala, kulturala.

Euskaraz pentsatu eta amestu

Euskara erabat debekatuta zegoen hartan, Donostian hitzik entzuten ez zela oroitzen dute. Ezkutuan egiten zen, egiten bazen. Askok, Kontxita Beitiak bezala, hizkuntza ere galdu zuten. «Nire amak nagusitan ikasi zuen euskaraz Elbirarekin, gau eskoletan, eta gero Bretxan, konfiantzazko baserritar baten alboan eseri eta harekin praktikatzen zuen erdi ezkutuan. Hura zen egoera», kontatu du Mendizabalek.

Horregatik, balio berezia ematen dio euskaraz alfabetatu izanari. «Euskaraz ikasi dut idazten eta irakurtzen Elbirarekin, nire lehen hizkuntza alfabetatua izan da, eta horrek hausten du aurreko guztiarekin. Mugarri bat da erabat euskaraz pentsatzen genuelako». «Eta euskaraz amestu!», gehitu du Uzinek. Ez dute aipatu gabe utzi nahi euskara irakasteko nor-nori-nork sistema asmatu eta baliatu zuela.

Euskara orduan landa eremuko gauza zen, gogoratzen du Mertxek. «Baserritarrena, alegia, ezjakinena, eta estigma handia zegoen. Lotsa sentiarazten ziguten. ‘Esa es una casera’ esaten zen baten bat euskaraz aditzen bazen. Bizkorra oso, Elbirak gure amei eskatzen zien gu ondo jantzita eramateko. Demostratzeko modu bat zen, hizkuntzari estatusa emateko». Gutxitan bazen ere, Alde Zaharreko haurrak Alderdi Ederreko parkera joaten zirela oroitzen dute, eta han, beste jende klase baten artean, ‘kategoria’ ere bazegoela erakusten zuten. Bulebarretik barrura Alde Zaharra zen; handik kanpora Donostia. Hondartzan ere eremuak zeuden. Parte Zaharrekoak lehenengo arrapalatik Nautiko aldera jartzen ziren. «Perla eta toldoak beste mundu bat ziren guretzat».

Edonola ere, Donostiako burgesiak ere Elbiraren eta oro har ikastola klandestinoen biziraupenean zerikusia izan zuela aipatu dute. «Hori horrela izan zen eta hala aitortzea zilegia da. Donostian ikastetxe asko zeuden, eta hala ere, debekatuta zegoen eta euskaraz arnasten zuen ikastola batera eraman zuten zenbaitek ezkutuan alaba edo semea». Familia dirudun batzuek hartu zuten bide hori, Egia Kareaga sendiak kasu. Haien semeak, Miguel Marik, Down sindromea zuen, eta Elbirak egin zituen harekin irakasle lanak. Tarteka, beste ikasleekin elkartzen zuen. «Oso hezigarria izan zen guretzat, bat gehiago zen gure artean, eta bera ulertzen eta errespetatzen irakatsi zigun», aipatu du Uzinek.

Egia Kareaga Donostiako familia dotore bat zen, goi klasekoa, eta ekonomikoki asko lagundu zuen Zipitria, besteak beste, behar zuen arropa erosiz. Dena kalitate handikoa, normalean Baionan erosten zizkioten gona plisatua, lurrean umeekin lasai eseri eta ez zimurtzeko, kapusaia eta «zapata zoragarri batzuk». Bazituen bi koloretakoak ziren batzuk. Dauden argazki bakanetan ere ikusten zaio Elbirari gonaz eta jakaz osatutako jantzi batekin, oilar-hanka estanpatuarekin. Antza, Balenciaga etxean jostuna zuen lagun bat, eta Andia kaleko El Telar dendan ohialak erosita, bere aholkuei segituz, josi zion neurrira.

Burgesiaren parte ziren gurasoak ez ezik, batez ere burgesia ez ziren hainbat eta hainbat gurasok egin zuten klandestinitatearen hautua, eta asumitu zituzten arriskuak haientzat preziatuena zena jomugan jarriz: seme-alabak. Horrek ekarri gaituela honaino uste dute. «Haiei esker gaude hemen. Antiguatik, Amaratik, Grosetik, Erdialdetik… auzo mordotatik etortzen ziren egunero-egunero, eta ama batzuek seme-alaba bat baino gehiago bazituzten, eguna joan-etorrietan pasatzen zuten, bi orduko klaseak baino ez zirelako. Elbiraren meritua da, baina guraso haiena ere bai».

Gerora, Elbira gaixotu zenean, guraso haiek lagundu eta zaindu zuten bere azken etapan. Emandakoa jaso zuen, metafora ederrena irudikatuz.