Asier AIESTARAN

Olentzero eta Mari Domingi maiteak:

Azkenean iritsi da eguna -edo gaua, hobeto esan-, eta hementxe duzue nire gutuna. Xumea, baina mimoz idatzia. Trasteak lehen ere nahikoa baditudanez, beste bide batetik noa. Goazen:

Lehenik eta behin, zaintzaileak zaintzeko eskatu nahi nizueke. «Zer moduz zaude?» galdera entzuten ez duten horiei besarkada baten berotasuna eskaintzea nolabait. Ziur zuen eskarmentuarekin badakizuela nola egin.

Bigarrenik, une txarrak pasatzen ari diren guztiei irribarre bat ateratzea nahi nuke. Erietxean daudenei, presoei, haien senideei, etorkizuna beltz ikusten duten gazteei, oraina beltz ikusten duten zaharrei, edozein motatako prekaritatea bizi dutenei... (Irribarre baten ordez bi ere izan daitezke ahal baduzue, baina nahiago dut neurrian eskatu gehiegi eskatzeagatik ezer gabe geratu baino).

Abiada hartu dudanez, gizartean gizatasun apur bat zabaltzea ere eskertuko nizueke. Beste mundukorik ez: gure arteko tratuan, migranteekiko jarreran, agintari desberdinen jardunean...

Eta azkenik, niretzako gauzatxo bat ere bai: adore pittin bat. Esaten eta egiten ausartzen ez naizen gauza horiek esan eta egiteko. Batez ere, asko estimatzen ditudan pertsonek asko estimatzen ditudala jakitea nahiko nuke. Gertukoek, noski, baina ez hain gertukoek ere bai. Agian zuek helarazi zenezakete mezua, baina uste dut balio gehiago duela nik neuk esaten badiet.

Horiek aurtengoak, ez nuke pasatu nahi. Eta eskatutako zerbait ez badaukazue txokolate ontza pare bat ere beti eskertzen dira. Mila esker! •