Gilen TXINTXURRETA BEITIA
Arkitektoa - @GilenTxintxu
3 BEGIRADA:

DisUtopia

Spike Jonze zuzendariaren «HER» filmeko fotograma bat.
Spike Jonze zuzendariaren «HER» filmeko fotograma bat.

Irakurketa dialektikoak, testu ezberdinen arteko konparazio edo solasak, konplexutasun geruza berriak eskaintzen dizkio irakurleari, ñabardura eta kontraesanak azaleratuz. Joko honek aberastu egiten du irakurketa eta gogoeta. Spike Jonzeren “HER” pelikula (2013) eta Mike Davisen “City of Quartz” (1990) liburuaren artean aurkitu dut nik gogoetarako aitzakia, bien atzeko planoan hiri bat ageri baita: Los Angeles, kapitalismo garatuaren hiri paradigmatikoa, metropoli estatubatuar originala.

“City of Quartz”-en, Los Angelesen sorkuntza eta garapena deskribatzen dira, Hollywood dirdiratsuari esker ezaguna den hiri honen zoko ilunak, istorio ezezagunak eta ageriko zein ezkutuko aktoreak errepasatuz. Estatu Batuen ekialdeko hiriak erdi europarrak direla esan dezakegu, zaharragoak dira eta gure kontinenteko ideiak erreproduzituz sortu ziren gehienak. Kalifornia eta mendebaldea ostera, AEBen bateratze ondorengo hedapenaren fruitu dira nagusiki, eta hortaz, produktu berariaz estatubatuarra dela esan dezakegu.

Munduko hiri gehienak posizio estrategikoari, merkataritzari edo lehengai baten aurkikuntzari esker sortzen dira; bada, Los Angeles espekulazio puruaren ondorioa da, eta bere lehengai baliotsuena, lurra bera da. XX. mende bukaeran, Estatu Batuen barnealdean aberastutako nekazari, abeltzain, abokatu eta gainontzeko ehunka mila dirudun txikiri Kalifornia kostaldeko klimaz eta paisaiaz gozatzeko aukera ireki zitzaien Los Angelesen, eta ehun urte geroago, 17 milioi inguru biztanle eta alderik alde 120 kilometro baino gehiago dituen hiria bilakatu da.

Hiriak, azken hamarkadetan, mexikar etorkinek eragindako latinizazio prozesu batekin batera, globalizazioaren eta neoliberalismo bortitzaren lehenengo urteetan, orientalismo prozesu bat ere jasan zuen. 90eko hamarkadaz geroztik, Japoniarrak lehenik eta txinatarrak geroago, etxe orratzak goxokiak bailiran erosten hasi ziren, eta Los Angelesen patua itsasoz bestalde erabakitzen hasi zen. Bertako oligarkia lur-jabeak asiar inbertsio funtsek ordezkatu zituzten. Kapitalismoaren aro berri batean sartua zen eta, hiri kontinental bat zena, hiri global bihurtzen hasia zen, Ozeano Bareko alde bietako kulturen elkargune.

Konkretuki, “HER” pelikulak Los Angeles eta Shanghai nahasten dituen hiri batean girotzen du bere etorkizun distopikoa. Teknologiaz beteriko aro berri honetan, behar materialak aseta egonik, behar emozionalen asetzean oinarritzen da ekonomia: jokoak, dokumentalak, eskutitzak... Pelikularen funtsa bere mugikorreko adimen artifizialaz maitemintzen den gizon bakarti baten istorioa dela jakinda, ez dirudi guztiz futurista denik.

Baina distopia hau Blade Runner estiloko etorkizun ilun eta bortitzetatik ezin da urrunago egon. Pelikularen estetika izugarri zainduak, kolore epelek eta material suabeek, erosotasun sentsazioa transmititzen dute denbora guztian, IKEAk mundua konkistatu duela dirudi. Fikziozko Los Angeles honetan, hiri amerikar amaiezinari txinatar hirien dentsitate erraldoia, garraio publiko sare eraginkorrak eta espazio publiko monumentalak gehituta, nahaste interesgarri bat lortzen da: hiri garbi eta isil bat, jendetsua, baina erosoa, eraginkorra, artez betea: itxuraz perfektua. Estatubatuar estetika eta bizimodu pop-ak asiar estatu autoritarioen baliabide agorrezinekin uztartuta, gatazkarik gabeko etorkizun bat ernaldu dutela dirudi.

Rem Koolhaas arkitekto holandarrak Generic City (1995) liburuan aurreikusi zuen horrelako hirien aro berria. Globalizazioaren garaipenaren ondorioa izango ziren, eta aireportu batekin konparatu zituen: batetik bestera doan populazio aldakor batek habitatuak, multikulturalak, hiper-lokal eta hiper-globalak aldi berean, egokiak, garbiak, funtzionalak, baina baita ordezkagarriak ere, erabili eta botatzekoak, inpertsonalak, bakartiak... Generikoak.

Gatazkak desagertuta eta guztiok kontsumismo “jasangarri” ez politizatu batean murgilduta, konpromiso eta komunitate beharrak desagertu direnean, ez da harritzekoa lagunik onena, bikote fidelena, maitale sutsuena norberaren mugikorra izatea. Horren urrun al gaude? •