Xabier Mikel ERREKONDO

JELtzaleak larrugorritan

Larrugorritan geratu da Jaurlaritza Bilboko, Gasteizko eta Donostiako elizbarrutiekin Osakidetzak sinatutako hitzarmenak publiko egin behar izan dituenean. Jaurlaritzaren Osasun Sailak osasun zentro publikoetako erabiltzaileek erlijio katolikoaren arreta integrala izan dezaten konpromisoa hartu zuenetik joan dira ia 40 urte. 2023an, 581.616,85€, eta azken sei urteetan 3,5 milioi! Pentsa zenbat milioi ote diren, hitzartu zuten lehen urtea izan zen 1987 hartatik.

Pentsatzekoa da hitzarmenetan zioak jasoko direla, adibidez erabiltzaileak hobeto sentitzen direla oheburuan Jesus gurutziltzatua eskegita edo apaiza alboan dutela, errezo artean. Izan ere, zer sendagarriagorik alboan sotana beltza eta lepoko zuria eta naftalina “txutea” baino…

Buru osasunak ez du gorputzarenak baino gutxiago merezi, ez, baina gauza bat da beharrezko zaintzak eskaintzea eta beste bat gaixoen borondatezkoa baino ez den orientazio erlijioso katolikoaren espiritua zaintzea.

Batzuek pentsatuko dute ongi dagoela, zergatik ez; beste batzuek katolikoei zerbitzu erlijiosoa ematen bazaie beste edozein sinesmen duenari ere eman beharko litzaiokeela; bizkorrenek, erlijiozkoak aparte beste kapritxo batzuk ere eman beharko lituzketela ospitaleek, alegia, denak ala inork ez; eta gehienok pentsatu nahi dut, inork ezetz, ez behintzat diru publikotik.

Nolanahi ere, ia 40 urtez “Elizbarrutien GKE”-ri eman milioika euroek gobernukideak larrugorritan ipini arren, ez bide dituzte masailgorritu, kontzientziak nola aurpegia arin zuritzen zaizkie “obra” sozialaren izenean… Ala besterik gabe, JELtzaleen “sinpatiazko” politika ote?

P.d.: Eskari bikoitza, bideratu dirutza hori ospitaleetan janaria jangarria eta usaina arnasgarria izan daitezen. •