Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
ZAINTZA KOOPERATIBAK

Hernaniko Maitelan, zaintza behar duena eta zaintzailea ikusteko gaitasuna duen sarea

Elisa Peredo Quiroz eta Onix Karla Cerda Gonzalez Maitelan zaintza kooperatibako bazkideak eta langileak dira. 2019an eman zituzten kooperatiba sortzeko lehen urratsak. Emakumeak, migratzaileak eta zaintzako langileak diren neurrian, bidea ez da samurra izan. Trabak askotarikoak izan dira eta bidea, transformatzailea.

Ezker-eskuin, Elisa Peredo Quiroz eta Onix Karla Cerda Gonzalez, Maitelan kooperatibako bazkideak eta langileak.
Ezker-eskuin, Elisa Peredo Quiroz eta Onix Karla Cerda Gonzalez, Maitelan kooperatibako bazkideak eta langileak. (Jon URBE | FOKU)

Elisa Peredo Boliviatik Euskal Herrira etorri zen 2006. urtean. Hasieran, Donostiara, eta geroxeago, Hernanira. «Migratzaileak hona iristen garenean daukagun lan aukera bakarra etxeko zaintzan aritzea da, askotan barneko langile bezala, gainera. Nik seme-alabekin migratu nuen eta ez nintzen barne langile bezala hasi, baina aritu izan naiz asteburuetan etxeetan barne langile. Hala ere, beti saiatu izan naiz nire etxean seme-alabekin egoten eta orduka lan egiten. Askotariko ikastaroak egin ditut; gozogintza, sukaldaritza... tartean osasun arazo bat izan nuen bizkarrean eta ebakuntza bat egin zidaten. Esan zidaten ezingo nuela adin nagusiko pertsonak zaintzen lan egin, nire bizkarra ez zegoela ondo. Errehabilitazioa egin behar izan nuen denbora luzean. Zerbitzari bezala eta kutxazain bezala ere aritu nintzen lanean, baina lan horietan asko sufritzen nuen bizkarretik. Berriz bueltatu nintzen zaintzara. Gutako gehienek zaintzan egiten dugu lan, eta askok barne langile bezala. Migratzen duzunean aukera onena hori da, barneko langile bezala sartzea etxe batean, ekonomikoki aukera onena da. Eta migratzen duzunean normalean zor bat daukazu ordaintzeko. Nik, adibidez, nire jaioterrian daukadan etxea hipotekatu behar izan nuen migratu ahal izateko. Hartara, hona iristean daukazun lehen helburua zor hori kitatzea da. Ez diozu inola lan bati ezezkoa ematen eta dena ongietorria da, baldintzak eskasak izan arren».

Onix Karla Cerda 2009an etorri zen Nikaraguatik Euskal Herrira. «Nire herrian beste lanbide bat neukan, baina hona etorri nintzenetik garbi izan dut zaintzaren arloan bakarrik lan egin ahal izango dudala. Alabak etxean utzita, lan egin izan dut barneko langile bezala. Ez neukan beste aukerarik, alabei jaten eman behar nien. Barneko langile bezala irabazten duzun diruak ezin du ordaindu lan mota horrek uzten duen arrasto psikologikoa. Oso egoera gogorra da. Egunean 24 ordu ematen dituzu lanean. Bi orduz atera zaitezke, baina zer egin dezakezu bi ordutan? Zure etxea beste herri batean baldin badago, garraio publikoa hartuta joan eta etorri egiteko denborarik ere ez du ematen askotan. Esklabotza modu bat da. Beste pertsona batzuk zaintzen ari zara eta ezin dituzu zure etxekoak zaindu».

Barneko langileak okerren

Peredok eta Cerdak garbi daukate barneko langile bezala ari diren emakume migratzaileena dela egoeretan txarrena. «Barneko langileak 22 ordu ematen ditu mendekotasuna duen pertsona bat zaintzen. Askotan etxebizitzak ez daude egokituta eta ez da erraza moldatzea. Eta zerbitzua kontratatzen duenak berehala igartzen duenez sekulako behar ekonomikoa daukazula, maiz horrekin jolasten du, gutxiago ordainduz adibidez. Askotan, adin nagusiko pertsona zaintzera joaten zara eta egunero haren seme-alabentzat jatekoa egiten amaitzen duzu. Jende asko zaintzen duzu soldata oso eskas baten truke. Askotan, adin nagusiko pertsona medikuarenera zaintzaileak eramaten du, pentsa. Eta medikuaren azalpenak entzun eta gero seme-alabei helarazi behar dizkie. Ardura handikoa da hori», kontatu du Peredok.

Emakumeak dira eta, gehienetan, migratzaileak. Horrek ere badu bere zama. «Fisikoki oso lan zaila da. Barneko langile gehienek osasuna galtzen dute, asko argaltzen dira, lo gaizki egiten dute... batzuetan zaintzen duzun pertsonarekin lo egin behar duzu, gela berean. Ez daukazu intimitaterik. Jateko ohiturak ere desberdinak dira, gure kultura desberdina delako. Etxe askotan ez dute hori onartzen, langileak etxekoen gauza bera jan behar duela uste dute. Eta langileari gustatzen zaio bere herrialdeko zerbait jatea, horrek gozotasuna ematen du. Jateko modu desberdinak eta kantitate desberdinak dira, eta hori ez da ulertzen. Kulturalki ere talka ematen da, eta normalean etengabe helarazten zaigun mezua da ez dugula ezer balio, nahikoa egiten dutela guri lan bat ematen, tuntunak garela», jarraitu du Cerdak.

«Batzuetan komunera gehiegi joaten zarela iruditzen zaie, edo ur gehiegi gastatzen duzula dutxatzeko orduan... Adibidez, Erdialdeko Amerikatik datozen emakumeek egunero bainua hartzeko ohitura daukate. Beren herrian bero handia egiten du eta horregatik dute ohitura hori. Bada, hori oso gaizki ikusten da zenbait etxetan. Barneko langilea zarenean, badirudi zure bizitza albo batera utzi behar duzula, zure ohiturak, gustuak... zure nortasuna alde batera utzi behar duzu eta beste pertsona bat izan, kontratatu zaituenaren gustukoa. Eta hori eguneko 22 orduetan. Ez dago zure lana eta zure bizitza bereizten dituen marrarik. Familiek gehiago zaindu beharko lituzkete langileak, arnasa eman. Langilea ondo badago, hobeto egingo du bere lana, hobeto zainduko du», berriz Peredok.

Onix Karla Cerda Gonzalez. (Jon URBE / FOKU)

Etxe barneko langilea izan gabe, orduka lan egiten duen zaintzailearen egoera ere ez da ona. Adinekoen zaintza ez da izaten kudeatzeko egoera samurra. Batetik, familia asko hankaz gora jartzen ditu eta, bestetik, adin nagusiko pertsonaren gainbehera fisiko eta psikikoko testuinguruan gertatzen da normalean. «Mendekotasuna duen pertsonaren gainbehera gertatzen denean, ez da erraza izaten. Askotan, bere ezina zaintzen duenaren aurka jaurtitzen du; oihuak, gaizki egiten ari zarela esatea, gehiegi edo gutxiegi laguntzen diozula leporatzea... frustrazio uneak dira eta zaintzailea dago hor parean. Batzuetan bastoiarekin eman nahi dizute. Baina guk formakuntza jaso dugu, egoera horiek kudeatzeko tresnak eskuratu ditugu eta gero eta hobeto moldatzen gara. Profesionalak gara eta gure lana modu profesionalean egin nahi dugu. Baina, hala ere, gure lanari baliorik ez zaio ematen, gutxietsiak izaten jarraitzen dugu», kontatu du Peredok.

Zaintzako enpresa pribatuetan aritu izan dira lanean Onix Karla Cerda eta Elisa Peredo. Ondo ezagutzen dute egoera. «Enpresa pribatu horietan, langileari ordua 5-6 euro ordaintzen zaio. Eta enpresak familiei 16-17 euro kobratzen die ordua. Ni aritu nintzenean horrela zen. Eta mendekotasuna duen pertsonaren beharrak handitu egiten dira egunez egun. Askotan ordu eta erdi daukazu pertsona altxatzeko, garbitzeko, janzteko eta janaria prestatzeko. Eta gero korrika joan behar duzu beste etxe batera, beste ordu eta erdi baterako, akaso. Gerta daiteke berandutzea, autobusa galtzea, zain zegoena haserretzea eta errieta egitea... azkenean zure lan eguna luzatu egiten da», azaldu du Peredok.

Zerbait egiteko beharra

Egoera eta testuinguru horretan sortu zen Maitelan. Hernaniko Amher Kultura Anitzeko Elkartea ezinbestekoa izan da kooperatiba sortzeko bidean. «Amherren, emakume talde bat elkartzen ginen 2012-2013 urteaz geroztik. Gure penak kontatzen genizkion elkarri eta konturatzen ginen denek antzeko egoerak bizi genituela. Hortik hasi ginen pentsatzen ea zer egin genezakeen egoera aldatzeko. Garbiketa enpresa bat, jatekoa prestatzeko enpresa bat... zerbait martxan jartzeko ideiarekin bueltaka ari ginen. Beterri-Buruntzako teknikariekin harremanetan jarri ginen eta 2018 urte inguruan hasi ginen zaintza kooperatibaren proiektua mamitzen», gogoratu da Peredo.

Cerda 2017an hasi zen Amherrera hurbiltzen, hor topatu zuen magala eta babesa. «Oso garrantzitsuak dira horrelako topaguneak guretzat. Hor hasi ginen ideia garatzen eta egin zitekeela sinisten. Emakume migratzaileentzat zaintzaren inguruko lan kooperatibaren ideiari buruzkoak entzuten genituen, eta horrek itxaropena ematen zigun. Euskal Herrira iritsi nintzenetik zaintzaren sektorean nenbilen lanean eta ideia horiek entzutean pentsatzen nuen akaso bazegoela irtenbide desberdin bat, akaso gure bizitza hobea izan zitekeela. Nik une horretan ez neukan paperik, nire egoera ez zegoen erregulatuta. Kooperatibaren ideia horretan nire egoera erregularizatzeko aukera bat ikusten nuen, eta hori oso garrantzitsua zen niretzat».

Elisa Peredo Quiroz (Jon URBE / FOKU)

Bidea ez da erraza izan, trabak ugari izan dira eta bidean geratu dira emakume asko. «Hasierako deialdian, 2019ko apirilean, 25 pertsona baino gehiago agertu ginen. Larunbatetan jarri genuen hitzordua; formakuntzak, tailerrak, diru kontuak, gatazken kudeaketa, taldeen kohesioa... gauza asko ikasi beharra zegoen. Larunbatero arratsaldeko lauetatik zortzietara biltzen ginen; batzuek lana utzi behar zuten, etxeko zereginak... ez zen erraza. Larunbatero bildu ginen urtebetez, kooperatiba sortu baino lehen», azaldu dute.

Hasieratik garbi ikusi zuten inplikazioa eta konpromisoa ezinbestekoak zirela, bidea ez zela erraza izango eta indarra behar zela bide hori ibiltzeko. «Araua jarri genuen; hiru alditan baino gehiagotan huts egiten zuenak, ezin zuen parte hartu. Azkenean zazpi emakume geratu ginen, horietatik hiru, egoera irregularrean. Eta kooperatiba sortzeko ezinbesteko baldintza da dokumentuak izatea. Horrela hasi ginen», gogoratu da Cerda. Zazpi langile horiek lanean jarraitu zuten, prestakuntza soziosanitarioa jaso zuten eta bestelako trebakuntzetan hasi ziren.

2020ko otsailean sortu zuten Maitelan kooperatiba. Lehenengo martxa sartu zutenean, pandemia etorri zen eta dena hankaz gora jarri zuen. «2020ko martxoan online bilera bat egin genuen. ‘Zer egingo dugu? Aurrera. Salto egingo dugu sarerik gabe’, erabaki genuen».

Aholkularitza eta babesa

Bidea langileek egin dute, baina izan dute bultzada inguruan. Hasieratik Beterri-Buruntza Mankomunitateko teknikarien aholkularitza eta laguntza izan dute, eta egun, Hernaniko Iturola eraikin publikoan daukate biltegia.

Langile bazkideak, bazkide kolaboratzaileak eta erabiltzaile bazkideak dira kooperatibaren zutabeak. Batzuek kapitala jarri dute kooperatiba sortzeko eta beste batzuek trebakuntzan lagundu diete. Buruko min handienak kudeaketa administratiboak, dirulaguntzen aferak eta diru kontuek ematen dizkiete. Pixkanaka, ikasten ari dira. Beren erronka hori baita, ikastea. «Guk gure kabuz moldatu nahi dugu. Egiten ez dakiguna ikasi eta guk egin nahi dugu. Horretan ari gara», esan du Cerdak.

Bide horretan, Peredok kooperatiba baten barne funtzionamendua ikasi du eta ikasten jarraitzen du egunero. «Kooperatibak elkar laguntzeko eta babesteko tresna bat izan nahi du. Bidea ez da samurra eta une oro azaltzen dira trabak. Askotan pentsatu dugu amore ematea, baina pixkanaka aurrera egiten ari gara».

Lana profesionalizatu nahi dute, duintasuna eman, kostatzen dena ordaintzen dela ziurtatu. «Gure kooperatibak prezio duina eta justua jartzen du. Orokorrean sisteman dagoenarekin alderatuta, garestiagoa da. Beharrezkoa da jendartearen begirada ere aldatzea. Etxekoa ondo zainduta egoteko, langilea duin tratatu behar da, zaintzaren lanari duintasuna eman behar zaio», esan du Peredok.

Duela aste batzuk Hernanin izan zen zaintza kooperatiben bueltako jardunaldia. (Jon URBE / FOKU)

Cerdak hartu du hitza. «Kooperatibari izena jartzeko orduan adostasuna izan genuen; Maitelan. Maitasunez lan egitea. Guretzako oso garrantzitsua zen kooperatibaren izenean bertan gure balioen berri ematea. Guk, pertsonak zaindua izan nahi duen modu horretan zaindu nahi dugu. Ez nik nire burua zainduko nukeen bezala, zuk zaindua izan nahi duzun bezala baizik».

«Guk izandako esperientzietan ikusi dugu batzuetan langilea oso-oso erreta dagoela eta horrek eragina duela bere lan egiteko moduan. Maitasunarekin lan egiteko garrantzitsua da langilea ondo egotea eta bere baldintzak duinak izatea. Batzuetan esaten digute ez dela beharrezkoa zaintzen duguna maitatzea, gure lana besterik ez dela. Bai, baina zaintza lanak elkarrekiko errespetu bat eskatzen du, hurbiltasun bat eta kariñoa egotea normala da. Pertsona batekin ari zara lanean, ez mahai batekin. Mahai batekin lanean ari naizenean, garbia geratzea beste helbururik ez dut. Pertsonekin desberdina da», jarraitu du.

Duintasunez egiten denean, zaintza ederra izan daiteke. «Batzuetan konexio ederra sortzen da, beste batzuetan gutxiago. Baina konexio hori sortzen denean, gauza ederra da. Duela gutxi bazkide bat bilera batera justu iritsi zen, presaka. Berak zaintzen duen pertsonak telefonoz deitu zion, “ondo iritsi al zara bilerara?”. Gauza horiek oso ederrak dira, elkar zaintza bat dago, elkarrekiko ardura bat. Zaintzailea motibazio berezi batekin joaten da lanera eta bera ere zaindua sentitzen da etxe horretan. Hori da gure helburua», nabarmendu du Peredok.

Kooperatibaren abantailak

Maitelan kooperatibak une honetan hamaika langile ditu; horietatik sei bazkideak dira eta beste bostak langileak bakarrik. Zaintzaren eremuan aritzen dira nagusiki eta garbiketa lanak ere egiten dituzte -etxeak, bulegoak, atariak-. Horrez gain, Hernaniko Udalaren Auzozaintza gizarte laguntzako programan parte hartzen dute.

Kooperatiban aritzeak onurak ekarri dizkie, nahiz eta bidea nekeza izan. «Lehen abantaila nagusia Gizarte Segurantzako erregimen orokorrean gaudela da, ez etxeko lanen erregimen berezian. Erregimen horretan joan den urtera arte langileek ez genuen langabezia kobratzeko eskubiderik. Ni gaixotu egin nintzen, bizkarreko arazoak izan nituen denbora luzean, eta lanik egin gabe eta kobratu gabe egon nintzen. Langile askori gertatzen zaio. Edo zaintzen duten pertsona hil eta lanik gabe geratu dira egun batetik bestera, eta langabeziarik gabe, langile asko eta asko. Beste abantaila bat da baldintza ekonomiko hobeak lortu ditugula, Estatuko zaintzaren lan hitzarmenaren gainetik ordaintzen dugu. Lan egonkortasuna lortu dugu eta baita bizitzako egonkortasuna ere. Kooperatiba txikia da eta familia txiki bat bezala sentitzen gara, elkar zaintzen dugu. Hori abantaila handia da».

Irudian, gizonezko bat egunkaria irakurtzen etxeko balkoian. Biztanleriaren zahartzearekin, zaintza beharrak asko ari dira areagotzen. (Jon URBE / FOKU)

Aurrera begira dituzten erronken artean euskarak parte handia dauka. «Euskara ikasten ari gara, pixkanaka. Badakigu garrantzitsua dela euskara jakitea. Desberdin zaintzen da norbere hizkuntzan eta ahalegin berezia egiten ari gara. Gure lanorduen %15 formakuntzara bideratzen dugu, tartean euskara ikastera. Astean hirutan bi orduz Euskaltegira joaten gara. Oso garrantzitsua da guretzat. Euskarak hurbiltasuna sortzen du. Zure hizkuntzan etxean sentitzen zara».

Borondate politikoa

Erakundeen laguntza oso garrantzitsua izan da Maitelan sortzeko bidean, bai Beterri-Buruntza Mankomunitatearena eta baita Hernaniko Udalarena ere. «Sekulako zortea izan dugu, babes handia sentitu dugu Mankomunitatearen eta Udalaren aldetik. Kooperatiba martxan jartzeko laguntza jaso dugu eta orain Auzozaintza programan parte hartzeko aukerak arnasa eman digu kooperatiba bezala, lana ziurtatu digu. Oso urte gogorrak pasa ditugu eta garrantzitsua izan da erakunde horien babesa», esan du Peredok.

Borondate politikoa ezinbestekoa da. «Konturatzen gara emakume migratzaileekiko mesfidantza handia dagoela orokorrean. Erakunde gutxik egiten dute emakume migratzaileek martxan jarritako proiektu baten aldeko apustua, ez da sinisten emakume horien gaitasunean, nahiz eta asko oso prestatuta egon. Badira unibertsitateko ikasketak egin dituzten emakumeak, kooperatiba bat martxan jartzeko gogoa eta gaitasuna badute, baina udaletxe batean beren proiektua aurkeztu eta barre egin diete. Horrelakoak askotan gertatzen dira emakume migratzaileekin. Guri askotan galdetzen digute ea nola lortu dugun Maitelan proiektua martxan jartzea. Gu jakitun gara erakundeen babesik gabe ezinezkoa izango zela», jarraitu du.

Erakundeei eta jendarteari begira lana egin beharra dago. «Borroka egin behar izan dugu kooperatiba bezala jendeak gugan konfiantza izan dezan. Une honetan 36 erabiltzaile ditugu, ez dira nahikoa, lan gehiago beharko genuke, baina bagoaz poliki-poliki. Halere, lanorduak falta zaizkigu, herritarrek gure zerbitzuak kontratatzea falta zaigu».

Uneotan Hernani Burujabe ekimenaren zaintzaren mahaian parte hartzen ari dira, herrigintzatik zaintza sare publiko eta komunitarioa josteko lanean.

Eta aurrera begirako erronkarik ez zaie falta: «Zerbitzu gehiago izan nahi ditugu, lanordu gehiago lortu, lanaldi osoak egiteko; gure eremua zabaldu nahi dugu inguruko herrietan, eskualdean; kudeaketa hobetu nahi dugu; euskara ikasi eta B2 titulua lortu nahi dugu lizitazio publikoetan parte hartu ahal izateko; formakuntzan sakondu; dirulaguntzak eskatzeko moduetan trebatu...», aipatu dituzte aurrera begirako etxeko-lanak. Aurrera begira dagoelako Maitelan kooperatiba.

 

Fini Rubioren dohaintzatik sortu da Auzozaintza, adineko herritarrak komunitatean integratzeko programa

Fini Rubio soziologoa, unibertsitateko irakaslea eta ezkerreko militante feminista 2016ko otsailean zendu zen. Antxon Ezeiza zinemagilearen alargunak agindu garbia utzi zuen hiltzen zenerako, bere ondasun ugariak lau herriren artean banatu nahi zituen; Andoain, Hernani, Errenteria eta Pasaia. Laurak dira langile herriak eta garai desberdinetan migrazioa jaso dutenak. Eta bere herentzia nora bideratu ere esan utzi zuen; bakardadean bizi diren adin nagusiko herritarrei zuzendutako egitasmoetara.

Hernanira ere iritsi zen, beraz, Fini Rubioren nahia, eta eskualdean egiten ari ziren gogoetarekin korapilatu zen. Xabier Lertxundi Asteasuinzarra Hernaniko alkateak azaldu dizkio GAUR8ri xehetasunak. «2020an eskualdean lanketa bat egin zen, zaintza beharrak eta langileen beharrak zeintzuk ziren ikusteko. Adinekoekin prebentzio programak ere egiten hasia zen Udala, dagoeneko bide bat abiatua zuen. Pandemian ere saio batzuk egin genituen, eta Fini Rubioren enkargua ere hor zegoen».

Testuinguru horretan hasi zen mamitzen egun martxan dagoen Auzozaintza ekimena. «Garbi genuen zerbait berezia egin behar genuela Fini Rubioren dohaintzarekin, ez zela izango martxan zegoen etxez etxeko zerbitzu bat indartzeko edo adreilu kontu baterako... beste izaera bat eman nahi genion. Zerbait berria eta berritzailea egin nahi genuen».

Asmo horrekin hasi ziren biltzen udal teknikariak, politikariak, sindikatuetako ordezkariak eta gai horretan adituak direnak. Saio horietan sortu zen adineko pertsonei begirako esku hartze programa baten ideia. «Bakardadean zeuden adineko pertsonei interbentzio profesional bat jartzeko ideia sortu zen. Adin txikikoekin egiten da, interbentzio familiarra existitzen da. Esku hartze puntual bat izaten da eta helburuak betetzen direnean, bukatu egiten da. Adinekoekin antzeko zerbait egitea pentsatu genuen. Sozializatzen lagundu, ohitura batzuk hartzen dituen bitartean lagundu, eta behin lortzen denean, bukatu. Ideia hor sortu zen eta ideia borobiltzen hasi ginen», azaldu du Lertxundik.

(AUTOZAINTZA)

Zabalduz eta Maitelan kooperatibekin elkarlanean sortu dute Auzozaintza izeneko programa. Batetik, detekzio lan bat egiten dute, bakardadean egon daitezkeen adineko herritarrak identifikatzen saiatuz. Eta bigarren salto batean herritar horiei komunitatean parte hartzen laguntzen die, sozializatzeko ohitura batzuk sortuz. «Askotan antolatzen ditugu ekimenak adineko pertsonentzat, baina ez badute inoiz beren kabuz parte hartu, orain ez dute parte hartuko. Askotan gertatzen da emakume alargunekin, adibidez. Bizitza osoa ingurukoen zaintzari eskaini diete eta bakarrik geratzen direnean, akaso ez dira gai kultur etxeko ikastaro batera gerturatzeko».

Auzozaintza programan, Maitelan kooperatibako langileak bidelagunak dira. «Adinekoei laguntzen diete auzoan eta herrian dauden ekimenetan parte hartzen, lehen pausoa ematen. Behin ikasi dutenean, bidelaguna desagertzen da eta herritar hori integratuta dago komunitatean».

Froga pilotua auzoetan egin dute, eta dagoeneko igarri dira ondorioak, oso baikorrak. «Elizatxo auzoan lehen ez zegoen ezer adinekoentzat eta orain hamar bat laguneko taldea osatu da. Hasieran dinamizatzailearekin hasi ziren elkartzen, eta orain, bakarrik, planak egiten dituzte. Senideek diote dagoeneko ez dituztela ikusi ere egiten etxean. Emaitzak ikusten hasi dira. Lehen kalean elkar agurtzen zutenek orain planak egiten dituzte elkarrekin», kontatu du alkateak.

Ahalduntze eta sozializazio prozesu indartsua ari da gertatzen Auzozaintzari esker. «Lotsak, konplexuak, autoestimu baxua, bakardadea... Horri aurre egin eta gizartearen aurrean azaltzea ez da erraza. Laguntza profesional batekin ahaldundu zaitezke; zuk ere lekua daukazu kalean eta zuk kalean egon behar duzu. Hori da zabaldu nahi dugun ideia. Parte hartzen ari diren pertsona horiengan ikusten dugu ahalduntze hori eta osasun egoeran hobekuntzak ikusten dira. Oraintxe Medikuntzako eta Erizaintzako Fakultatearekin ikerketa bat egiten ari gara horrelako esku hartze batek osasun biomedikoan zer ondorio dituen ikusteko. Baditugu ondorio batzuk, jendea alaiago ikusten da, batzuk arinago sumatzen dira... baina orain zientifikoki datuetan jasotzen ari dira horrelako aktibazio batek edo gizarteko parte hartzeak osasunean zein eragin dituen».

Lertxundik garbi dauka, «ona da parte hartzen duenarentzat, baina baita gizartearentzat ere, orokorrean. Herri ikuspegi batetik, onurak ditu. Kale biziak nahi ditugu, adin guztietako jendearekin. Denok kalean eroso eta gustura sentitzea da gizarte honek eduki behar duen erronketako bat. Programa hau horretara doa».

Eta Maitelaneko langileek parte hartzeak ere garrantzia dauka. «Emakume migratuak dira. Auzozaintzan dauden bitartean, egonkortasuna eta formakuntza lortzen dute, eta kasu askotan egoera erregularizatzeko aukera ere ematen die», iritzi dio Lertxundik.