Oier Gorosabel

Ez zaude atxilotuta, bajan baino

Aurreko baten txioa bota nuen sarean. Honela zioen gutxi gorabehera: «Bajan zaude, ez atxilotuta: irten kalera, egin kirol pixka bat, paseatu, joan hondartzara. Inork ezer esaten badizu, fisioterapeutak agindu dizula esan». Nire harridurarako, oihartzun itzela izan du mezu txiki horrek; badirudi jende askok bere burua erretratatuta ikusi duela. Hori ikusita, gai honetan pixka bat gehiago sakontzeak merezi duela pentsatu dut.

Kontsultan askotan izaten ditugu bajan dauden eta etxetik atera nahi ez duten langileak. Izaten duten beldur nagusia, nonbait, horrelako zerbait entzutea da: «Begira alfer hori, tailerrera joan beharrean hor dabil paseoan» –beharbada bajan daudenek ere horixe bera esan izan dutelako besteengatik lehenago?–. Arazoa honakoa da: kasurik gehienetan irtetea komenigarria da osasun arazoa lehenbailehen sendatzeko prozesuaren parte garrantzitsu legez. Lan errepikakorrek edo luzaroan mantendutako posturek eragindako bajak direnean behintzat, bai. Banakako kasu batzuetan bajan daudenek etxean geldirik egoteko premia dute, baina horiek ere mugitzeko moduan izaten dira egun gutxiren buruan. Puntu horretatik aurrera, etxean geldirik egoteak kalte egingo du gehiago mesede baino.

Beste modu batera esanda: bajan egoteak zure ohiko lana egiterik ez duzula esan nahi du bakar-bakarrik. Atseden hartzeak ez du geldirik egotea esan nahi. Gorputzak onartzen duen neurrian ariketa fisiko leuna egitea ez da kaltegarria, alderantziz: zure ohiko lanak eragiten dizun higadura konpentsatzeko balio du. Era berean, olgetan ibiltzea edo beste barik haizea hartzea baliagarria da eguneroko errutinatik deskonektatzeko. Atseden fisiko zein psikikoarekin, lanera bueltatzean denbora gehiago iraungo duzu min barik.

Zalantzarik ez dago, beraz: baja “aktibo” bat etxean potrojorran geratzea baino askoz sendagarriagoa da. Mesedea, gainera, ez da bakarrik langilearendako: enpresari ere interesatzen zaio zu lanera lehenbailehen eta osasunez ahalik eta ondoen itzultzea, baita gu guztioi ere –bajaren zati bat Gizarte Segurantzak ordaintzen du–. Orduan, dena hain klaru badago... zer arraiorengatik gelditzen da hainbeste langile etxean giltzapean, bajan dagoenean? Esamesei beldur izate hutsagatik, zer-nolako gauza tristea gero!

Euskaldunok munduko onenak, jatorrenak eta guapoenak gara, hori esan beharrik ere ez dago. Hala ere, badugu gauza txar bat: lanari gehiegizko atxikimendua diogu. Makina bat jende ikusita nago lanaren amorez osasuna galduta, inortxok ere eskatu barik gainera –hori da txarrena–. Minez egon, eta segi; postura txarrean lanean aritu baina enkargatuari ezer esan ez «alferra naizela pentsa ez dezan»; 200 pieza eskatzen badizkidate, 250 egin... Ez dakit zein den norbere osasuna ugazabaren alde dohainik sakrifikatzera bultzatzen duen kode genetiko zehatza, baina badakit horrela aritzen diren pertsonak ez direla naturalak. Eskerrak denborak aldatzen doazen eta belaunaldi gutxi barru denok mestizoak izango garen...

Laburbilduta: alda dezagun pentsamoldea eta egin dezagun lana tamainan, dagokion aisialdia errespetatuz. Eta ez diezaiogun utzi inori geure bizitza antolatzen. Esamesaka aritzen den jendea antzinako moldekoa da eta ez da aldatuko; haientzako kalte. Haiekin, hobe euskañolezko esaera jatorra gogoratzea: «Regla numero tres: inori kasorik ere ez!». •

http://fisiolantaldea.blogspot.com