Jose Angel Oria

Emakumeen eskubideen defendatzailea, sarean zein Iranen

Mahsa Shekarloo emakumeen eskubideen defendatzailea, idazlea, editorea, itzultzailea eta Bad Jens sareko aldizkari feministaren sortzailea minbiziak eraman zuen irailaren 5ean. Etxekoek inguratuta zendu zen Irango hiriburu Teheranen jaiotako emakumea. Herrialde hartako gizartean feminismoaren hazia landatzen saiatu zen beti, aiatolen sistemak utzitako edozein zirrikitu baliatuta. Ezagutu zutenek haren falta sentitzen dute.

Iran oso herrialde handia da. Eta anitza. Bere iraultza islamikoa orain 35 urte egin zuenetik, AEBen eta Israelen jomugan egon da, eta horrek sekulako eragina izan du bertako politikan zein gizartean. Baita emakumeen eskubideen defentsari dagokionez ere. Mahsa Shekarloo bezalako ekintzaileek ahal duten guztia egiten dute gizarte hura askatzeko eta demokrazia indartzeko. Aldi berean, hedabide nagusiek saltzen diguten Iranen irudi monokromatikoa, homogeneoa, ñabardurarik gabekoa, hankaz gora jartzen laguntzen dute ekintzaileok.

«Mahsa atsegina, eszeptikoa eta azkarra zen. Orain bere izena horrenbeste aipatzea ez litzaioke batere gustatuko. Bere lanaren eta pasioaren azken helburua ez zen ez bere anbizio pertsonala asetzea ez hedabideetako izar bihurtzea. Bere jakin-minarengatik, bere giza eskubideekiko eta emakumeen eskubideekiko ardurarengatik eta benetako aldaketa egingarria zela pentsatzen zuelako egin zuen horrenbeste lan», idatzi zuen Arseh Sevom gobernuz kanpoko erakundeko kide Tori Eghermanek.

Azidoa autoa gidatzen dutenen aurka

Nazioarteko berri agentziek azken bolada honetan eskainitako berriei erreparatu besterik ez dago gaur egungo Iranen emakumeen eskubideak atzera egiten ari direla ondorioztatzeko. Beren gorputza Sharia lege islamikoak agindu moduan estaltzen ez omen duten emakumeei azidoa botatzea da gaur egun indartzen ari den fenomeno kezkagarri bezain larria.

Mohamad Tagi Rahbar Isfahan hiriko klerikoak joan den astelehenean esan zuen behar bezala jantzita ez dauden emakumeei ondo jazteko esan behar zaiela, besterik gabe, azidorik bota gabe. «Emakume bat oso gaizki jantzita badago ere, okerrago jaztea ezinezkoa dela dirudienean ere, ez da hori zigor egokia», adierazi zuen. Izan ere, Irango erdialdean dagoen milioi eta erdi biztanleko hirian, azken asteotan, makina bat kasutan bota diete azidoa autoa gidatzen ari ziren emakumeei motoz hurbildutako ezezagunek. Ondorioz, Soheila Yourkesh 27 urteko informatikariak, esaterako, begi bat erabat galdu du eta bestea oso kaltetuta geratuko zaio, erietxetik irteten denean. Beste gorputz atal batzuk ere erre zizkion erasotzaileen azidoak.

Tankerako berri ugari iristen da erredakzioetara, normalean, horrelako berriek hango gizartean eragiten dituzten mugimenduak aipatu ere egin gabe. Isfahan hiriko erasoen kasuan, diputatu batzuek salatu egin dute gertatzen ari dena. Abasali Mansuri Arani parlamentariak nabarmendu zuen horrelako erasoak Estatu Islamikoak egiten dituela Iraken eta Sirian, eta «islamaren itxura biolentoa» hedatzea besterik ez dutela lortzen. «Gaia oso ondo ikertu behar da, ezin baitugu baztertu atzerriko zerbitzu sekretuak eta sionistak egotea fenomeno gaizto horren atzean», adierazi zuen Mansurik.

Horrelako egoerak onartezinak eta jasanezinak dira irandar gehienentzat. Bertako emakume askok etxetik ez irtetea erabakitzen dute, erasoak saihesteko. Autoan doazenean, kristala goraino igota eramaten dute, erasotzaileen beldur direlako. Motoren bat (ibilgailu hori erabiltzen ari dira erasotzaileak kasu gehienetan) ikusten duten bakoitzean, korrika hasten dira babes bila. «Kalean ia ez dago jenderik, etxetik irteteak beldurra eragiten du-eta», esan zien kazetariei Parisa 46 urteko emakumeak. Berak eta unibertsitatean alabaren bat duten beste guraso batzuek Isfahango Fiskaltzaren aurrean protestaldia egin zuten joan den asteazkenean.

Haurtzaroa, Chicagon

Eraso krudel horiek Irango sektorerik kontserbadoreenen oniritzia badute ere, ez dute lortzen Teheran, Isfahan eta herrialdeko beste hiri handietako emakume guztiek gorputza erabat estalita eramatea. Ausartenek buruko zapia atzeraxeago ipintzen dute, ile pixka bat ikusten zaiela, esaterako.

Egoera hori bertakoentzat onartezina bada, onartezinago egiten zaie atzerriko egoera ezagutu dutenei. Mahsa Shekarlook AEBeko Chicago hirian pasa zuen haurtzaroa eta, unibertsitatean ikasketak amaitu ondoren, Iranera itzuli zen. The Feminist School erakundeko webgunean era honetan esplikatu dute bere ekarpena: «Bere esperientzia eta jakinduria bertako kultura indartzeko erabiltzen zuen diasporako talde bateko kide egin zen Mahsa. Sistema politikoaren zulo txikienak mugimendu feminista zabaltzeko eta gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren inguruan eztabaidatzeko baliatzen zuten Irango emakumeekin bat egin zuen».

Aurtengo otsailean One Billion Rising ekimena antolatzen lagundu zuen Shekarlook Iranen. Mundu osoko gizonei, emakumeei eta umeei dantza egiteko eta mugitzeko gonbita egiten zaie, emakumeen aurkako indarkeriaren kontra. Era honetan deskribatu zuen bere burua antolatzaileen taldeak Facebook sare sozialean: «Emakumeentzako justizia exijitzeko era bat baino ez da One Billion Rising, etxean zein gizartean emakumeak berdintasuna behar duela pentsatzen duten taldeek bat egin dezaten aitzakia. Kaleak okupatzen ditugu gure bizitzak josten dituztelako, gure etxea direlako. Kalean sortzen dira gure oroitzpenak, penak eta pozak. Bertan topatzen ditugu aliatuak eta lagunak. Eta bertan jabetzen gara arriskuez. Gure etxeak jadanik seguruak ez direnean, kaleetan babesten gara. Kalea hartzea da berradiskidetzea, berdintasuna eta justizia lortzeko gure modua. Kalea hartzen dute beraientzako eta besteentzako zoriona nahi dutenek, eta zorionaren aldeko borrokarako prest daudenek».

Bad Jens sareko aldizkari feministaren sortzailea ere bazen Mahsa Shekarloo. Qantara.de Alemaniako webguneari orain zazpi urte eskainitako elkarrizketa batean, Mendebaldean oso kontuan hartzeko moduko hausnarketak eskaini zituen irandar ekintzaileak: «Iranera etortzen diren mendebaldar gehienek pentsatzen dute Irangoak direla munduko emakumerik zapalduenak. Ez dakit horrela den ala ez. Aurreiritzi horretatik abiatuta, hemen ikusten duten guztiak baieztatzen die ideia hori. Orain, Jatami presidente dela, beste estereotipo bat ere badago, beste itxura bat: emakume gazte batena, buruko zapia oso atzean duena, makillatuta dagoena eta arropa estua daramana. Goraipatu ere egiten dute bigarren irudi hori. Egia esan, neska horiek egiten dutena garrantzitsua da, baina ezin da esan hori historiako iraultzarik handiena denik. Eta mendebaldarrek Irango emakumeen inguruko irudi ona badute, beti heroi horiena da. Bi mutur daude: biktima pasiboak diren emakumeak alde batetik, eta arau sozial guztiak apurtzen dituzten salbuespenak bestetik. Erdibiderik ez dago, nonbait».

Iranen justizia, askatasuna eta berdintasuna eskatzen dutenentzat oso tresna garrantzitsua izaten ari da Internet. Eta ingelesez zein persieraz idazten zen Bad Jens aldizkariak sekulako arrakasta izan zuen, edozein gai aztertzeko aukera ematen baitzuen, egunkarien eta paperezko aldizkarien mugarik gabe. Shekarloo aitzindari izan zen arlo horretan, sareak sekulako garrantzia duen herrialdean. Orain 10-12 urte, sarean gehien erabiltzen diren hizkuntzen sailkapenean persiera bigarren lekuan ageri zen eta, garai hartan, Irango blogariek sekulako arrakasta izan zuten. 2008ko ikerlan batek ondorioztatu zuen Iranen ideologia ezberdinetako herritarrek esku hartzen zutela sareko eztabaidetan. Agintariek ezarri nahi dituzten mugak egunero zeharkatzen dira. Eskerrak!