Emakumeak baserrian egiten duen lana bistaratu eta aitortu nahi duen lege proiektua
Emakumea ez da bakarrik sutondoan egoten, hala kontatzen bada ere. Kontatzen ez dena da ukuiluan, baratzean, sukaldean, haurraren sehaska kulunkatzen eta baserriko nagusienak zaintzen egiten duen lana. Denera iritsi behar du baserriko emakumeak, denak zaindu eta kontentatu behar ditu, bere burua izan ezik.
Emakume Nekazarien Estatutuari buruzko Lege Proiektua onartu zuen joan den azaroan Lakuako Gobernuak eta dagoeneko igorri du Legebiltzarrera, onartzeko bidean jarriz. Emakume baserritarra gutxitan agertzen da komunikabideetako tituluetan, jendarteko eztabaidetan adina. Ezer gutxi, alegia. Baserrietako ukuiluetan, baratzetan eta sukaldeetan atsedenik gabe lan egin izan duen eta lan egiten segitzen duen emakumea ikusezina da legearen begietara eta parekidetasuna esaten duten horrek ere ez du ikusi orain artean.
Egoera horri buelta emateko bidea hasi dute azken urteotan emakume baserritarrek sortutako hainbat elkartek eta, orain, Lakuaren lege proiektuarekin, urrats garrantzitsua ematea espero da. Hala ere, jakitun dira legeak ez duela jendartea arrastaka eramaten, eta beren egoera eta etorkizuna aldatzeko bestelako alorretan lanean segitu beharko dutela, hasi etxetik eta segi kalean. Baina lege proiektua bada zerbait.
Emakume Nekazarien Estatutua aitzindaria da, Europa mailan ez baitago horrelakorik, gomendio eta agindu ugari badaude ere. Emakume Nekazarien Batzordea izan da proiektuaren bultzatzaileetako bat, Lakuaren, foru aldundien eta zenbait elkarteren laguntzaz; Landa XXI, Gure Soroa, Hitzez eta Asamcaval kasu. Arabako Emakume Nekazarien Sarea, Emakunde, nekazarien sindikatuak eta Eudel ere proiektuaren bueltan aritu dira.
Lege proiektuak «nekazaritzaren sektorean emakumeek eta gizonek tratu eta aukera berdinak izan ditzaten eta sektoreko eremu guztietan genero ikuspegia egon dadin beharrezko neurriak» jasotzen ditu.
Bide horretan, helburu nagusietako bat ustiategietako titulartasunarekin lotuta dago. «Ustiategietan titularrak diren emakumeen proportzioak gora egin badu ere, oraindik proportzio desorekatua da eta ez dator bat emakumeek ustiategi horietan benetan egiten duten lanarekin, askotan lan horiek erabat ezkutuan geratzen dira eta. Emakume nekazariak ustiategien titularrak izan daitezela da lehentasunetako bat, horrela beren lana agerian egotea eta lanak dakartzan eskubide guztiez baliatu ahal izatea lortzeko», zehazten du lege proiektuak. Hartara, bizikidetza unitate bateko kide biak ustiategiaren titular partekatuak izatea sustatzen du, biek bertan lan egiten badute. Eta horretarako erregimen horren alde egiten duten ustiategiei lehentasuna emango zaie laguntzak ematerakoan eta esleipenak egiterakoan. Era berean, emakume nekazariak Gizarte Segurantzan afiliatzen dituztenentzat laguntzak aurreikusten dira.
Goranzko joera, baina mantso
Eskura dauden azken datuen arabera, nekazaritza ustiategien titularrak diren emakumeak %32 baino gutxiago dira, eta, gizonezkoak, berriz, %68. 1999. urteko datuekin alderatuta, emakumeen proportzio horrek nabarmen egin du gora, orduan %24ra ez baitzen iristen.
Joera goranzkoa bada ere, gazte baserritarren egoerari begiratuz gero, nabarmena da oraindik desberdintasunak gertatzen direla, gazteen esku dauden ustiategietan emakume titularren kopurua gizonezkoena baino dezente txikiagoa baita. Hartara, eta lege proiektuaren arabera, «beharrezkoa da neurriak hartzea gazteen artean benetako berdintasuna bultzatzeko eta emakume gazteek lan aukerak izan ditzaten. Horrek mesede egingo dio belaunaldien arteko erreleboari».
Bide horretan, nekazaritzako ustiategietan kontratatzen diren pertsonak ere aintzat hartzen ditu legeak, sektore honetan emakumeen kontratazioak gizonenak baino askoz gutxiago izan ohi direlako. 2009ko datuen arabera, urte horretan kontratatutakoen %21 baino ez ziren emakumeak. Eta urte horretan bertan sektorean hasitako 3.400 gazteetatik 2.700 gizonezkoak ziren. Datu horien atzean bada baserrikoa «gizonen lana» denaren pertzepzioa segur aski. Horrek ez du esan nahi emakumeek ez dutenik lanik egiten baserrian, baizik eta lanbide bezala, ofizio bezala, gizonei lotzen zaiela eta berriz ere emakumeen lana ikusezina eta aitortu gabea dela.
Horrekin erabat lotuta daude nekazaritzako ikasketen inguruko datuak. Oraindik orain nekazaritzari lotutako Lanbide Heziketako zikloetan gizonezkoak matrikulatzen dira nagusiki, eta emakumeen presentzia %25 ingurukoa baino ez da.
Erabaki organoei begira ere jarri da proiektua. Errealitatea, gordina: nekazaritza politikaren inguruko erabakiak hartzen diren guneetan emakumeen presentzia eskasa da. Gainera, jarduera ekonomikoak gora egiten duen neurrian, emakumeek hartutako erabakien portzentajeak behera egiten du. Horri buruz ere hitz egiten du lege proiektuak.
Lege proiektua zereginak banatzeko ohiko ereduetan ere sartzen da, horrek sekulako desberdintasunak dakartzalako eta bereziki zailtzen duelako emakumeak lan merkatuan sartzea. Berriki egindako inkesta batzuen arabera, emakumeek gizonek emandako denbora halako bi baino gehiago ematen dute etxeko lanetan eta zaintza lanetan. Aisialdirako, aldiz, askoz denbora gutxiago dute emakumeek.
Lege proiektuan bada beste atal bat “Eskubide sozialak” izenekoa eta bertan hainbat arlo nabarmentzen dira, esaterako kontziliazio koerantzulea eta emakumeen aurkako biolentzia, sektore honetan egoera horiek giro itxiagoetan eta bakartuagoetan gertatzen baitira eta prebentzioa eta arreta zailagoa baita. Lege proiektuak orain bidea egin behar du Legebiltzarrera eta handik aurrera. Gutxienez, emakume baserritarraren egoera mahai gainean jarri du.
Rosa Aramendi, Arantxa Eizmendi eta Ziortza Balerdi
«Baserrian emakumeak beti dauka lana, eta bere burua beti azkenerako uzten du»
Aian dauka egoitza Hitzez Baserriko Emakumeen Elkarteak. Arantxa Eizmendi eta Ziortza Balerdi ama-alabekin eta Rosa Aramendirekin eseri gara mahaira, emakume baserritarraren egoera protagonisten ahotik jaso asmoz. Belaunaldi desberdinetakoak dira, bakoitzak bere bidea egin du eta lotura propioak ditu baserriarekin, baina sentipenak, ezinak, ikuskerak eta pozak partekatzen dituzte. Horregatik bildu dira Hitzez elkartera.
Arantxa Eizmendi Uztataburu baserrian jaioa da, Aian bertan, eta berak damara baserriko martxa. Esnetarako behiekin hasi ziren, haragitarakoak jarri zituzten ondoren.... Gaur egun oilo ugaltzaileen granja bat daukate. Jubilatzeko bezperatan, baserriarekiko duen maitasunak piztuta segitzen du; «berriz jaioko banintzake, berriz baserritarra izango nintzateke zalantzarik gabe». Gustua ematen du, maiz baserriko bizimoduaz nabarmentzen direnak bestelakoak direlako; sakrifizioa, lana eta lana, jai-egunik gabeko egutegiak, diru gutxi... «Nire amak garbi esaten zuen baserria norberak beste edozein lantegi bezala antolatu behar duela. Lanorduak hainbeste, eta gero jai. Oso modernoa zen nire ama», nabarmendu du Arantxak.
Zortzi anaia-arrebatan hirugarrena eta emakumea izan arren, maiorazkoak eta halakoak bazterrean utzi eta amak zuzenean eskatu zion Arantxari baserriko martxa bere gain hartzeko. Eta, Arantxak, baietz. «Gurean aritu gara lau belaunaldiko emakumeak elkarrekin lanean, belarra jiratzen eta bestelako lanetan. Aitak osasun eskasa zuen eta, egoerak hala behartuta, amak zeraman baserriko martxa. Baina gurean normaltasunez eraman du emakumeak baserriko martxa».
Lau ez, baina bi belaunaldi ezberdinetako ordezkariak bertaratu dira gure mahaira, Arantxa Eizmendi bera –laster jubilatuko dena– eta bere alaba Ziortza Balerdi. «Anaiak eta biok hartuko dugu baserriko martxa. Hala erabaki dugu. Nik kanpoan lan egiten dut eta baita anaiak ere, baina erabaki dugu jaio garen inguru horretan segitu nahi dugula bizitzen, gure egungo lanarekin partekatuz. Gurasoek asmatu dute guri baserriarekiko maitasuna transmititzen», esan du Ziortzak.
Rosa Aramendiren kasua desberdina da. Berez zarauztarra da, kaletarra, eta baserrira ezkondu zen gazterik. «Beti gustatu izan zait baserria. Gurasoak baserrikoak ziren eta maiz joaten ginen, nahiz eta kalean bizi. Eta, gerora, baserritar batekin ezkondu nintzen. Maiorazkoa berak zuen, eta, ohitura segituz, baserrira ezkondu nintzen. Gustukoa nuen eta ez nuen zalantzarik egin, nahiz eta oso desberdina den asteburuetan baserrira bisitan joatea edo bertan bizi eta familia bat aurrera ateratzea. Bizitza gogorra da, emakumearentzat batez ere». Eta, are gogorragoa, kanpotik baserrira etorri den emakumearentzat; tamalez gehiegitan sentitzen duelako bera «kanpokoa» denaren sentipena, batez ere familia giroan hainbat erabaki hartu behar direnean.
Baina baserriak emakumearentzat dakarren alderik gogorrena «denera iritsi beharraren» itolarria da segur aski. «Gauza askotara iritsi behar da: amaren lana egin behar duzu; senarrari lagundu ukuiluan, baratzean edo egokitzen denean; gurasoak, izeba-osabak edo etxean bizi diren beste belaunaldiak zaindu; etxeko lanak egin...», kontatu du Rosak.
Izan ere, emakumeak baserrian rol jakina izan ohi du. Baserriko lanez gain, etxeko lanak eta familiaren zaintza –maiz belaunaldi desberdinena– bere gain geratzen dira. «Tira, hori toki askotan gertatzen dela iruditzen zait. Kalean bizi diren emakumeek ere etxeko lanen eta zaintzaren zama nagusia daramate, eta etxetik kanpo ere egiten dute lan. Azken finean bizitza elkarlan bat da, bikotearekin negoziatu behar dena. Baserrian emakumea toki guztietan aritu izan da beti. Gizona, berriz, behin etxeko atetik sartzean, mahaian eseri eta kieto. Horiek dira aldatu behar diren gauzak», zehaztu du Arantxak. Finean, jendarte osoak parekidetasunaren bidean eman behar dituen pauso berdinak dira baserritarrak norabide horretan eman beharrekoak, «baina baserrian gauzak mantsoago aldatzen dira», zehaztu du Rosak. Mundu itxiagoa eta bakartuagoa da akaso, rolak oso sustraituak dituena, eta, beraz, aldatzen zailxeagoa.
«Norberak gobernatu behar du bere etxea, norberak negoziatu behar du elkarbizitza nolakoa izatea nahi duen. Baina bakarrik egin beharreko borroka hori ez da erraza. Gainera, emakumea baserrian maiz oso bakarrik sentitzen da, eta horrek zaildu egiten ditu aldaketak», segitu du Arantxak. Horregatik da hain garrantzitsua Hitzez elkartearen lana, emakume baserritarren bilgunea delako, kezkak eta borrokak partekatzeko tokia, eta elkarrekin indarra egitekoa.
«Izango dira hamabost-hamasei urte elkartzen hasi ginela –gogoratu du Rosak–. Udalak antolatu zuen baserriko emakumeentzat laguntza psikologikoa eskaintzen zuen taldea. Aiako Udaleko gizarte langilea konturatuta zegoen baserrietan emakumeak jende heldua zaintzen lan handia egiten zuela eta zaintza horrek osasun arazoak sortzen zizkiola emakumeari. Hilean behin bilerak antolatzen hasi zen, eta horrela hasi ginen biltzen». Bilera haiek partekatzeko gune bihurtu ziren berehala. Bizipenak eta ezinak partekatzeko tokia, besteenak entzun eta norberarenak kontatzeko tokia. Arnasa hartzeko tokia emakume askorentzat.
Eta bilera haietatik sortu zen 2007. urtean Hitzez elkartea. «Konturatu ginen behar genuela elkartzeko toki bat, gure kezkak partekatzekoa eta helburuak finkatzekoa. Hasieran bost emakume hasi ginen, eta gaur egun berrogeita hamarretik gora gara», segitu du Rosak. Urola Kosta inguruko emakumeak dira denak. Hitzez elkarteak baserri giroan gizonen eta emakumeen arteko parekidetasuna sustatzea du helburu nagusia. Emakumearen lana bistaratu eta aitortzeko bideak zabaltzea eta lege aldetik ere aholkua eman eta egoera aldatzea.
«Baina elkarteak egiten duen lan psikologikoa izugarria da, garrantzitsuena segur aski. Baserrian emakumea askotan bakarrik sentitzen da. Beti daukazu lana eta zure burua beti azkenerako uzten duzu. Bileretara joatea ez da derrigorrezkoa, baina zuretzat denbora hartzeko modua da. Hasten zara joaten eta, azkenerako, joateko beharra sentitzen duzu», kontatu du Arantxak.
Berdintasunean urratsak
«Elkartearen helburu nagusia berdintasunaren alde pausoak ematea da. Baserrian zaintza, esaterako, emakumeen gain dago erabat eta hori aldatu nahi dugu, gizonak ere has daitezela zaintza lanetan. Horrez gain, formakuntzari garrantzia ematen diogu eta tailer desberdinak eta hitzaldiak antolatzen ditugu. Baserriko emakumeari ahalduntzeko tresnak eskaini nahi dizkiogu, indarra hartu eta egoera aldatzeko pausoak eman ditzan. Eta arazo puntualak dituenean ere aholkularitza eskaintzen dio elkarteak. Esaterako, oso ohikoa izaten da herentzia kontuekin arazoak izatea. Horrelako kasuetan aholkularitza juridikoa eta informazioa eskaintzen du elkarteak», kontatu du Ziortzak. Babes psikologikoa eta informazio praktikoa. Eta unean-unean emakume bakoitzak behar duena. Hitzez elkartea sare garrantzitsua bihurtu da baserrietako emakumeentzat.
Arazoak, gutxi edo gehiago, antzekoak dira baserri batean eta bestean. Nagusiena –eta Lakuaren lege proiektuak konpontzeko bidean jarri duena– titulartasunarena da. Normalean baserrietako jarduera ekonomikoa gizonezkoaren izenean egoten da, eta, ondorioz, berak kotizatzen du. Hartara, jubilatzeko adina iristen denean emakume askok ez dute ezer kotizatu lan bizitza osoan, nahiz eta lana erruz egin. Titulartasun partekatuak horrelako egoerak konpondu nahi ditu.
Arantxaren kasua, erabateko salbuespena da. «Gure ama oso modernoa zen, esan dudan bezala, eta gaztetatik hasi zen nire gizarte segurantza ordaintzen. 45 urte baino gehiago kotizatu ditut. Kopuru oso txikia –baserrian diru gutxi izaten delako–, baina kotizatu dut, eta, beraz, orain erretiroa kobratuko dut. Baina nirea salbuespena da. Emakume asko ikusi ditut hemen taldean sekula kotizatu gabekoak. Gure baserrian emakumeak eraman du martxa beti, eta berak hartu ditu erabakiak. Nire amak hartzen zituen erabakiak, eta, nik, berdin. Oso borrokalariak izan gara», kontatu du Arantxak. Bere eredua mesedegarri zaie beste emakume askori; «taldean elkartu eta ikusten baduzu emakume batek halako erabakiak hartu dituela eta hala antolatu duela bere bizitza esaten duzu, ‘horrek egin badu, nik zergatik ez?’. Nik beti esaten dut, erabaki bat hartu baduzu eta seguru bazaude horrekin, segi aurrera. Pauso txikiak dira akaso, baina eman beti pausoak aurrera», jarraitu du.
Erabakiak hartzeko boterea
Titulartasunarekin batera, herentzia kontuak izaten dira baserrietan buruko min eta korapilo gehien sortzen dituztenak. «Lehen ohikoa zen baserriarekin geratzen zenak gainontzeko anaia-arrebei dirua ematea. Eta horretarako zorpetu egiten zen. Baserritik diru gutxi ateratzeaz gain, bizitza osoa ematen zuen zorpetuta. Horrelakoak askotan gertatzen ziren», esan du Arantxak. Eta maiz gertatzen da baserritik joandako anaia-arreba horiek erabakitzeko botere handiagoa izatea baserrira ezkondu den emakumeak baino. «Baserrira ezkondutako emakumea askotan ‘kanpoko’ bezala tratatzen da erabakiak hartzeko garaian. Lanerako erabat ‘etxekoa’ da, baina erabakitzeko orduan ez dute aintzat hartzen. Eta herentzia kontuak tarteko direnean, are gutxiago», salatu du Ziortzak. Horretan ere lagundu nahi die Hitzez elkarteak, bere ahotsaren jabe egiten eta beren erabakitzeko botere hori aldarrikatzen.
Gauzak aldatzen ari dira, eta Hitzez bezalako elkarteek aldaketa hori bultzatu eta bizkortu nahi dute. Baserrian lehen lan fisikoak garrantzia handia zuen, baziren gizonezkoek bakarrik egiteko modukoak zirela uste ziren lanak. «Gaur egun egoera oso desberdina da. Lan fisikoa ez da hain garrantzitsua, makinaria sartu da eta emakume batek berdin-berdin eraman dezake baserriko martxa. Horrek egoera hankaz gora jarri du eta horretan ari gara, orain artekoa iraultzen», esan du Arantxak. Baserri giroan, baina, rolak barruraino iltzatuta daude, eta gehiago kostatzen dira sustraitik ateratzen. «Duela gutxi arte gaizki ikusia ere bazegoen baserriko gizon batek haurrari biberoia ematea. Eta oraindik ikusten dira desberdintasunak. Aita asko joaten da ikastolara haurren bila, baina baserritar gutxi. Ari da egoera aldatzen, baina beste eremu batzuetan baino mantsoago», iritzi dio Rosak.
Eraikuntza bera aldatu egin da. Lehen ukuilua eta etxebizitza eraikuntza berdinean zeuden. Orain, normalean etxebizitza aparte egoten da. «Guk aholkatzen dugu, gainera, belaunaldi bakoitzak bere txokoa izatea baserriaren baitan», segitu du Rosak. Izan ere, baserrietan ohikoa da belaunaldi desberdinak etxebizitza berdinean bizitzea, eta horrek asko mugatzen du bikoteak eta seme-alabek daukaten bizimodua. «Baserrietan maiz bikoteak ez dauka intimitaterik, gurasoekin, izeba-osaba helduekin edo dena delakoekin partekatu behar delako egunerokoa. Eta horrek asko gastatzen du bikotea, eta batez ere emakumea, horien guztien zaintza bere gain erortzen delako. Guk baserritar gazteei eta bikote berriei aholkatzen diegu baserriaren barruan beren txoko propioa sor dezatela. Oso garrantzitsua da», gaineratu du.
Nabarmena da baserria aldatzen ari dela, eta baserriko emakumeak aldaketa garaia baliatu nahi du lurrari buelta eman eta berdintasunaren hazia ereiteko, baserriaren mesedetan.