Etxeberria, Aimar
IKUSMIRA

DEMOKRAZIAREN ALDEKO KURDUEN HAUTU IRMOA

Ankarako Parlamentua aukeratzeko hauteslekuak zabaltzeko ordu batzuk baino falta ez zirela lehergailu batek eztanda egin zuen Diyarbakir hirian, HDP alderdiaren mitin baten erdi-erdian. Bi hildako eta 350 zauritu izan ziren bildutako jendetzaren artean. 48 ordu geroago, atentatuak eragindako zauriak estali baina bide batez ageri-agerian uzten zituen bendajearekin bozkatu zuen Ipar Kurdistango hiriburuko hautesleku batean atentatuan zauritutako herritarretako batek. Bere botoak, beste milioika botoekin batera, ahalbidetu du HDPk emaitza historikoak lortu izana, ez bakarrik Kurdistanen, baizik eta Anatoliako penintsula osoan. Eta ekainaren 5eko atentatua eta kanpaina osoan kurduek jasan behar izan dituzten ehunka erasoak agindu eta aurrera eraman dituztenak hautsak harrotzen saiatu dira, kurduen bakearen aldeko apustu irmoa eragotzi asmoz. Azken egunetan Kurdistanen izaten ari diren liskarrek horretan dihardutela agerian uzten dute, baina, oztopoak oztopo, Kurdistanek demokrazia ikasgaia eman du berriz. Ikasiko ote du behingoan Turkiak... Dabid LAZKANOITURBURU