Jon Mikel Fernandez
NOR GOGORATZEN DA ERREFUXIATU PALESTINARREKIN?

1950. urtean zabaldutako Aida Camp errefuxiatu gunera bisita

Palestinako gatazkari konponbide iraunkor eta justu bat emateko ezinbesteko baldintzetako bat da errefuxiatuen afera. Non geratu da ordea, errefuxiatu palestinarren itzulera eskatzen zuen 1948. urteko Nazio Batuen Erakundearen ebazpena? Gaur egun, inor gutxi gogoratzen da orduko ebazpenaz eta errefuxiatuen drama humanoa eta bere izaera politikoa ez da konpondu eta denbora palestinarren kontra doa. Batzuek nahita ahazturiko errealitate horren ispilu da Aida Camp-eko errefuxiatu gunea.

Sekula egon ez denak Betleemeko Aida Camp-eko errefuxiatu gunera iritsi bezain pronto lehen bihotz kolpea sentituko du. Errefuxiatu gunera sartzeko metalezko ate erraldoiaren gainean giltza erraldoi bat dago. Munduko giltzarik handiena. Palestinarrek euren lurrera itzultzeko duten esperantza islatzen duen sinboloa. Eskuinean, errefuxiatu gunera sartzeko ate erraldoiaren alboan, Israelek eraiki duen hormigoizko harresi erraldoia, eta apartheid-aren harresian, margoak: iragan udaran Israelgo Armadak hil zituen ia 300 haurrak oroitzen dituena, Aida Campeko preso politikoen askatasuna aldarrikatzen duena, Palestinaren Askapenerako Fronte Popularreko (PAFP) Laila Khaled buruzagi ezagunarena edota Euskal Herriaren eta Palestinaren arteko aspaldiko lotura irudikatzen duen murala. Azken hau, 2011n Euskal Herritik etorritako Biladi Hadi brigada kulturaleko euskal herritarrek egina.

Duela hiru belaunaldi eraiki zuten Aida Campeko errefuxiatu gunea gaur egungo aitona-amonek, eta orduz geroztik, egoerak ez du hobera egin. 1948ko data, ordea, oso presente dute guneko bizilagunek. Batekin zein bestearekin hitz eginez gero, guztien ahotan dago Nakba edo Israelgo Estatuaren sorrera.

Aida Campeko Belal Jado gazte palestinarrak dioen gisara, 1948an Israelek Estatu judua aldarrikatu zuenean «hondamendiaren hasiera izan zen palestinarrentzat».

Ellar, Al Malha, Al-Ramlah, Surief, Beit-Mahser… Horiek eta beste 40 bat Jerusalem-en inguruan dauden herrixken izenak dira. 1948ra arte bertan bizi ziren Aida Campeko bizilagunak, baina 1948ko garbiketa etnikoak honaino ekarri zituen. Zehazki, 1950. urtean Nazio Batuen Erakundeak sortu zuen gunea. Orduz geroztik, errefuxiatu gunearen itxura zeharo aldatu da. Hasieran oihalezko dendak zirenak gaur egun hormigoiz eta adreiluz egindako etxe multzo korapilatsuak dira. Epe baterako zirudiena gehiegi luzatzen ari den seinale.

Denbora, beraz, aurrera doa bizitza bezala, baina Aida Campen erlojuak 1948an iltzatuta geratu dira. Euren sorlekuari, euren lurrari begira bizi dira errefuxiatu gunean eta memoria kolektibo hori belaunaldiz belaunaldi transmititzen da. Txikienek ere argi dute errefuxiatu gunea ez dela, berez, haien bizitokia edo, behintzat, ez lukeela izan behar. Ez dituzte ezagutzen, baina haurrek ere aitona-amonen herri eta sorlekuetara itzultzea amesten dute.

Aidan gero eta gehiago dira, ordea. 1950ean 1.500 palestinarrek osatzen zuten Betleemeko errefuxiatu gune hau eta gaur egun ia 6.000 dira. Noski, orduko eta egungo gunearen azalera berdina da, Israelen politika kolonialak ez duelako tregoarik ematen, eta horregatik, zerura begira eraiki dituzte euren etxeak. Zerura begira arnas bila, 2003. urtean Israelgo Estatuak apartheid-aren harresia eraikitzeari ekin ziolako hemen ere.

Bilal Jado gaztea harresi honek Aida Campeko bizilagunen egunerokotasunean suposatu duenaren adibideetako bat baino ez da. Berez, errefuxiatu gunean jaio zen arren, kilometro erdi eskasera dagoen herrixka batean bizi da egun. Harresia egin aurretik bost minutu baizik ez zituen egin behar bere gurasoak bisitatzeko. Gaur egun ordubete inguru egin behar du harresi guztia zeharkatu eta errefuxiatu gunera sartu ahal izateko. Eta hori, checkpoint-ean ez badute geldiarazten. Edonola ere, jada ez dio hainbeste ardura, ohitu egin da. Palestinaren aldeko militante politikoa izaki, Israelek bere etxera joatea debekatu dio. Errefuxiatu gunera itzuli da bera ere, Israelek hala behartuta.

Bere egoeraz galdetuta, Jadok Palestina eta palestinarren egoera hartzen du hizpide, eta argi dio Israelek Palestina «nahi» duela, «baina palestinarrik gabe».

Aida Campen ikurra den giltza erraldoia, ordea, Israelek ukatzen duen konponbidearen giltzaren ikurra da. Gaur egun sei milioi inguru palestinar errefuxiatu daude munduan.

Horietako asko Zisjordanian bertan dauden errefuxiatu guneetan, beste asko inguruko herrialde arabiarretan eta beste hainbeste munduan barreiatuak. Euren lurretara itzultzea ezinbesteko baldintza da gehiegi luzatu den gatazka honi behingoan amaiera baketsu bat eman nahi baldin bazaio.

Nazio Batuen Erakundeak 1948an onartu zuen 194. ebazpenak horixe bera dio. Israelgo Estatuak eta sionismoak, ordea, sarraila aldatu nahi dute eta horrek gatazka betikotuko luke.

hainbat belaunaldi errefuxiatu guneetan

Errefuxiatuentzako 19 eremu daude Zisjordanian, Gazan hamabi, eta Libanon, Sirian eta Jordanian hamar. Milaka palestinar gehiago Egipton, Yemenen, Kuwaiten eta Saudi Arabian bizi dira. Errefuxiatuen erdiek 15 urte baino gutxiago dituzte; beraien gurasoak eta aitona-amonak errefuxiatuentzat eraikitako esparruetan jaio ziren. Hasiera batean kanpin-dendetan bizi ziren, epe laburrean beraien lurraldeetara itzultzeko esperantzarekin. Baina ez zen halakorik gertatu. Egun bost milioi palestinar errefuxiatu daude.