Amagoia Mujika Telleria
IKUSMIRA

Hain finak, dotoreak eta bikainak

Juanan RUIZ | ARGAZKI PRESS
Juanan RUIZ | ARGAZKI PRESS

Eraztun izugarriak; oihal bikainenak eta distiratsuenak; urrutitik ikusteko moduko kapelak eta auto deskapotableak. Errege Magoak ez dira tontakeriatan ibiltzen gero. Desfile luze-luzeak eta argitsuak egin dituzte han eta hemen. Pentsa, Donostian suhiltzaileek kamioia atera behar izan dute opari guztiak eramaten laguntzeko. Olentzero eta Mari Domingirekin akordatu naiz, eta beren asto txikiarekin. Olentzerok ez dauka distira handirik (nahiz eta urterik urte argalago eta txukunago agertu. Argalegi eta txukunegi, agian?); lanak zaildutako bere eskuetan ez dago eraztunik eta, segur aski, sekula ez litzateke paseatuko karroza argitsu-erraldoi-koloretsu horietako batean. Printzipio kontua. Baina, zerk pizten ditu gehiago gure haurren begiak? Argiak eta diamanteak? Langile xumearen pausaje umilak? Zein mezu iristen zaizkie batetik eta bestetik? Errege Magoak hain finak, dotoreak eta bikainak irudituta, aurten ez diet aterik ireki, zer eskaini ere ez nekielako.