Dabid LAZKANOITURBURU
IKUSMIRA

GOSEA BERA ERE GERRA ARMA DA SIRIAN, ALDE GUZTIENA GAINERA

Sei hilabete daramatza Madaya 40.000 biztanle dituen eta Damaskotik gertu dagoen hiri matxinoak Siriako Armadaren eta Hezbollah Libanoko gerrillaren setiopean. Nazio Batuen Erakundeak Al-Assaden Gobernua presionatu du hirira jatekoa sartzen utz dezan, batez ere Mugarik Gabeko Medikuak erakundeak 28 hiritar gosez hil direla salatu eta gero. Madayakoa egoerarik krudelena izan daiteke baina ez da bakarra: Damasko ekialdeko Guta eskualdean antzeko setioak pairatzen ari dira herritarrak. Matxinadatik sortutako hainbat talde ere gosea gerra arma gisa erabiltzen ari dira. Alepo hiritik iparraldera dauden Nubul eta Zahra herri xiitak duela urtebete setiatu zituzten matxinoek. Al-Nosra Fronteak (Siriako Al-Qaeda) zigor bera ezarri die Fua eta Kefraya herriei, xiitak hauek ere. Azkenik, Estatu Islamikoak (ISIS edo Daesh) setiopean ditu erregimenaren aldekoak diren Deir Ezoor hiriko barrutiak. Guztira 400.000 siriar «bizi» dira goseak hiltzen.