Amagoia Mujika Telleria
IKUSMIRA

BEGIRA DEZAGUN GORA, BEHERA ETA ALBOETARA

Pankartetan hoztu zaizkigu eskuak. Sabelean makil batekin kolpe bat eman baligute bezala pasatu dugu astea, erdi tente erdi uzkurtuta. Datuak irentsi ditugu, ulertezina ulertu nahi duenaren antsiaz, eta ia film propioa egina genuenean jakin dugu Gabrielak eta Aliciak badutela zaintzen eta maitatzen dituen magalik. Aliciak bazuen besoetan gozo hartzen zuen aitona bat, bizikletan ibiltzen irakatsiko ziola agintzen zion izeba bat, ilea orrazten zion amona.

Gasteizko Askatasuna kaleko hamalaugarrenean ireki da izugarrikeriaren leihoa, imajinatu daitezkeen bortizkeria klase guztiak ezkutatzen dituena. Hautsitako kristalari begira egiten du hausnarketa herritarrak espaloian plantatu eta gora begira. Hara igo bazen, alaba txikia besoetan, toki segurua irudituko zitzaion. Begira dezagun gora, behera eta alboetara; jendarteak segitu beharko du toki seguruak eta harreman sanoak bultzatzen, parez parekoak. Munstroak ahultzen eta printzesak indartzen, batzuk besteen pare egon arte.