Nuit Debout ala sasoiko lilia
«Ez dago postestrukturalismo globalizatzaileaz errealitatea sakon deseraiki beharrik atakatik ateratzeko bidea zein den argi izateko: estatu arautzaile eraginkor bat berreraiki behar da, eta horrek proposamenak eskatzen ditu»
Apirilaren 15ean 200 bat pertsona bildu ziren Baiona Ttipian, Paueko eta Aturriko Unibertsitateak hirian duen campusaren eta Kontseilu Orokorraren eraikinaren aurrean dagoen zabalgunean. Nuit Debout mugimenduaren izenpean Euskal Herrian deitutako lehen ekimena zen batzar ireki hura. Helburua herritarrei hitza ematea zuen, «bakoitzaren adina, sexua edo estatus soziala dena delakoa izanagatik».
Aukera eskaini zuen. Batek euroapatronala astindu zuen; beste batek elikadura ereduaren eraldaketa erabatekoa eskatu, hurrenak finantza sistema kate motzean lotu, eta horrela, iritzi jasa... Hitza herriko plazan. Lehen saiakera horretaz harago, momentuz, jardunik ez da gauzatu. Ikuskizun etorkizuna…
Estatu frantsesean gorpuztu da mugimendua. Txinparta lan legediaren erreforma asmoa izan da. Eskuina aspaldidanik eskean dabilen zirriborroa, Medef patronalaren agirien kopia hutsala besterik ez dena, mahai gainean PSk jarri ostean piztutako protesta giro horren baitan, martxoaren 31n ehunka lagunek Parisko Errepublikaren plaza okupatu zuten, bertan herri mobilizazio iraunkor bat sortzeko. “Nuit Debout” deitu zioten.
Demokrazia zuzena oinarri, borroka ezberdinen konbergentzia xede, «hitza hartu eta eremu publikoaz birjabetzeko» orduz geroztik batzarrak egiten dira han egunero. Makina bat batzorde eratu da eta horietatik hainbat mobilizazio sustatu.
Protesta filosofia hori azkar hedatu da hiri handi batzuetan, bereziki Rennes eta Lyon aldean, ikasle hiri mugituak direnak. El Khomriren erreformaren aurkako mugimenduan bazter astintzaileetan txapeldun dabiltza, izan ere, ikasleak. Ez da kasualitatea Manuel Valsek Matignoen ikasle ordezkariak hartu izana. Urak baretu nahi…
Sare sozialak
Ileak laztu samar begiratzen dio PSk mugimenduari presidentetzarako hauteskundeetarako urtebete besterik geratzen ez den honetan. Hasieran polizia kalera ateraz, gasak eta makilak gupidagabe astinduz, erantzun zion protesta mota berriari; gerora mugimenduaren aldeko tolerantzia hitzak nagusitu dira.
“Haserretuen” ereduari jarraiki, lehendik New Yorken, Atenasen, Kairon edota Madrilen gertatu antzera, sare sozialetan oso aktiboa den jendeak, batzuk besteak baino antolatuxeagoak, luzatutako deiari jarraiki zertu zen okupazioa. Nabaria da beste herrialde batzuetako eredua inportatu nahia. Hala izango al da? Lehen baldintza eskuratu du behintzat: zeresana jartzea, arreta piztea. Protesta ekimenek ez dute oraingoz, ordea, statu quo-a inarrosteko dimentsiorik hartu; hori bai, lan legediaren erreformaren aurkako sua ez ilauntzea lortu dute bederen.
Giro hori izatearen arrazoi, Estatu frantsesean ere, Mendebaldeko Europa osoan bezala –ez da gauza bera noski periferiako ala erdiguneko estatu izan, nahiz eta erdiguneko langile klasea gero eta periferiakoaren antzekoago bihurtzen ari diren– krisi ekonomikoaren gordintasunak, erabaki politikoak klase pribilegiatuaren mesedetan hartzen direla argi bistaratzeak eta agintea partekatu duten bi korronte ideologikoen bateratzeak –batak bestea fagozitatzeaz mintzatzea zuzenagoa da— ekarri du: sozialdemokraziak, finantza eta ekonomia politiketan berezko ikuspegia zokoratu eta gorputz eta arima liberalismoarekin egin du bat.
Igandean bertan adierazi zion, ezin argiago, Emmanuel Macron ekonomia ministroak kazetari bati: «ezkerrak egun ez nau asetzen». Ez da adibide bakarra; Francois Hollanderi hiru aldiz galdetu behar izan zioten lan erreforma aurkeztu zutenean oraindik ezkerrekoa ote zen (“Le Monde”, 2016ko otsailaren 19an): «[ezkerrarekin] konprometitua jarraitzen dut, baina jada ez naiz militante bat» izan zen hirugarrengoan erauzitako esana. Besteren ideologizatze horrek nora eza handia eragin du ezkerreko herritarrengan.
Haserrea bideratzen
Sozialdemokraziaren gainbeherak eta alderdi eskuindar klasikoak ipurdia agirian geratzeak mapa politiko bat baino gehiago astindu ditu Europan. Azkena Austriakoa. Joan den igandean, presidentetzarako hauteskundeetan, 1945etik gertatu gabekoa jazo da: eskuin muturreko alderdi batek irabazi ditu hauteskundeak; bigarren tokian, berriz, berdeak. Azken 70 urteetan boterean txanda pasan ibili diren eskuindar eta sozialdemokratak maiatzaren 21eko bigarren itzulitik kanpo geratu dira.
Estatu frantsesean ere antzeko joerak antzematen dira, baina hemen oraingoz ezkerreko alternatiba berririk gorpuztu gabe. Sistemarekiko haserreak bi molde hartu ditu: batetik, abstentzioaren gorakada handia izan da, eta, bestetik, Fronte Nazionalak botoak metatu ditu.
Nuit Debout, hortaz, egoera iraultzeko saiakeratzat har daiteke, hedatuta dagoen nazka eta ezinegon hori beste era batean artikulatzeko asmotzat. Oraingoz ez du botere politikoa borrokatzeko grinarik agertu; hasierako fasean murgilduta dabil erabat, erreferentzialtasuna irabazteko borroka beti nekezean alegia.
Horrela ulertzen da, esaterako, astelehenean bertan, artisten estatutu bereziari buruzko negoziazioen bezperan, Odeon antzerkiaren okupazioan, kultur eragileen protestarekin bat egin izana. Haritz denak astintzea ona izaten da ahalik eta ezkur gehien biltzeko.
Ondoez guztiak bateratze nahi hori, ordea, aho biko aiztoa izaten da: herritarrak “politizatzeko” bidea liteke, baita mugimendua ezerez politikora eramateko amildegia ere.
OWSren irakaspena
Hainbat arriskuri izkin egiten asmatu beharko da. Lehena egiten ari denarekiko handiustea izaten da: denek ematen dute egintzat haiena dela mundu honetako boteretsuak dar-dar batean jarri dituen mugimendua, eta horri eskerrak baztertu guztien miresmena, ahoa bete hortz uzterainokoa, dutela. Norbere buruaz maitemintzea deitu zion horri Slavoj Zizek filosofoak, eta ohar horixe egin zien 2012an New Yorken protestan ziren Occupy Wall Streeteko (OWS) kideei. Epopeia laburra izan zen hura; protesta hasi eta bi hilabetera erauzi zuen poliziak Zuccotti Parkeko kanpalekua, ondorio politiko agerikorik utzi gabe.
Beste muturrean, testuinguru geopolitiko berean, 2008ko finantza krisiaren eraginez ideologia neoliberalak ikaragarrizko astindua jaso zuen unean bertan (gogoan izan orduan presidente zen Sarkozyren hitzok: «merkatuaren ahalguztidun ideia, batere araurik, esku hartze politikorik, behar ez duela dioena, txorakeria da», «kapitalismoa birfundatu beharra dago») Tea Party sortu zen, eskuineko ideia horiexen defentsan ekarri garrantzizkoa egin duen lobby-a, 2008an ezinezkoa zirudiena, alderdi errepublikanoak Ordezkarien Ganberan atzera gehiengoa izatea, lau urte geroago errealitate bihurtzean giltzarrietako bat izan dena.
OWS zinez herrikoia izan zen, jendearen abegikortasuna bereganatu zuen. 1930etik ez omen zen halakorik ikusi AEBetan. Hitz adeitsu ugari, laguntza txekeak barra-barra, jendea ilaran kanpaldikoei jana eta liburuak noiz eman zain, intelektualak eta pertsonalitateak “hori da eta!” esaka, eta komunikabideetan oihartzun ezohikoa.
Baina ez zuen altxamendu hark aldarrikapen zehatzik formulatu; eremu publikoan komunitate aske bat eraiki nahia ez bazen, «bidea baita helburua». Horizontaltasun eta norberaren hitza askatzeko grina besterik ez zuten, eta horren ikur bozeramailerik inondik inora ere ez hautatzeko erabakia. Indibidualismoaren pipiak jotako ideologiaren zantzuak?
Borroka demokratikoaren kultura eraikitzea ezinbestekoa da. Horrek soilik ez du zoritxarrez balio ordea. Beste zerbaiten abiapuntua behar du izan: hareatza politikora jauzi egin beharra dago.
Agerikoa da egungo egoera zeren ondorio den: finantza sektorearen arautze ezak ahalbidetu du inoizko iruzurrik handiena, sistema osoa osin zulora eraman duena; horrek botere politikoa bizkor mugiarazi du bankari eta inbertsio funtsen jabeen erreskatean leial jardutera, milaka pertsona larrutuagatik eta enpresak errekara eramanagatik urrezko erretretak kobratuz joan direnak gainera. “Araurik onena araurik eza eta zergarik onena ordaintzen ez dena” zuten doktrina. Horixe defendatzen zuen Tea Partyk musuak gorritu gabe, kopetaren kopetaz. Nola liteke?
Ez dago teoria ekonomikoetan aditu izan beharrik, postestrukturalismo globalizatzaileaz errealitatea sakon deseraiki beharrik, atakatik ateratzeko bidea zein den argi izateko: interes orokorra zaintzen duen estatu arautzaile eraginkor bat berreraiki behar da; eta horrek neurri konkretuak eskatzen ditu. Horrekin pentsamendu garbia, kontraesanik gabea, amaitu egiten da, akabo gauaren epelean antolatutako kontzertuak!
Zinez garrantzizkoa da eslogan on bat topatzea, etsaia egoki aukeratzea eta jendearen gogoarekin bat egitea. Baina antolaketari, ezinbesteko hierarkia bati, proposamen zehatzei, taktikari eta estrategiari muzin egiten bazaio ez da aurrera egiten. Tea Party alderdiak, liberalismo garbi hori aldarrikatzen hasi ondotik, laster batean zokoratu zituen printzipio horiek guztiak haizea alde zetorkiola sentitzean: sosa zuen, sarea eraikita eta Fox taldea ondoan. Lidergoa berri bat eratua zuen, alderdi errepublikanoari lobby lan eraginkorra eginez haren ildoa baldintzatua zuten, eta noski, haietako ugari ardura postuetara jauzi egiteko moduan ziren. Beste haiek berriz horizontaltasunean itota, “bidea da giltza” goiburu, nonbait galdu ziren.