Aldaketa eta euskara
Nafarroan aldaketa eman zenean euskararen aldeko politikak izango zirela uste zen. Urtebete pasatzear denean, aurrerapausoak uste baino txikiagoak direla diote askok eta Gobernuan adore falta sumatzen dute egin behar dena egiteko.
Zalantzarik gabe euskararen inguruko politikak Nafarroan ematen ari den aldaketa politikoaren prozesuan kezka eta eztabaida ugari sortu ditu. Hauteskundeak oraindik egin gabe zirenean, iazko apirilaren 25ean, Kontseiluak deituta milaka lagun elkartu ziren Iruñeko Anaitasuna kiroldegian mezu ozen bat plazaratzeko: «Hizkuntza politika berri bat gabe ez da benetako aldaketarik izango». Edo beste modu batean esanda, «euskaratik abiatu behar da aldaketa». Hitz potoloak alde batera utzita, euskalgintzak nabarmendu nahi zuena honakoa zen: Nafarroan gertu ikusten zen aldaketan euskararen normalizazioak toki nabarmen bat izan behar zuen. Ordura arte UPNk mantendutako politika erasokor eta baztertzailearekin amaitu beharra zegoen.
Hauteskundeak izan ziren iazko maiatzean, eta, aspaldiko partez, UPN Gobernutik kanporatzeko aukera errealitate bihurtu zen. Horretarako, akordio programatikoa lortu zuten lau alderdik: Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Duguk eta I-Ek. Ezker/eskuin dialektikan desberdintasun nabariak badira lau alderdion artean. Baita euskararen inguruan ere. Lehen biak, plano teorikoan behintzat, euskaltzaleak dira. Ahal Duguren baitan iritzi kontrajarriak daude. Eta I-Ek (Ezker Batuak batez ere) soilik gazteleraz aritzen direnak ezin direla baztertu nabarmendu du azkenaldian, Hezkuntza arloko CCOO sindikatuaren esku luzea ikusten dutelarik askok.
Euskararen inguruko politika akordio programatikoa lortzeko garaian arazo nagusienetako bat izan zen. Akordioan bertan argi jasotzen da (azken orrian) zortzi gaitan lau alderdiak ez zirela gai izan adostasunera heltzeko. Zonifikazioa ezartzen duen Vascuencearen Legea ordezkatuko lukeen Euskararen Legea onartzea da desadostasun horietako bat. Zortzigarrena. Azkena. Beste desadostasunen artean Lekarozko Aroztegia egitasmoa, jendarte politika –batez ere alokairuarekin lotuta–, normalizazio politikoa edota gizarte segurantzaren transferentzia zeuden. Gai potoloak.
Euskararekin harreman zuzena duen beste desadostasun bat ere agertzen da akordio programatikoan: hezkuntzan hizkuntza eredu desberdinen artean izan beharreko «elkarbizitza».
Beraz, euskalgintzarentzat ezinbestekoak ziren bi alorren gainean ez zen adostasunik lortu akordio programatikoan. I-E jotzen da horren arduraduntzat, baina lau alderdiak ezinbestekoak ziren aldaketari ateak irekiko zizkion 26 parlamentarien kopuru magikora heltzeko. I-Erik gabe ez zen aldaketarik. Ez euskaratik eraikitakoa ez gazteleratik eraikitakoa ere. Bat ere ez.
Dena den abiapuntua ez zen hain makurra izan eta lau alderdiak euskararen inguruko adostasun minimo batzuetara heltzeko gai izan ziren akordio programatikoan. Hizkuntza politikari eskainitako 2.3 atalean jaso zituzten. Bertan, euskara Nafarroako hizkuntza propioa dela eta egun lurraldean hizkuntza gutxitua dela esaten zen. Horregatik, euskararen berreskuratze prozesu bati ekin behar zitzaiola ere gaineratzen da, «Nafarroako jendarte osoaren mesedetan». Bazterkeria nagusi izan den urteen ondoren, hizkuntza politika berri bat behar zela ere eransten zen. Eta euskarari prestigio soziala emango zion politika berri hori transbertsala izan behar zela (alor guztiak kontuan hartuko zituena), parte hartzailea, progresiboa, eraginkorra. Lege baten sostenguaren beharra ere aipatzen zen, baina oraindik lege hori bultzatzeko adostasunik ez zela aitortuta. Hizkuntza politika borondatean oinarriturikoa izan behar zela ere jasotzen zen, eta, Nafarroako hizkera politikoan, «borondatean oinarriturikoa» horrek inor ez dela euskaraz ikastera behartuko esan nahi du. Kontuak kontu, hemeretzi neurri zehatz ere jasotzen ziren.
Hori izan zen aldaketaren abiapuntua euskararen arloan. Batzuentzat eskasa izan daiteke. Beste batzuentzat, gehiegizkoa. Baina kontuan izan behar da alternatiba UPNren gobernua zela. Euskal komunikabideei zuzenduriko diru laguntzak zero euroko zifra borobilera eraman zituen gobernura itzultzea. Aurrera egitea erabaki zen.
Artean, UPN eta bere inguruko komunikabideek bazuten prest beraien estrategia: Uxue Barkosek zuzentzen duen gobernua «identitarioa» da, ikurrina eta euskara inposatu nahi ditu, gazteleraz aritzen den jendea baztertzen du eta ez ditu herritarren behar nagusiak kontuan hartzen. Esaldi hori ez da UPNren diskurtsoaren laburpena. Diskurtso osoa da. Berdin da akordio programatikoaren 74 orrialdeetatik hiruzpalauk baino ez badute euskarari buruzko zerbait aipatzen. Berdin da, Barkosen Gobernuak Nafarroan euskara inposatzea du helburu nagusi UPNren arabera.
Lan Eskaintza Publikoa
Jose Luis Mendoza Hezkuntza kontseilaria izan da zalantzarik gabe Barkosen Gobernuan kritika zorrotzenak jaso dituena. Dimisioa aurkezteko prest zegoen zurrumurrua ere zabaldu zen. Lan Eskaintza Publikoa (LEP) martxan jarri zuen Mendozaren taldeak. Antza, euskarari lehentasuna ematen zion irakasle berrien plazak deitzerako garaian. Ordura arte euskarak pairatutako bazterketa konpontzeko saiakera izan zitekeela ulertu zuten batzuk. Akordio programatikoan hori markatzen zen. Baina ez, erabaki «teknikoa» zela nabarmendu zuen Mendozak. Izan ere, euskal lerroen eskariak gora egiten du eta gaztelerakoak behera. Ondorioz, askoz ere plaza gehiago behar ziren euskaraz gazteleraz baino.
Berehala hasi zen UPNren hitz jarioa. Eta PPrena. Eta PSNrena. Eta alderdion inguruko komunikabideena: euskara inposatzen ari zen Gobernua. Eta diskurtso horretan ezusteko lagun bat izan zuten, I-E, Gobernua sostengatzen duen alderdietako bat. Alor sindikalean ere azaleratu ziren kritikak UGTren eskutik, baina batez ere CCOO eta funtzionarioen Afapna sindikatuaren partetik. Afapnakoen arabera gaztelera baino ez zekiten irakasleak diskriminatzen zituzten, ezin zutelako euskara beharrezko zen plazetara aurkeztu. Ingelesez jakin ez eta ingelesa eskatzen bazen ere diskriminatu egiten omen zituzten. Ahalik eta hizkuntza gutxiago jakin, eskubide gehiago aldarrikatzen zituzten. Diskriminazio bitxia!
Hezkuntza arloan gehiengoa duten LAB, Steilas eta ELAk, berriz, beste aldarrikapen bat jarri zuten mahai gainean: oposizioak zerrenda bakarrarekin egitea. UPNren erabaki baten ondorioz, euskarako plazetara aurkezten ziren irakasleak ezin ziren gaztelerakoetara aurkeztu, nahiz eta hizkuntza horretan ere trebatuta izan. Soilik gazteleraz zekitenen lanpostuak babesteko erabakia zen. Hori bai diskriminazioa! Azterketak egun berean egiten ziren, bietara aurkezteko aukera errotik mozteko. Bi hizkuntza ofizial dituzten elkargo guztien artean soilik Nafarroan gertatzen da hori. Ez da, adibidez, Valentzian, Galizian edo Balearretan gertatzen. PPren agintepean urte luzez egondako hiru elkargo horietan zerrenda bakarra dute. Bada, aldaketaren Nafarroan, ez.
Egoera are gehiago zailtzeko, Estatuak helegitea jarri zuen Hezkuntzako lan eskaintza publikoaren aurka. Baita suhiltzaileak kontratatzeko egindakoaren kontra ere. Azkenean, Nafarroako Gobernuaren erabakia euskarazko 120 plazaren deialdia bertan behera uztea izan zen. UPNk, I-Ek, CCOOk eta Afapnak helburua lortu zuten, hizkuntzen arteko «oreka»: 108 plaza euskaraz eta 92 gazteleraz. Ordura arte eztabaidaezintzat jotzen ziren argudio «teknikoak» desagertu egin ziren; «segurtasun juridikoa» zen lelo berria. Estatuaren helegitea aitzakiatzat hartu zutela uste izan zuen batek baino gehiagok. Iragarpena egitera Ana Ollo eledunarekin batera Maria Jose Beaumont Presidentetzako kontseilaria azaldu zen. Mahaiaren izkina batean Mendoza ere ageri zen, baina ageriko ahulezia irudia emanez. Kalean, Nafarroako Jauregiaren aurrean kontzentrazioa egiten, LAB, Steilas eta ELA sindikatuak zeuden. Aldaketaren Gobernutik ustez gertuen zeuden sindikatuak.
Egoera oraindik gehiago kakazteko, Gobernuak ez zuen zerrenda bakarraren aldarrikapena onartu eta bikoitza mantendu zuen, diskriminazioa mantenduz. Eta horrela egiteko ez zegoen Estatuak markatutako irizpiderik, izan ere, beste elkargoetan zerrenda bakarra erabiltzen da. Gobernuak egindako kontzesio bakarra azterketak egun desberdinetan egitearena izan zen. Euskarazko plazetara aurkeztutakoek gaztelerakoetara ere aurkezteko aukera zuten. Baina bi azterketok eginez. Beste behin, hizkuntza gehiago jakitea zigortuta, eta, gutxiago jakitea, sarituta.
Oposizioaren eta lobby moduan aritu ziren sindikatuen aurrean Gobernua kikildu egin zen sentsazioa zabaldu zen hainbat eragileren artean. Norabidea markatu zuten, zer egin behar zen bazekiten. Iragarri ere egin zuten. Baina kritiken aurrean (eta Estatuaren presioaren aurrean) atzera egin zuen Gobernuak. Ordura arte Barkosen Gobernuarekin itxaropentsu ziren askoren artean haserrea piztu zen.
Euskararekin harreman zuzena duen beste erabaki batek ere ez zuen hasieran esperotako amaiera izan: «zonalde ez baskofonoan» sare publikoan D eredua eskaintzea. Zonifikazioa ezartzen duen Vascuencearen Legea aldatu gabe sare publikoan euskarazko lerroak emateko aukera zegoen. UPNk ez zuen egiten, baina aukera egon bazegoen. Orain arte, kilometro mordoa egin behar izan dute ikasleek zonaldeak zeharkatzeko eta euskaraz ikasi ahal izateko.
D ereduaren hedapena
Aurrerapausoa zen eskaintza, zalantzarik gabe. Eta espero zen bezala, UPNren eta ingurukoen kanpaina hasi zen: «Gobernu identitarioak, Gobernu abertzaleak, euskara inposatu nahi du Erriberan». Kanpaina berria martxan. Kasu honetan, LAB sindikatuak salatu zuen aukera eman bai baina Nafarroako Gobernua ez zela egin behar zuen D ereduaren aldeko kanpaina egiten ari. Ikastetxe zenbaitetan gurasoei aukera berriari buruz informaziorik ez zitzaiela ematen salatu zuen. Gobernuaren erantzuna, ez zela inor euskara ikastera behartuko. «Borondatezkoa» izango zela (akordio programatikoan azaltzen zen hitza). Hortaz, soilik guraso kopuru nahiko batek eskatzen zuen herrietan irekiko ziren euskarazko lerroak. Azkenean Tafallan, Lodosan eta Caparroso-Azkoienen zabalduko dira.
Ofizialki aurrerapausotzat jo izan dute euskalgintzako kideek D eredua herriotan zabaltzea eta datozen urteotan gehiagotara hedatzea espero dela esan da. Baina, ahopeka, Gobernuak egin beharreko kanpaina egin izango balu dagoeneko aurten emaitzak askoz hobeagoak izango liratekeela onartzen da.
Gai honetan ere Gobernua kikildu egin zela uste dute askok. «Zonalde ez euskaldunean» D ereduaren eskaria altua izanez gero, arazo handi baten aurrean aurkituko baitzen. Eta UPNren eta ingurukoen kritika zorrotzekin. Eskaria «anekdotikoa» bada ez dago arazorik Gobernuarentzat. Eta UPNrentzat ere garaipena izan daiteke. Euskararen normalizaziorako ez, ordea.
Euskararen normalizaziorako behar-beharrezkoak diren neurriak hartzeko orduan Gobernua kikilduta ikusteak euskalgintzako kide askoren kezka sortzen du. «Badakite zer egin behar duten, baina ez dute arazorik nahi. Polemikaren beldur dira. Guk beraien alde gaudela adierazi nahi diegu, polemikotan gure sostengua adierazteko prest gaudela, hartu behar diren erabakiak har ditzaten». Hain zuzen ere, hori da “Aldaketa euskaratik eraiki behar dugu” leloaren formulazio berria. Eta hori plazaratuko dute ekainaren 4an Iruñeko Golem zinemetatik abiatuta egingo den manifestazioan. Anaitasuna kiroldegiko ekitalditik urtebete pasatxora.
Antzeko presioak jasan behar izan ditu Iruñeko Udalak ere euskararen aldeko edozein neurri hartu duenean. Adibiderik garbiena haur eskolen aferarena da. UPNren utzikeriagatik Iruñean dauden hamazazpi haur eskoletatik bakarrik bitan eskaintzen zen zerbitzua euskaraz. Eskaria handitzen joan da urtetik urtera, baina UPNren erantzuna berdina izan da beti: ezer ez egitea. Joseba Asiron alkatearen taldeak, egoera konpontzeko asmoz, beste bi haur eskoletan euskara eskaintzea erabaki zuen. Ondorioz, Iruñeko hamazazpi haur eskoletatik lautan izango zen euskara. Eskaerara hurbiltzen zen eskaintza berria.
Espero zen bezala UPNren ingurukoen erreakzioa bortitza izan zen: euskara inposatzen ari zela salatu zuten eta aldaketarekin kaltetuta sentitzen zirenak mobilizatzen hasi ziren. Euren auzoetan haur eskolak gazteleraz nahi zituztela aldarrikatuz atera ziren kalera. Eskuineko komunikabideek pankartok euren lehen orrialdeetara eraman zituzten. Epaitegietara jo zuten eta epaile batek aldaketa geldiarazi zuen. Baina, kasu honetan, Udalak bereari eutsi dio. Helegitea aurkeztu eta aldaketa mantentzeko borondatea azaldu du. Ez da kikildu eta gurasoen eta euskaltzaleen sostengua jaso du.
Eta ETBrekin zer? Ba gauza gutxi sumatu da aldaketarekin. 1995ean Javier Otanok eta Jose Antonio Ardanzak ETB legez ikusteko lehen hitzarmena sinatu zutenetik denbora asko pasa da, baina afera ez da konpondu. ETBk lege babesik ez zuen «irtenbide» bat topatu zuen, baina Estatuak moztu du. Ahal zuelako. Uxue Barkosek eta Iñigo Urkulluk hitzarmen berria sinatu berri dute. Hori gauzatzea baino ez zaie gelditzen.