Antropozenoa... eta bizi ala hil
Geologiaz, eta geologiaz askoz harago, mintzo da antropozenoa. Apokalipsi mamu bezain esperantzaren mezulari izanik, arduratu egiten gaitu, ni, «gu» kolektibo, espezie, mundu bakar gisa, garenaren eta izango garenaren ispilu aurrean jarriz.
Aro geologiko batetik bestera pasatzea ez da egunero gertatzen den zerbait. Dozenaka milioi urte irauten duten prozesuak izan ohi dira. Indar geofisiko itzelek eragindakoak, izan sumendi erraldoiak, meteoritoen talkak ala kontinenteen deriba eta lerrokatze berriak. Sarritan, espezieen suntsipen masiboak edota klima aldaketa erradikalak sorrarazi dituzte. Oraingoan, baina, aro geologiko berri baten sorrera ofizialki aldarrikatu nahi da: antropozenoarena, hots, “gizakien aroa”, gizakiok indar geofisiko garela aitortuz, planetaren geroa zehazterainokoa. Gauza serioa da antropozenoarena. Eztabaida geologikoa da, baina hori baino askoz gehiago ere bada ordea. Bere inplikazioak globalak dira, politikoak, ertz zorrotz askokoak. Apurka-apurka horiek aletuko ditugu jarraian.
Ideia –eta hitza– aurrenekoz 1970ean proposatu zen eta 2000tik aurrera asko hedatu da. Zientifikoek denboraren aldaketan lurrikara bat gertatu zela eztabaidatzen hasi ziren, gizakiek populatutako aro geologikotik –holozenotik– gizateria bera aldaketaren indar geofisiko bilakatu den aroraino pasatu garela aurreratuz. Hasieran, «aldaketa globalaren» inguruko ikertzaileen komunitatean zabaldu zen soil-soilik, hau da, antropozenoaren aroaren «sintoma» planetarioak (beroketa globala, klima aldaketa eta bestelakoak) ikertzen zituztenen artean. Baina 2000tik aurrera, hitza geologoek bereganatu zuten. Atmosfera globalaren konposizio kimikoa aztertzeko eta gizakiaren aktibitatearen inpaktua neurtzeko estratigrafiaren ebidentziak –arrokak, glaziarretako izotza, itsas hondoko sedimentuak– aztertuta. Nazioarteko Estratigrafia Batzordeak aurten bertan erabakiko du ea ebidentzia nahikorik badagoen (eta balego, zientifikoki erabilgarria ote den) gaur egungo aro geologikoren izen ofiziala –holozenoa– aldatu eta antropozenoa aldarrikatzeko.
Eztabaida horretan nazioarteko ahots errespetatua den “Nature” aldizkariak egin zuen editorial sonatu batek dioenez, antropozenoak aitorpen ofiziala merezi du. Nahiz eta onartu, oraingoz, Lurraren historiaren gertakaria baino gehiago aurreikuspen bat dela, eta, beste aro geologikoen arteko trantsizioetan gertatutakoaren kontra, ez dela kontinenteen birrordenamenduaren, sumendien aktibitate masiboaren edota masa estralurtar baten inpaktuaren eskutik etorri. Baina, hala ere, aitortu egin behar dela dio “Nature” aldizkariak, sintomak hor direlako: deforestazioak, meatzaritzak, azpiegitura erraldoien eraikuntzak ibai eta itsaso hondoetan sedimentuen marea kontrolaezinak pilatu ditu; erregai fosilek eta Lurraren desertifikazioak atmosferara sekula ez bezalako karbono kopurua jaurti dute; ozeanoak, karbono dioxido gehiago hartzen duten heinean, eta horrek itsaso hondoko sedimentuetan karbonatoa disolbatzen duen heinean, gero eta azidoagoak dira; espezieen seigarren desagertze handia azkartu egin da. Zientifikoki, holozenoaren (bere klima beroarekin gizakientzat hain onbera eta egonkorra izan den 11.700 urteko aroa, planetaren denborarentzat bihotz taupada bat baino iraun ez arren) amaiera aldarrikatzeko goizegi dela onartu arren, antropozenoaren alde egiten du, bere indar metaforikoa baliatu beharra defendatuz.
Edo beste hitz batzuetan esanda: antropozenoaren onarpena, nolabait, gizakia indar geofisiko global bilakatu dela aitortzea da. Ñabardurak ñabardura, kontinenteen deribak, sumendi erraldoiak edota meteoritoen talka bezalako naturaren indar handien pareko elementua. Ez goaz, jada, gure planetaren autoan eserita soilik; bolantea esku artean dugu.
Geologoen ika-mikak
Antropozenoaren inguruan aldekoak eta kontrakoak daude, sinestunak eta ateoak, kritikoak eta ortodoxoak. Geologoen artean ika-mikak ez dira falta, garai historiko edo aro geologiko berria ote den eztabaida pil-pilean dago. Izan ere, garai historikoak gertakizun batekin abiatzen dira, aro geologikoak, aldiz, fosil-erregistroekin baieztatu behar dira. Geologoak ez baitira antropozeno hitzarekin liluratzen, erakargarritasun hutsa ez da haientzat nahikoa. Estratigrafia kutunegi dute, oso serioa den kontutzat dute, eta ez dira aise inpresionatzen uzten.
Antropozenoaren aro geologikoaren sorrera ontzat eman al daiteke erregistro fosilen aztarnarik ez badu utzi Lurrean? Teknikoki, beraz, agian ez dira oraindik aro batetik bestera pasatzeko irizpideak betetzen. Beste demontre bat ere badago: aro geologikoak milioika eta milioika urtekoak direnean, holozenoaren akabera 11.700 urte eta gero aldarrikatzerik ba al dago?
Eta noiz hasi zen antropozenoa? Batzuentzat, suaren aurkikuntzarekin batera. Beste askorentzat, nekazaritzaren garapenarekin edo iraultza industrialarekin. Badira Gerra Hotzarekin batera hasi zela diotenak. Edo ikatzaren edo beste erregai fosilen erabileraren hazkundearekin batera. Batzuentzat gizakiak landatutako landareen polena da markagailu kronologikoa, besteek industrializazioa dute hasiera puntu, XVIII. mendeaz geroztiko berotegi-efektua hartzen dute erreferentziatzat. Badira ere, badirenez, Japoniaren kontra jaurtikitako bi bonba nuklearren isotopo erradiaktiboak aipatzen dituztenak. Bai, antropozenoaren hasieraren markagailu kronologikoak ere ika-mikak pizten ditu, bai.
Eta zer da, hortaz, antropozenoa? Galderari bi erantzun eman dakizkioke. Denbora bat da, garai historikoa batzuentzat; aro geologikoa besteentzat, oraingoz gutxiengo izan arren gero eta zientzialari naturalista gehiagok hobesten dutena. Kronologia bat da, bai, baina, era berean, harreman sozionaturalen azterketa edo kategoria esplikatibo bat.
Antropozeno hitzak beste irakurketa positibo bat izan dezake: egungo erregimen sozioekologikoen jasangarritasun eza azpimarratzeko balio du eta –aldaketa klimatikoa bezala– jendaurreko esanahi gerrarako propaganda erreminta baliagarria da. Izan ere, azken buruan, iritzi publikoak uste duen hori izango da antropozenoa.
Ez dago «B planik»
Izatez, ez da hain garrantzitsua antropozenoa geologikoki erabat zuzena den ala ez. Garrantzitsuena diziplina zientifiko ezberdinetako datuek erakusten dutena da. Hots, natura eraldatzeko gure eragin superlatiboa. Begi bistan dugun hori, askok ikustea nahi ez dutena, hitz bateratzaile horrekin islatzen da, ikaragarrizko indar metaforikoarekin islatu ere.
Gizakiak espezie bezala abantaila konpetitibo eta adaptatibo itzelak dituela begi bistakoa da. Gero eta bitarteko sofistikatuagoak erabiliz, bere ingurunea berreraikiz, ekosistema propioak sortzeko gaitasuna ikaragarria baitu. Homo sapiens-a ez da naturaren indar erabat berria. Baina, sistema humanoak, bai. Globalki planetaren funtzionamenduan eragiteko faktore nabarmen bilakatu dira.
Ekologista batzuentzat ingurunearen gaineko gizakiaren dominazio hori hondamendi ebolutiboa izango da, antropozenoa aberraziotzat hartuko dute. Posible al da ingurunearen gaineko gizakiaren kontrola gutxituko duen berrantolaketa global bat abiatzea? Ala hobeagoa al da kontrol horren perfekzionamendua, ahal den neurrian, existentziaren baldintzak hobetuz?
Edonola ere, ikusteko dago planeta esperimentu erraldoi bateko laborategi bilakatu duen gizakiaren eraginak zer ondorio izango dituen, gure espeziarentzat amaiera zoriontsurik egongo den ala ez. Gerta daitekeelako antropozenora egokitzeko prozesu osoa ondorio neurtezinak izango dituen desegokitze tragiko bilakatzea. Hortaz, esan behar da antropozenoa eta bere adierazpideak serio hartzen badira, ezer egiteke etxean zain geratzea ez dela aukera bat.
Aro berri honen aurrean, funtsean, bi alternatiba ditugu gizakiok: sistema naturaletan gure aztarna mugatzea ala interakzio sozionaturalen gaineko gure kontrola perfekzionatzea. Azken emaitza, seguru aski, bien artean, bietarik poxi bat hartuta etorriko da.
Beste hitz batzuekin esanda, antropozenoa giza gehiegikeriaren ondorio bada, kontentzioa litzateke gure soluzioa, hazkundeari mugak jartzea, pasatu ezin diren muga planetarioak ezartzea holozenoaren baldintza propioak mantenduko dituen espazio segurua eraikitzeko. Honako aukera hau, jada, ekologismoaren printzipio bilakatu da. Bigarren aukera litzateke antropozeno gehiagoren alde egitea, hibridazio sozionaturala geldiezina denez, honen gaineko kontrola areagotzea. Hau da, gure espeziaren eta mundu naturalaren ezaugarri berriak birdiseinatzea –geoingeneritza klimatikoa, eguzkiaren erradiazioaren kudeaketa, karbono dioxidoa harrapatu eta lurperatzeko prozesuak– aldaketa klimatikoa eta antropozenoak sorturiko eszenario berrietara hobe egokitzeko.
Are, zientzia fikzioa badirudi ere, antropozenoari aurre egiteko gizakiaren diseinu berri bat proposatzen duenik badago. Biomedikoki gu aldatzea: pilulen bitartez haragiari nazka hartzeko, gure begiak aldatu etxeetan energia gutxiago behar dezaten, gure tamaina txikitu naturan uzten dugun aztarna txikitzeko…
Orduan, ba al dago alternatibarik? Ba ote “B planik”? Egiazki, ez. Antropozenoak giza espeziaren desegokitze itzela badakar, eguzkia bera ere betierekoa ez denez, bere aurrerabidearekin gure kezken amaiera azkartuko du. Eta hala ez izatea itxoitea beste erremediorik ez dugu izango.
Apokalipsia mamu
Antropozenoa hitzak, bestalde, naturaren eraldaketa arraza humanoaren ardura dela iradokitzen du. Aro geologikoaren izena bera ardura kolektiboa gure gain hartzeko deia da, apokalipsia eragozteko deia. Baina, nolabait, fatalismoa ere iradoki lezake. Itxarotea baino askoz gehiago ezin dugula egin, gure esperantzak politikan ezin direla jarri, eta, nonbait jartzekotan, teknologian jarri behar direla.
Afera beste begi batzuekin ere ikus daiteke. Hots, denok bagara antropozenoaren arduradun, inor ez da arduradun, beraz, inor ez da arduratuko. Agian bai, agian politikoki, antropozenoa oso hauskorra da, kapitalismoaz edo ezberdintasun sozialez ez du-eta deus esaten. Biak direnean antropozenoaren parte eta oinarri. Agian antropozenoak, hortaz, ez du ardura kolektibora deitzen. Mundua politikaren (gizakion gauza) eta naturaren (gugandik banatutako zerbait) artean banatzen du, noiz eta gure ekintzei esker natura erabat naturala ez den honetan.
Izan ere, mundu naturala eta politikaren arteko marra porotsua da, eta natura bera oso malgua: beti aitortu zaio paper bat argudiaketa politikoan (askotan politikarekin berarekin zerikusi gutxi duen argudio bilakatuz).
Paul Crutzen kimikari herbeheretarrak eta Eugene Stoermer biologo estatubatuarrak antropozeno hitza 2000. urtean ofizialki proposatu zutenean, gizakiok planeta osoki aldatzen ari garela adierazi nahi izateaz gain, egun martxan den espezien seigarren masazko desagertzearen eta klima aldaketaren arduradun argiak garela adierazi nahi izan zuten.
Egia da, halaber, ekoerradikalek –beltz, gorri eta berde kolorekoek– kapitalozenoa edo “kapitalaren aroa” izena hobesten dutela. Horrela, kapitalak, bere klase eta botere harremanen sistemak, planeta erradikalki aldatu duten aroa hartzen dute hizpide.
Pertsonalki, Fidel Castrorekin bat nator, eta sinpatia diot antropozenoaren ideiari, nolabait ni neu “gu” kolektibo eginda, arduratu egiten nauelako.
Gizakion aktibitatea Lurrean aztarna iraunkor eta nonahikoa uzten ari den honetan, antropozenoaren aitorpena aro berri baten jaiotza izango litzateke, gu geu lekuko gisa hartuta gainera. Horrez gain, gure ekintzengatik sortutako lehen aroa ere balitzateke. Holozenoarekin alderatuz gero, funtzionalki eta estratigrafikoki ezberdina den aroa. Aldaketa horren indar bultzatzailea, besteak beste, garapen teknologiko azkartuak, giza populazioaren hazkunde geldiezinak eta baliabideen kontsumoaren hazkunde esponentzialak osatzen dute.
Aro geologikoak, egia da, geologoen eta paleontologoen kontu izan dira gaurdaino. Kimikoki eta biologikoki Lurraren geruza ezberdinetan definitutako estratifikazioak izan dira oinarri. Hominido legez ia 6 milioi urte daramatzagu planetan eta aro ezberdinak igaro ditugu: miozenoa, pliozenoa, plesistozenoa eta azkenik, ofizilaki oraingoz bederen, indarrean den holozenoa.
«Froga forentseak»
Teknika forentseekin aztertuta, zeintzuk dira antropozenoaren frogak? Non dira sintomak? Nolakoak aro berria sortzeko egin ditugun “bekatuak”? Gainetik bada ere, azter ditzagun.
“Science” aldizkariaren aurtengo ale batek Antropozenoaren Gaineko Nazioarteko Lantaldeak egindako azterketaren konklusioak bildu ditu. Irakurri eta oilo-ipurdi hausnartzen geratzea bat izan zen niretzat. Argudio sendoak, ebidentzia zientifiko argiak, errealismoa…
Meatzaritzaren, hondakinen isurketaren, eraikuntzaren eta urbanizazio geldiezinaren ondorioz sortutako depositu antropogenikoek Oxidazio Handitik (duela bi mila milioi urte) honainoko mineral berrien zabalkunde handiena eragin dute. Azken 70 urteetan, oinarrizko aluminioaren (naturan aurkitzen ez den minerala) %98 produzitu da, eta azken 20 urteetan historia osoan produzitu denaren erdia. Fabrikatutako plastikoak planetako gizaki guztion berdina pisatzen du, eta, plastikoek hondatzeari dioten erresistentzia eta beren kimika ezagututa, aztarna fosil eta geokimiko guztiz identifikagarriak utziko dituzte.
Munduko urtegietan ibaietan libre doana baino ur gehiago biltzen da. Horrek, zabortegi eta meatzaritzarekin batera, sedimentazio prozesuak zeharo aldatu ditu eta ibai, itsas eta glaziarren hondoetan ikusgarriak dira ebidentziak. Aztarna geokimiko berriak ere oso kezkagarriak dira. Hala, kutsaduraren, nekazaritza intentsiboaren eta energia kontsumoaren (ikatza, gasolina…) ondorioz azken ehun urteetan lurrak duen nitrogeno eta fosforo kopuruaren bikoizketa eman da. Jakina, aztarna erradiologikoak ere ez dira ahaztu behar. Saio nuklearren ondorioak nozitzen ez gara hasi oraindik. Baina munduko seinale antropogeniko orokortu eta sinkronizatuena utziko dutela diote adituek, eta izotzean eta sedimentuetan datozen 100.000 urteetan identifikatu ahal izango direla.
Hor ditugu ere karbonoaren zikloa, beroketa globala, izotzaren urtzearen eta itsasoen mailaren igoeraren arteko konbinazioa. Azken hamar urteetan, kasurako, Lurraren azken ziklo glaziarraren amaieran jaurti ziren emisioak baino ehun aldiz handiagoak jaurti dira. 2100. urterako planetaren tenperatura ia 4 gradu igoko dela aurreikusten da. Espezien distribuzioan, ekosistemetan, Lurraren geokimikan, atmosferan, ozeanoetan... nonahi aurki ditzakegu antropozenoaren ebidentziak.
Gauza bat argi dago ordea: iraganean bezalako ingurune batera bueltatzerik ez dugu. Erlojua ez dago atzeratzerik, baina, nola egin orduan aurrera hainbeste aldatu eta petraldu dugun mundu honetan? Orain arte, klima aldaketaren eta antropozenoaren inguruko eztabaida publikoak kutsu apokaliptiko totala izan du. Espezi desagerpenak edo kostaldeko hiri handien txikizioa egoeraren urgentzia azpimarratzeko maiz erabili dira. Gure egunerokoan zer aldatu behar dugu gure ekintzen ondorioek zentzu positiboa izan dezaten?
Elkarkidetza komunala eta globala beharko dira, berrikuntza askorekin batera, gure espeziaren eta gure ingurumenaren geroari bide berri bat eman ahal izateko. Antropozenoa ofizial egiteak lagun dezake. Eta horrez gain, beharko da ere gure gizateriaren, espezie bezala batzen gaituzten ahalmen eta kalitateen inguruko narrazio berri bat taxutzea. Horrek, antropozenoaren arazoen aurrean soluzioak lantzerakoan, helburu komun global baten zentzua emango digulako.