Informatika eta informatikariak: haurren begirada
Susmoa dut hedabideek zabaltzen duten informatikarien irudiak eragin nabarmena duela informatika ikasketak egitea erabaki lezaketen gazteengan. Baina horiek zabaltzen duten irudia eta jendartearen ustea bat al datoz? Berdina da emakumezkoek eta gizonezkoek duten irudia?
Kezka hau nahikoa zabalduta dago; hala nola, UOC Kataluniako Unibertsitate Irekiko “Estereotipos Informática” lanean argitaratutakoaren arabera, jendarteak informatikaria estereotipatzeko joera du: gaitasun matematikoak dituena, jende arraroa, teknologia obsesio duena, barnerakoia, sozialki traketsa eta antzeko ezaugarriak egozten dizkiete informatikariei. Ez da harritzekoa hori hala izatea, hedabideek lanbideko profesionalei buruz ematen duten irudia eta gugan duten eragina zein den jakinik. 2008an argitaratutako “The IT Crowd: Are We Stereotypes?” lanak argi uzten du izen bereko telesailaren kasua. 40 pertsonari (20 informatikari eta 20 ikasle) egindako inkestan oinarritzen da. Inkesta erantzun zuten pertsonek telesailean agertzen diren informatikariak, gizonezkoak noski, deskribatu zituzten. Horretarako erabilitako adjektiboen (izaerazko zein fisikoak) %91 negatiboak ziren; %6,5 positiboak eta %2,5 neutroak. Elkarrizketatutako profesionalek oso maila txikian ikusi zuten beren burua telesailean islatuta eta maila are txikiagoan, emakumezkoek. Bestalde, elkarrizketatutako ikasleek, telesaila ikusi ondoren, lanbidearekiko oso interes maila txikia agertu zuten. Egileen arabera, alde batetik horrelako medioetan egiten diren deskribapenak estereotipoekin datoz bat informatikarion lanarekin baino eta, bestetik, era horretako irudiek ez dituzte etorkizuneko profesionalak erakartzen. Eragin horien aurretik, nolako irudia dugu?
Testuinguru honetan esperimentu txiki bat egin dugu udaberrian. Joan den urteko azaroan UEUko Informatika Sailaren eta EHUko Donostiako Informatika Fakultatearen arteko elkarlanari esker www.code.org euskaratzea lortu ondoren, inguruko ikastetxeetara “kode ordu bat” eskaintzera joateko aitzakia ederra genuela sentitu genuen. “Kode ordu bat” ordubetez modu dibertigarrian programatzen aritzea eta oinarrizko kontzeptuak ikastea da. Mugimendu globala da, 180 herrialde baino gehiagotako milioika ikaslerengana iristen dena eta munduko edozein txokotako edozein pertsonak antola dezakeena. Informatika ingeniaritzako graduko ikasleak irakasle aritu dira Euskal Herriko 8 eskolatan, 10-12 urte arteko 350 ikaslerekin. Esperientzia hori izateaz oso pozik gaude denak; gaztetxoek ederki pasatu zuten eta ikasi egin zuten, eskoletan oso pozik daude jasotakoarekin, eta azkenik, irakasle lanak egin dituztenak ederki moldatu dira eta errepikatzeko prest daude! Datorren ikasturtean, mundu osoan egiten den unean antolatuko dugu kode ordua: abenduan.
Kode orduarekin batera, irudi bidezko inkestatxo bat pasatu diegu gaztetxoei, informatikaren erabilera esparruei eta informatikarien itxura eta lan-inguruneari buruz duten iritzia jasotzeko, eta 267 erantzun jaso ditugu. Lehenengo zertzelada batzuk ekarriko ditut hona.
Informatikaren erabilera esparruari dagokionez, medikuntza, artea, kimika, autogintza, jantzigintza, etxegintza, bideo-jokoak, musika, zuzenbidea, hizkuntzalaritza, ordenagailu-sareak eta hezkuntza eman zaizkie aukera gisa. Gaztetxoek horietan guztietan informatika erabiltzen dela adierazi dute neurri batean ala bestean, informazioa behar denean. Bideo-jokoen atzean informatika identifikatzen ez dutenak badiren arren, oro har, bideo-joko edo ordenagailu-sareak gehientsuenek lotzen dituzte informatikarekin. Beste muturrean medikuntza, artea, musikagintza eta zuzenbidea dira gaztetxo gehiagoren arabera informatika erabiltzen ez dutenak. Aukera horiek egitean, desberdintasuna handiagoa da eskolen arabera generoaren arabera baino.
Informatikari bat eta haren lan-ingurunea marrazteko eskatu diegunean, aldiz, alde nabarmenak agertu dira neskato eta mutilen artean. Neskek joera handixeagoa dute informatikariak taldean marrazteko mutilek baino (%24tik %17ra jaisten da), baina joera nagusia bakarka irudikatzea da. Betaurrekoen erabilera, ordea, berdin baloratzen dute batzuek zein besteek; irudien %42etan ageri gara betaurrekoekin. Informatikariaren generoa aztertzen badugu, erantzun guztien arabera, %30ek emakumea marrazten dute, %52k gizonezkoa, eta %17an zaila da bereiztea. Azterketa haurren generoaren arabera bereizten badugu, emaitzak oso desberdinak dira. Mutilen kasuan, emakumezko, gizonezko eta definitu gabekoen portzentajeak %10, %68 eta %21 dira hurrenez hurren, eta neskatoen kasuan, aldiz, %50, %36 eta %13. Inkestaren arabera, beraz, 10-12 urteko neskatoen erdiek eta mutil batzuek informatikariak emakume irudikatzen dituzte.
Zer gertatzen da gero neskato horiek heltzen direnean? Zer egin behar dugu etorkizunean teknologiara hurbil daitezen? Nahikoa da telebista itzaltzea? •