Izaga, Xabier
IKUSMIRA

BETIKOAREN AURKA (ETA ALDE)

Alarde parekidea txalotzea ez da derrigorrezkoa, baina askok parekidea izateagatik txalotzen dute. Alarde parekidea ez denaren –«tradizionalaren», «betikoaren»– alde (plastiko atzean gordeta) agertzea ere ez da derrigorrezkoa, baina asko parekidea ez izateagatik agertzen dira haren alde. Alarde hori ez da Vegako zenena, Tordesillasko ikuskizun debekatu berri hori askoz «betikoagoa» da, Erdi Arokoa. «Betiko» alardean ez dituzte emakumeak torturatu eta hiltzen, betegarri huts gisa eramaten baizik; alarde parekideko emakumeak ere ez dituzte hiltzen, iraindu eta mehatxatu baino ez. Baina emakumeak maite dituzte. Lehena, Guadalupeko Ama Birjina –hari egindako eskaintza da alardea–, herriko emakume guztiak baino errespetagarriagoa. Baina gainerako emakumeak ere maite dituzte, alardetik kanpo, ordea. Beti ez baina «betidanik» egiten ziren hainbat gauza aldatu egin dira, zorionez, eta beste asko, hala nola emakumeak baztertzen dituzten jaiak, aldatuko dira, «tradizioaren» aurka. Eta haren alde. Xabier Izaga Gonzalez