amagoia.mujika@gaur8.info
Entrevue
Laura Mintegi
idazlea eta irakaslea

«Nik jendearen inteligentziarekin kontatzen dut; ez dut nahi boto bat, ekintzaile bat nahi dut»

Duela lau urteko Gasteizko Legebiltzarrerako hauteskundeetan lehendakarigaia izan zen. Oraingoetan, Bizkaiko zerrenda ixten du, sinisten duen eta bizi duen proiektu baten alde.

Leioako Irakasle-eskolatik segitzen du herria egiten EH Bilduren Bizkaiko zerrenda ixten duen Laura Mintegik. Hiruhileko honetan komunikazioaz arituko da EHUko bere ikasleekin. Bera, behinik behin, komunikatzaile aparta da; badauka zer kontatua eta badaki nola kontatu.

Badira urte pare bat politikagintzaren trenetik jaitsi zinela. Orain berriz igo zara, EH Bilduren Bizkaiko zerrendak ixten, mezu argiarekin. Politikarekin berradiskidetu zara?

Ez nuen politikarekin berradiskidetzeko beharrik, nik politika ulertzen dudan moduan etengabe ari garelako politika egiten; denda batera joaten garenetik seme-alaben eskola aukeratzen duguneraino. Baina egia da gauza bat politika dela eta beste gauza bat sistema politikoa eta alderdikeria. Une batean ez zen posible izan eta bi urteren buruan berriz eskaini didate zerrendetan egotea. Baloratu dut orduan ikusitako arazoak konponbidean daudela, eta oso argia izan naiz, gainera, nire ustez arazoak zeintzuk izan ziren azaltzen. Proiektua baliagarria da, proiektuan sinisten dut eta ez dut motiborik ikusten nire ekarpentxoa ez egiteko.

Kanpaina bezperatan ekitaldi publiko batean esan zenuen gauza batzuk ez zirela ondo egin. Seguru kritika publiko horren aldekoak eta kontrakoak hurbildu zaizkizula.

Nire harridurarako eta nire pozerako jaso ditudan iritzi guztiak positiboak izan dira. Jende askok esan dit esan beharra zegoela eta ausarta naizela. Ez naiz ausarta, nire izaera da. Nik ez dut ulertzen ez eremu pribatuan ez publikoan engainua, are gutxiago nire burua engainatzea. Guztiok jotzen dugu gure buruari gezur txikiak esatera, justifikatzeko, lasaitzeko... baina saiatzen naiz nire buruari gezurrik ez esaten eta are gutxiago inguruko jendeari. Aitortu behar dut zerrendetan joan ezean ez nuela kritika hori egingo publikoki. Baina berriro zerrendetan agertuz gero, ezin nuen agertu ezer esan gabe. Kritika egiten dut berriz ere eremu publikoan jartzen dudalako nire burua. Eremu pribatuan segituz gero, ez nukeen egingo.

Kritika eta guzti, trenera igo zara berriro.

Bai. Une batean oso zaila zen zirkunstantzia desberdin asko uztartzea. Alde batetik, lau alderdietako koalizioaren ibilera instituzionala; bestetik, alderdi berri baten sorrera; hirugarrenik, instituzioetatik krisi ekonomiko basatia kudeatu beharra; eta, azkenik, berrasmatu beharra ezker subiranistaren politika ETA ondorengo garaian. Oso zaila zen. Hori guztia ondo egitea konplikatua zen eta akatsak egin dira. Baina larria ez da akatsak egitea, larria da akats horiek ez onartzea.

Ezkerrak gauza bakarra du: sinesgarritasuna eta komunikatzeko beharrizana. Bi gauza horiek galtzen baditugu, ez dugu tutik ere balio. Eta hori nire buruari aplikatzen diot. Une batean profil bat bete banuen, bi ezaugarri horiek nituelako izan zen. Baina ez banaiz sinesgarria eta ez badut komunikatzen, ez dut balio. Eta berdin gertatzen da ezkerrarekin, printzipio horiek gabe ez du inolako baliorik eta zentzurik. Akatsak onartzea eta kritika egitea ez da bakarrik beharrezkoa, gure esentzia da. Ez da kontu formala, guztiz estrukturala da.

«Gora Euskal Herria alaia» aldarrikatu zenuen lehendakarigaia zinenean. Orain, «Egin irri, egin herri» indartsu dabil.

Begirunea, sinpatia, irri egitea... ez da pose bat edo lelo bat, ezkerrak halabeharrez eduki behar du baikortasuna. Utopian sinisten baduzu, ezin zara abiatu horren bila modu triste eta ezkorrean. Elementu guztiak kontra dauzkagu, are gehiago oraingo garai neoliberalean. Horren aurrean alaitasuna, errespetua, baikortasuna... hori guztia da ardatza ezkerrean. Guk ez badugu errespetua besteekiko, ez da bakarrik ez dela eraginkorra politika egiteko orduan, gure printzipioen kontrakoa ere bada.

Indar handia hartzen ari da baikortasunaren aldarrikapen publikoa. Hainbeste sufritu duen gure herriak ez ote zuen irribarrerako baimenik?

Hain zuzen asko sufritzen duen herriak hobeto baloratzen ditu eta gehiago gozatzen ditu poza, albiste onak... tregoa emozional une horiek. Hain tentsionatuta gaudenean eta falta direnen absentzia hain presente dagoenean gure eguneroko bizitzetan, une alaiak oso intentsuak dira. Borroka latzenetan daudenen konplizitatea, elkartasuna, laguntasuna apartekoak izaten dira. Egoera horietan dena da benetakoagoa eta garaipen txikiak askoz handiagoak dira. Gerra garaian hori garbi ikusten da eta guk intentsitate baxuko gerra luzea bizi izan dugu.

Duela egun batzuk Urkulluk Etxerateko senideekin izan zuen hartu-emanak, adibidez, ez zuen asko enpatiatik eta elkartasunetik.

Badakigu ez dela sinesgarria EAJren “Pertsonak helburu” leloa. Ni asko haserretzen naiz ikusten dudan bakoitzean, eguneroko politikan zeharo alderantzizkoa egiten ari direlako. “Pertsonak helburu” baldin badira, ez utzi jendea etxerik gabe, ez bota kalera 3.000 lagun Osakidetzan eta 3.600 Hezkuntzan, ez kondenatu gazteak kanpora alde egitera edo bekadun izatera 30 urterekin eta soldata ziztrinekin –edo soldatarik gabe–... Ez bazaizu bihotza hunkitzen jakinda 5.000 ume asteburuero errepideetan egon direla kartzeletara bisitan joateko, zerekin hunkituko zaizu bihotza?

Eskuma bihozgabea da definizioz, pertsonaren aurretik interes ekonomikoa jartzen duelako. Zure burua behartuta ikusten baduzu “Pertsonak helburu” hori lelo bezala jartzera... Esadazu zer nabarmentzen duzun eta nik esango dizut zeren hutsunea daukazun. Kontziente dira pertsonak ez direla beren helburua. Eskuma da, eta eskumak ez dauka bihotzik, eskumak poltsikoa dauka.

Ez da izan Iñigo Urkullu jendeari oldartu zaion lehen aldia.

Bai, baina Urkullu beti alde batera oldartzen da, horretan ez da deskuidatzen. Presoen aldeko banderola atera zenean Lehendakaritzan; langileen eskubideen aldeko manifestazio batean; Etxerateko senideen kontra... nekez oldartuko da Espainiako erregearen edo Nazioarteko Diru Funtseko zuzendari Christine Lagarderen aurka. Horiek edozer esanda ere, poker aurpegia jarri eta isilik geratzen da.

Eta enpatia falta horren beste muturrean, EH Bilduren baitan emakume asko eta politika egiteko modu berriak sumatzen dira.

Bai. Nire begietara, ezkerra edo femeninoa da edo ez da ezkerra. Eta badakit batzuetan ez dela ondo ulertua izaten horrekin esan nahi dudana. Tradizionalki izaera femeninoari egotzi zaizkion balioak dira ezkerrak eduki behar dituenak. Eta ez baditu, ez da ezkerra. Ez badu enpatiarik, ez badu ahula babesten, ez bada arduratzen atzean gelditzen denarekin, ez badu adostasuna bilatzen... Hau da, emakumeek beren inguruan egin ohi duten kohesio lana, argamasa lana, ezkerrak bandera moduan izan behar du, bere ideologiaren ardatz izan behar du.

Emakumeak eremu publikoan banaka egon izan dira eta nekez horizontaldu zezaketen bertikala zen egitura bat. Ezkerraren egiturak horizontala izan behar baitu. Bi elementu batu dira: batetik, arauak aldatu dira, eta, bestetik, kupoak ezarri dira. Ni ez naiz inoiz izan kupozalea, ez bainuen uste emakume bat inon jarri behar zenik kupoak betetzeko, bere balioagatik baizik. Baina egia da horri esker egiturak emakumeengan pentsatzen hasi direla eta emakumeek beldurra galdu dugula. Bazeuden lehen ere emakume oso prestatuak, baina bigarren lerroan. Eta araudi horiek erraztu dute lehen lerrora ateratzea. Eta behin aterata –eta orain eklosioa ikusten ari gara– nekez geldituko dira. Egitura bertikalak horizontaltzen ari dira. Ikusi genuen Ahotsak ekimenarekin eta laster ikusiko dugu Emagunerekin, hilaren 30ean hiru urteko bere ibilbidea aurkeztuko baitu.

Ezkerrak femeninoa izan behar duela diozu. Ez duzu feminista esaten.

Bai, balio klasikoetan. Eta badakit batzuk haserretu egiten direla hori esaten dudanean. Femenino esaten dudanean modu klasikoan femeninotzat hartu izan diren balioez ari naiz. Femeninoak eta feministak ez daukate zerikusirik. Feminismoa ideologia oso bat da eta femeninoa izaera bat da. Badaude emakume oso femeninoak batere feministak ez direnak. Eta, aldiz, feministen artean badaude emakume asko izaera femeninoa ez dutenak.

Lacan psikoanalistak esaten zuen nobelista guztiek femeninoak izan behar dutela, bestela ez direla nobelista onak izango. Zer esan nahi zuen horrekin? Esan nahi zuen pertzepzio eta intuizio bereziak eta besteen lekuan jartzeko joera beharrezkoak zirela nobelak egiteko. Ezin zela nobela egin modu analitikoan, zentzuen bidez egin behar dela. Zentzu horretan esaten dut nik ere. Beste gauza bat feminista izatea da. Hori ideologia oso bat da.

Feminista al zara?

Nire belaunaldiko emakumeak feministak ginen jakin gabe. Nik eskertzen diet belaunaldi berriei lagundu izana gure eskizofrenia osatzen, nire belaunaldia oso eskizofrenikoa izan delako. Askoz ere alde handiagoa dago gure amengatik gugana, gure amamengandik amengana baino, edo gugandik gure seme-alabenganaino baino. Eklosioa gure belaunaldian izan da –datorren hilean 61 urte egingo ditut–. Gure amengandik gugana itzelezko aldea egon da. Lehenengo presionatu gintuzten formatu eta lan munduan sartzeko, emakume profesionalak izateko. Baina bide hori hartzen ari ginela presionatu gintuzten ama izateko. Gu izan gara lehen belaunaldia kasik 40 urterekin ama izan garenak. Zergatik? Presio soziala itzela izan delako.

Ez ginen feministak, baina feminista bezala jokatu genuen, gure buruari hori aitortu gabe. Aurreiritziak geneuzkan. Diskurtso feminista askotan nora ezean zegoela ikusten genuen, eta ez zigun gure eguneroko bizimodua konpontzen. Baina gure jokabidea oso feminista izan da, aldarrikatu dugulako ez ginela gizon-emakume, gizaki oso ginela. Horrela jokatu dugu, konplexurik gabe baina banderarik eraman gabe.

Eta orain konturatzen gara gure alabek oso modu naturalean hartu dutela gure aldarrikapena eta beraiek erakutsi digute hori zela feminista izatea. Nik aitortzen dut oso berandu deskubritu dudala feminista nintzela, agerian jarri didatenean guk egiten genuena bazela feminista izatea. Eta nola edo hala gure eskizofrenia osatu egin dugu, gizonezko baten moduan pentsatzen genuelako baina emakume baten moduan jokatu. Hori zen gure eskizofrenia.

Eta ezkerrak feminista izan behar du?

Bai, konplexurik gabe. Feminismoak garapen oso interesgarria izan du. Gaur egun sozializatzen ari diren balioak oso positiboak dira gizarte osoarentzat, ez bakarrik emakumeentzat. Guztiok irabazten dugu gizarte feminista batean bizi bagara, ez bakarrik emakumeok. Gizonak ere osoagoak, zoriontsuagoak eta orekatuagoak izango dira gizarte feminista batean.

Eta hori da gure lana orain, azaltzea ez dela beharrezkoa feminista izatea gizarte feminista bat aldarrikatzeko; ez dela beharrezkoa independentista izatea independentziaren alde egiteko eta ez dela beharrezkoa sozialista izatea ezkerreko politika bat aldarrikatzeko. Horiekin denak irabazten aterako garelako. Hori da gure borroka. Nik ez dut nahi feministak, independentistak eta sozialistak bizi diren gizarte bat, gehienen onura zainduko duen gizarte bat nahi dut, ikuspuntu praktiko batetik.

Gai sozialek pisu handia hartu dute kanpainan. Garrantzitsua da hori, ezta?

Zalantzarik gabe. Bihotza apurtzen zaigu jendea etxetik botatzen dutela ikusten dugunean eta horren aurrean zerbait egin nahi dugu eta ez dakigu nola. Badaude moduak eta hori da azaldu behar duguna.

Askotan tragedia hain handia jartzen digute parean, hain latza, horren aurrean indargabe sentitzen garela. Eta hori da bilatzen dutena, herritarrak desaktibatzea. Eta badaude neurriak, txikiak, norberaren esku daudenak. Eta jendea ari da hori ikasten. Horregatik ditugu, esaterako, elikagai bankuetan horrelako donazio kopuruak; horregatik ateratzen da jendea kalera eraso sexista bat dagoenean; horregatik gero eta jende gehiagok aurpegiratzen die erasotzaileei beren jarrera.... Bai, tragedia handia da, baina erakundeek bakarrik ezin dute hori konpondu, gutariko bakoitzak ere konponbidean parte hartu behar du.

EH Bilduk hauteskundeak irabaziko balitu eta Lakuara iritsiko balitz, berak bakarrik ezingo lituzke tragedia horiek konpondu jendea azpian, bultzatzen egongo ez balitz. Egia da, hala ere, lagungarria izango dela.

Hor dago Iruñeko sanferminetan eraso sexisten inguruan gertatu dena. Argi dago beste udal mota bat egoteak asko lagundu duela, baina herritarrak kalera atera ez balira eraso horiek salatzera, ez luke ezertarako balio izango. Hori da nik nabarmendu nahi dudana: erakundeek bakarrik, herritarrik gabe, ezer gutxi egin dezakete.

Herritar aktiboak edo pasiboak bultzatzea. Hortxe gakoa.

Nik jendearen inteligentziarekin kontatzen dut. Nik ez dut nahi boto bat, nik ekintzaile bat nahi dut. Konbentzituta nago zintzo jokatzen baduzu, egia aurretik jarrita, zure ahuleziak erakusten eta parean duzuna inplikatzen, beti erantzun positiboa jasoko duzula. Nik nire egunerokoan egiten dut, bai seme-alabekin bai lan munduan. Arazo baten aurrean beti teknika hori erabiltzen dut: arazo bat daukagu, biok. Ez da nire arazoa edo zure arazoa, biona baizik. Zer egin dezakegu? Elkarrekin bilatu behar dira irtenbideak.

Nik beti pentsatu dut jendearen inteligentziari apelatu behar zaiola, adi, inteligentziari, ez sentimenduei. Jendarte honetan espektakuluaren politika egiten ari dira eta jendea desaktibatu nahi dutenean hori egiten dute, sentimenduei apelatu. Kantek oso ondo esplikatzen zuen hori. Espektakulua erakusten digute eta horrek ikusleak behar ditu. Herritar guztiak nahi gaituzte ikusle; ikus dezagun, senti dezagun, baina ez pentsa dezagun. Esango digute nola gertatu den kontua, baina inoiz ez digute kontatuko zergatik.

Toni Morrison idazle eta Nobel saridunak esaten duen bezala, oso zaila zaigunean “zergatik” galderari erantzutea gure burua babesten dugu “nola” galderan. Zenbat ekintzaile, zenbat arma, nondik etorri dira... baina zergatik? Eta guk hori esplikatu behar dugu: zergatik. Zergatik irabazten duzu orain lehen baino gutxiago? Zergatik bota dute jendea kalera? Zergatik itxi dute lantegia? Zergatik, zergatik, zergatik...

Zergatik Arnaldo Otegi ez da izango hauteskunde hauetan lehendakarigaia?

Arrazoia argia da: beren ezgaitasunean uste izan dutelako liderra alboratuta mugimendua ahulduko zutela. Eta ez dute ezagutzen Euskal Herria, are gutxiago ezker subiranista. Alde batetik, erasoen aurka beti handitu egin gara. Eta, bestetik, hau ez da lider kontua. Hau herri mugimendu bat da, geldiezina.

Ikusi duzunez, ez da inolako traumarik izan, ez da sekulako kolpea izan. Muinean uste dudalako Arnaldo Otegiren tokia akaso ez dela Jaurlaritza. Nik duela lau urte esan nuen eta egurra jaso nuen horregatik, eta segitu izan dut esaten azken lau urteotan ere. Xabier Arzalluz inoiz ez da izan lehendakarigai, inoiz ez da egon Lakuan, baina berak kontrolatu du EAJren politika 25 urtean. Eta nik horrela ikusten dut Arnaldo Otegi, eta pena litzateke lurperatzea politika instituzionalean. Legebiltzarra oso estua da, parametro oso mugatuak ditu. Arnaldok askoz mugimendu gehiago behar du, korronte oso bat dinamizatu behar du, hori da bere egitekoa.

Baina lehendakari ona izango litzateke?

Bai, zalantzarik gabe. Arnaldo Otegi ona izango litzateke edozein lekutan, oso ona delako.