Izaga, Xabier
IKUSMIRA

«OSO LAN GOGORRA IZAN DA, BAINA MEREZI IZAN DU»

Hala esan zuen joan den asteazkenean Paco Etxeberriak, Juana Josefa Goñiren eta haren sei seme-alaben gorpuzkiak Legarreko leizean aurkitu eta ateratzeko lanak bukatutakoan. Hala diotsola dirudi Aranzadiko teknikariari, leizean hil eta desagerrarazitako familiaren azken aztarnak ateratzeko momentua jaso zuen argazkian. Beharbada ez zion hitzez esan, baina halaxe adierazten dute Etxeberriaren aurpegiko nekeak eta hilabetean biriketan eutsitako arnasa kolpetik askatzen ari dela ematen duen keinuak. 80 urte igarota, agerian da legenda triste baten itxura zuen istorioa egia are tristeago bat zela. Baina merezi izan du, Paco Etxeberriak frankismoaren biktimen senide bati entzun zionez, «haien hiltzaileek utzi zituzten tokian ez uzteagatik besterik ez bada ere». Jorge Fernandez Barne ministro espainiarrari, ordea, «berrogei edo ez-dakit-zenbat urte igarota» gerra irabazteko saioa iruditzen zaio, nonbait, Gazteluko familia hura, zalantzarik ez, galtzaileetakoa baitzen. Xabier Izaga Gonzalez