Xabier Izaga Gonzalez
IKUSMIRA

ESPAZIO PUBLIKOETAN BELDUR IZATEARI BIZKARRA EMANDA

Luis Jauregialtzo | Argazki Press
Luis Jauregialtzo | Argazki Press

Asteon, Emakundek «Kalea nirea da?» izeneko ikerketa aurkeztu du, emakumeek espazio publikoetan izaten duten beldurraren gaineko lana. Inor gutxi harrituko zuen ikerlanaren ondorio nagusiak: kalean eraso bat jasateko beldurrak emakumeen askatasuna murrizten du. Neskek mutilek baino leku arriskutsuagotzat jotzen baitute kalea. Halaxe baita; ez berez, baizik eta pentsamolde zahar bezain arriskugarri bati helduta segitzen dutenak beldur direlako. Ikerketa hori aurkeztu zuten egun berean, Leioan 14 urteko neska batek bezperan jasotako eraso sexuala salatu zuen jendetzak. Argazkiko lehen planoan, 14 urte inguruko zenbait neska ageri dira, bizkarrez. Euren aurpegiak ez agertzeko ote? Baliteke. Hala ere, sinesgarriagoa da, salaketa ekitaldian direnez, beldurrari bizkarra ematea erabaki dutela. Pentsamolde zaharkitu eta arriskugarri baten menpekoek beren boteretxo beldurgarria galtzeko beldurrez eragiten duten ikarari bizkarra ematea. Xabier Izaga Gonzalez