Oihane Larretxea de la Granja
ONDAREA SOINEAN

Egun «baserritar jantzi» gisa ulertzen dena leial al zaio jatorrizkoari?

San Tomas egunez gure herrietako plazak «baserritar jantziekin» beteko dira aurki. Egun horiak, berdeak, arrosak… dira, hamaika aukera daude, baina nolakoak ziren jatorrian? Zein izan da jantzion garapena? 36ko gerrak desagerrarazi zituen eta ondoren eredu bat inposatu zen bat lurralde bakoitzeko, urdin ilun edo beltz motaduna tartean.

Badira etxeetako armairuetan goialdeko apalategietan pilatzen diren kutxak. Bertan oso noizean behin behar ditugun gauzak eta objektuak gorde ohi ditugu. Adibidez, bertan gordetzen dira inauterietarako mozorroak, Gabonetako zuhaitz eta apaingarriak edota danborradako jantzia eta barrila. Justu alboan, beren lekutxoa dute San Tomas egunean nahiz euskal jaietan erabiltzen ditugun jantziek. Gona, mantala, txapela, abarkak eta zapia, besteak beste. Iristear da txistorra eta talo mokaduekin disfrutatzeko eguna, eta, beraz, asko igoko dira aulki batera goialdeko apalategitik dagokion kutxa ateratzeko. Garaiz atera, beharrezkoa bada gonaren barrenak luzatu eta plantxatzeko, txukun-txukun prest uzteko. Liturgia hutsa, urtero-urtero betetzen dena.

Azken urteetan horrelako ospakizunetan “baserritarrez” janzteko joera asko areagotu da, baita jantziok egiteko sormen lana ere. Hala, jantzi ilun motadunetik kolore alaietara igaro gara: horia, berdea, gorria… Aukerak hamaika dira egun, bakoitzak bere estilora eraman du betiko jantzia, bakoitzak bere egin du, bere izaera edo gustuak hobekien adieraziko dituzten arropak aukeratuz. Modernoa da aipatutako joera, horretan zalantzarik ez dago. Baina non du oinarria? Zein zen hasiera batean “baserritar jantziaren” erabilera? Bada, patxadaz azal dezagun, nork erabiltzen zuen eta noiz, den-denak baitu bere zergatia.

Janzki herrikoia ez zen bakarra, ezta iraunkorra ere, eta geografiak nahiz ezaugarri sozial edo profesionalek eragina zuten diseinuan, Bilboko Euskal Museoak jasotzen duenez. Eta iraganean ere, gaur egun bezalaxe, hirietako moden eraginei lotuta zegoen; mantso heltzen ziren landaguneetara eraginok, baina heltzen ziren, ondoren bakoitzak jantziak bere erara pertsonalizatzeko. «20ko hamarkada arte moda alde batetik zihoan, eta, janzkera herrikoia, bestetik. Janzkera herrikoiak oso poliki eboluzionatzen zuen, tarteka erosten zuten modan zegoen soinekoa, bai, baina garapena geldoa zen, etxean egindako arropak erabiltzen zituzten, lihoarekin egindakoak», dio Ane Albisu Ikerfolk taldeko kideak.

Lihoaren landaketak jantzien ekoizpena sustatu zuen, eta burutik oinetarainoko janzkiak egiten ziren ehunokin: atorrak, zapiak, mantalak, alkandorak, galtzak eta gerrikoak. Kostaldean, berriz, argizariz igurtzitako lihozko mihiseekin egindako uretako janzkiak zituzten, bertako klimari egoki aurre egiteko. Artileari esker jakak eta galtzerdiak egiten ziren besteak beste, eta larruzko abarkak baserriko ardien larruarekin egiten ziren. Gogortu ez zitezen, eta baldintza onetan mantentzeko, belar artean gordetzen ziren, hezetasuna mantentzeko.

Euskal Herriaren aberastasuna ondo islatzen da jantzietan ere, aniztasuna erabatekoa baitzen, bereziki beste lurraldeekin muga egiten zuten lekuetan; adibidez, Bizkaiko mendebaldea, Lapurdi eta Zuberoa iparraldea. Bilboko museo etnografikoaren arabera, Nafarroako Pirinioetako ibarretan erabiltzen ziren janzki zeremonial «aberats eta dotoreek» berezko nortasuna zuten, hainbeste, «Euskal Herriko gainontzeko tokietan parekikorik ez zutela».

Jantziak zerbait zurrun edo itxia ez izate horretan eragina zuten, neurri berean, jaiek, ekitaldi sozialek, zeremonia zibil nahiz erlijiozkoek. Ezberdinak ziren, gaur egun gertatzen den bezalaxe, egunerokoan erabiltzen ziren arropak edo egun berezietan janzten zirenak. Horretan berdintsuak gara aurreko gizaldietako euskaldunak eta egungoak.

Lurraldekako jantzi artifizialak

Gaur egun berezko janzki tradizionaltzat jotzen denak XVIII. mendean du jatorria, lehen aztarnak zaharragoak diren arren. Funtsean aldatu gabe mantendu da, XIX. mendeko modaren eraginak eragin. Industrializazioak ekarri zituen aldaketa gehiago: denbora luzez mantendutako formak galdu, modernizatu eta prezio egokian erosteko aukera ireki zen. Zoritxarrez, 36ko gerrak, beste gauza asko bezala, desagerrarazi egin zituen jantziak, eta egun garaiko arropa batzuk baino ez dira gelditzen.

Hiru urteko gerra amaitzean, Falangearen Emakumezko Sekzioari eman zitzaion jantziak berreskuratzeko ardura; dantza taldeak sortu zituzten, “janzki erregionalak” deitutakoak sortuz. Hanka-sartzeak bata bestearen atzetik egin zituzten berreskuratze saiakera horretan, izan ere, jatorria eta jantzi originalak errespetatu eta aintzat hartu gabe, alderdi estetiko batzuk asmatu eta estereotipoak sortu zituzten. Lurralde banaketa ere artifizialki egin zen, probintzien arabera: Gipuzkoaren kasuan, puntudun jantzi urdina; Nafarroan, Erronkari bailarakoa; eta, Bizkaian nahiz Araban, “irule” izeneko jantzia ofizial egin zen, marra belzdun gonazpiko gorriarekin. Pololo zuriak, alegia, barruko arropa zena, jantzi herrikoiaren eta hiri girokoaren arteko nahasketaren “biktima” izan ziren. Ezinezkoa zen garai batean inongo emakumek horrelakorik eramatea! «Banaketok mimetikoki errepikatu ziren, eta, kasu askotan, benetako bezala hartu zituzten», dio Bilboko Euskal Museoak.

Ondarea berreskuratzeko benetako ahalegina, historia eta tradizioari leial izanik, 70eko hamarkadan heldu zen, dantza talde asko eta Donostiako Argia taldearen eskutik, Juan Antonio Urbeltz buru zela.

Ikerketa lan horietara batu zen Albisu bera ere 70eko hamarkadaren amaieran, eta geroztik horretan ari da, besteak beste. «Gure benetako jantziak» gizaldiaren hasieran galdu zirela dio, «etorri zelako mugimendu bat ez zituena tradizioak eusten: dantza eta jantziak mundu idealizatu batetik hartu zituen. Norbaitek pentsa lezake eboluzio bat direla, baina ez da hala. Eboluzioa zurea ezagutzen duzunean ematen da». Eransten duenez, ezjakintasun handia egon da batetik, eta, bestetik, zokoratu egin da denbora luzez «geurea» zen guztia.

Argia taldea ohartu zen herri honen beste jakintza askorekin gertatu ez zen bezala, jantzien munduan ez zela inolako transmisiorik egon. Horregatik, alde pedagogikoan indar berezia egin zuen.

«Benetan nola janzten ziren ahaztu eta beste bertsio bat egin genuen, baino arau batzuk errespetatu gabe, fidelak izan gabe; hori ez dugu hartu behar gauza txar bezala. Une haietan nekazaritzaren lotutako mundua ideala zen, bukolikoa. Hiritarrek beren ikuspegitik jorratzen zituzten gauzak; horregatik, baserrien gainean ditugun koadro batzuk oso-oso fidelak dira, eta, beste batzuk, berriz, ez». Kontatzen duenez, euskal jaietan norgehiagokak egiten zituzten baserritarrez hobeto nor janzten zen neurtzeko. «Baserritarrak hortxe zeuden, haiengana jotzen zuten, baina, aldiz, zergatik janzten zituzten abarkak baserritarrek inoiz janzten ez zituzten moduan?».

Gauzak orduan ere ez ziren gaur egungoetatik hain ezberdinak. «Geuk gaur egiten dugun moduan, fenomeno bat hasi zen moda sartu zelako tartean; hori egitea moda bat zen, eta hala jarraitu dugu. Gaur egun egiten duguna ez da erreprodukzioa. Horia, berdea… erabiltzea, hori sormena da, baina ez da fidela».

Hala, gaur egun plazetan ikusten diren jantzi koloretsuak ez dira inondik inora inoiz existitu, eta interpretazio garaikidea baino ez dira. Albisuk, baina, ez du joera hori kritikatzen, «minigona baserritarrarekin» ateratzen direnak kritikatzen ez dituen bezala. «Ikertzailea naiz, eta, beraz, ezin dut kritikatu, ikusitakoarekin harritu eta hausnartu besterik ezin dezaket egin». Penatzen duena, hori bai, ezjakintasunez egitea da. «Baina noiz irakatsi digute gure ondarearen alderdi hau?», dio.

Ezkutu-ageriko aldarrikapenak

Buruko zapiak ere izan du bere protagonismoa eta papera. 30eko hamarkadan, adibidez, denak berdin-berdin janzten ziren, uniforme gisa. Emakumeek ez zituzten zapiak baserriko emakumeek bezala janzten, eta ilea erakusten hasi ziren. «Beren ilea erakutsi nahi zuten, ez zirelako baserriko emakumeen irudi harekin identifikatzen. Zapia arrotza zitzaien, eta nola edo hala beren benetako janzteko modua erakutsi nahi zuten». Frankismoan, berriz, aldarrikapen kutsua hartu zuen, azpikogonak bezala. Hasteko, azpikogona jatorrian ez zen sekula erakutsi, eta ondoren jarritako zinta berde eta gorriak mezu bat helarazteko baliagarriak ziren: Euskal Herria, ikurrina. Hori mantendu egin dugu.

80ko hamarkadan, folklorismo eskuindarrarekin lotu zuten batzuek jantzia, eta egon zen gainditu beharreko kontua zela uste zuen korronte bat ere. «Nola hasiko gara ba baserritarrak bezala janzten? Goazen eboluzionatzera!». Horrelako usteak zituen jendea egon bazegoen, eta neurri batean gaur egun horren hondartxo bat ere gelditzen dela uste du.

Dugunaz harro egotea, jakin eta ezagutzea, eta irakurketa garaikideak egin edo tradizioari fidel izan, burutik janzten hastea gomendatzen du Albisuk. “Txapela buruan eta ibili munduan” ez ei da esateagatik esaten...