Nagore Belastegi Martin
infraganti

TELMO IRURETA

Aktorea da Irureta. Hori baino gehiago ere bada, baina berari gehiegizkoa iruditzen zaio horiek aipatzea ez delako identifikatuta sentitzen. Esan dezakegu irakasle eta pedagogia ikasketak egin zituela, eta gidoilari zein zuzendari lanetan aritu dela. Baina aktore izatea gustatzen zaio zumaiarrari eta hori da etorkizunean egin nahi duena.

B ihar 28 urte beteko ditu Telmo Iruretak. Puntualitatearekin nahiko maniatikoa dela aitortu dit eta horregatik eman dio amorrua Zumaian, bere herrian, genuen zitara pixka bat berandu agertzea. Eta horregatik, agian, ziztu bizian etorri da bere gurpildun aulkian. «Kontuz, ez naiz oso gidari ona!», esan du taberna baterantz gerturatzen garen bitartean. Bertan izan dugu bere proiektuei buruz mintzatzeko aukera, burua beti ideiez beteta baitauka. Coca-Cola berarentzat, kafesnea niretzat.

Irakasle ikasketak egin zituen EHUn eta ondoren pedagogia ikasi zuen, baina Iruretaren bokazioa aktore izatea da, eta, horregatik, antzerki eskolan hasi zen. Pare bat film labur zuzendu ditu jada eta gidoiak ere idatzi ditu, baina berak aktorea dela dio. Elena Irureta izeba ere aktorea da eta bera omen da duen kritikorik gogorrena.

Egun Alex Telloren antzezlan batean protagonista da Xanti Agirrezabalarekin batera. “Jendartean bidaide” lanaren moldaketa bat da “Inklusioaz formatu txikian”, non umorearekin minusbaliotasuna, emakumeak edo bullying-a bezalako gaiak jorratzen dituzten. Ainhoa Moiuak eta Jugatx Agirrek, edo Arantza Martinek eta Lierni Iparragirrek eurek esandako guztia zeinu hizkuntzara itzultzen dute. Lanak ez du ez hasierarik ez bukaerarik, moldatzen doan bi lagunen arteko elkarrizketa da.

Maitena Illarramendirekin batera, ordea, pelikula bat osatu nahian dabil Irureta. Bere bizitzan oinarritutako dokumental bat izango da, nola gaixotu zen kontatuz. «Gauza gehiegi grabatu genituen eta ez da ezer ulertzen. Pertsonaia asko sartu genituen, familia eta lagunak, eta orain materiala garbitzea gelditzen zaigu, baina pena ematen du gauzak kentzeak... Pentsatu dugu ondoren beste pelikula bat egitea: ‘Nola ez zen egin’», dio barrez.

Dokumentalak “De agua y arena” izena izango du. «Nire amak testu bat idatzi zuen gaixotu nintzeneko etapa nola bizi izan zuen kontatzen. Ospitaleko hiru aste horietan zer sentitzen zuen, bere beldur eta emozioak... Testu hori oso polita da. Hondartzan geundela hasi zen guztia: lehen sintomak, ezkerreko eskuaren mugimendu arraro bat... Amak azaltzen du nola gogoratzen den nire hanka potolotxoez, itsasoko urak zuritutako nire azazkalez... eta hor aipatzen du ura eta harea. Hortik irten da ‘De agua y arena’ izena».

Telmo Iruretak garun paralisia dauka eta horregatik ibiltzen da gurpildun aulkian. «Ez dakigu nola sortu zen. Normalean jaiotzetik izaten da paralisia, baina, ni oso originala naizenez, nire kasuan geroago etorri zen –kontatzen du barrez–. Bi urte eta erdi nituen eta birus bat sartu zitzaidan. Herpesaren birusa omen zen, baina berez medikuek ere ez zekiten. Entzefalitis bat sortu zidan eta ordutik dut garun paralisia».

Bere lana gaixotasunari buruz hitz egiteko baliatzen du. Hala, Donostia 2016ren barruan Amaia Ruiz de Galarretarekin batera ipuin bat idatzi zuen, “Telmoren abenturak” izena duena, eskoletako haurrei kontatzeko. Eta horretarako kontaketa egokitu egiten dute: «Imajinatu zuen burua puzzle bat dela. Puzzle batek pieza asko ditu, ezta? Bada, horietako batzuk puskatzen badira ez dute ondo bat egiten besteekin. Horrek egin zuen Telmo gorputzeko mugikortasuna galtzen joatea, eta pixkanaka-pixkanaka bere gorputza okertzen eta ahultzen joan zen. Azkenean gurpildun aulkian ibiltzen da Zumaiako kaleetan barrena».

Helduei zuzendutako lanetan beste ikuspuntu bat ematen dio gaiari. Adibidez, badauka bakarrizketa formatuko ikuskizun ironiko bat, “Toquecito minus”, non minusbaliotasuna izatearen abantailak azaltzen dituen, zoragarria izango balitz bezala. Esaterako, aparkatzeko lekua du, unibertsitateko matrikula doakoa da, autobusa merkeago kobratzen diote...

Facebookeko jarioa

Sare sozialetan ibiltzea ere gustatzen zaio, batez ere Facebooken. Bertan bere gauzak kontatzen ditu eguneroko bat izango balitz bezala. «Jendeari ez zaio interesatuko, baina niretzat eguneroko bat bezalakoa da; hori bai, publikoa. Ez dut ulertzen giltzapeko koadernoak zertarako diren. Ondo gordetzen diren sekretuak idatzi gabe dauden horiek dira. Eta zertarako idatziko dituzu inork irakurriko ez baditu?», esaten du argi eta garbi. Berarentzat sare sozialek ez dute intimitaterik kentzen, norberak baizik. «Zerbait jakitea nahi ez baduzu, ez jarri eta kito».

Sare sozialen bitartez, gainera, pedagogia ikasten ari zela ikaskideekin garatu zuen proiektu bati jarraipena emateko aukera du. “Sex moduz” deitzen zen lan hura eta sexua eta minusbaliotasuna uztartzen zituen. Dotore atera zitzaienez horretan oinarrituta pertsonaia bat sortzea okurritu zitzaien. «Niri ez zait inporta nire gauzak kontatzea, baina nire intimitatea beste batena ere bada. Ingurukoei eragiten die. Orduan pertsonaia horren bidez gauzak lasaiago kontatzen ditut. Lia Carasusan du izena eta trabestia da. Trabestia eta ezgaitua, dena dauka!», kontatzen du barreari eutsi ezinik. Pertsonaia horrekin Youtube kontu bat ere egin nahiko luke noizbait.

Ordenagailuan ibiltzeko tableta bat erabiltzen du. Eskuan imana duen boligrafo bat lotzen diote eta tabletan idazten du kurtsorea mugituz. Whatsappa ere ordenagailuan dauka. «Kalean banago norbaiti eskatzen diot mezua bidaltzen laguntzeko, baina ordenagailua izateak lasaitasuna ematen dit. Bestela ez dut intimitaterik, beste norbaitek idatzi behar didalako mezua», azaldu du.

Bere gaixotasunari buruz taburik gabe hitz egiten du Iruretak, argi utziz arazoa gainontzekoek izan ohi dutela sarri. Bere ustez garrantzi gehiegi ematen zaio hitz egokia erabiltzeari: “minusbaliotasuna”, “ezgaitasuna”, “aniztasun funtzionala”... Berak ezgaitasuna erabiltzen du, gauza askotarako gai den arren. «Nik ezgaitasun bat daukat, baina ez naiz ezgaia. Nik dudan zerbait da, ez ni naizen zerbait», esaten du zalantzarik gabe.

Inoiz ez dio bere buruari mugarik jarri, «bizitzak jada mugak jartzen dituelako». Ametsak ditu eta horiek betetzen saiatzen da, eta, erortzen bada, altxatuko da! Bere ustez, positiboa izanik gauza asko lor daitezke. Beste batzuk ez, baina berdin du, garrantzitsua saiatzea da. Gainera, berari gertatzen zaio zerbait saiatu eta azkar lortzen ez badu aspertu egiten dela eta ideiez aldatzen duela. «Ametsak amets dira, desagertzen diren arte. Jendeak dio ametsengatik borrokatu behar dugula, baina, ametsak, xaboizko ponpak bezala, lehertu egiten dira batzuetan. Eta hori ez da tristea, amets hori jada existitzen ez delako eta beste batzuk sortuko direlako».

Burua beti lanean

Aulkian egon arren, berdin hezi zuten bere gurasoek. Laguntza gehiago behar du, hori egia da. Jaten eman behar diote, komunean lagundu behar diote, goizero jaiki eta jantzi egiten dute... baina gainontzekoen heziketa berdina jaso zuen. Eta hor bazuen «desabantaila bat»: «Nik beti ondoan laguntzaile bat nuen. Beste batek etxeko lanak egiten ez bazituen, harrapatuko zuten agian, edo agian ez. Baina nik beti ondokoari erakutsi behar izaten nizkion...», kexatu da brometan.

Zentzu horretan, aipatzen du ahal duen guztietan «aprobetxatu» egiten dela norbaitek gainontzekoek baino gutxiago egiteko eskatzen dionean. Kontatzen du baduela lagun bat bera bezala aulkian dagoena eta berari ez zaiola gustatzen gutxiago eskatzea, berak ahal duela erakutsi nahi duelako. Baina Iruretak dio ez diola inori ezer erakutsi behar. «Gutxiago egiteko eskatzen badidate, ba primeran, aprobetxatuko dut! Beti ez dira horrelako aukerak suertatzen. Pentsa ezazu tontoa naizela, nik badakit ez naizela», dio barrezka, inori ezer erakutsi behar ez diola adieraziz.

Burua bete proiektuz utzi dugu Irureta. «Nire amak esaten dit: ‘Ene, mutil, zenbat proiektu!’. Bera ni baino gehiago nekatzen da nire proiektuez, eta, gainera, ez du ulertzen zergatik bat bukatu baino lehenago beste bat dudan buruan. Burua beti dago lanean!».•