Xabier Izaga Gonzalez
LANKIDETZARAKO GIDA

Gaztaroko artritis idiopatikoa duten ikasleen bizi-kalitatea hobetzeko gida

Gaztaroko artritis idiopatikoari modu integralean aurre egiteko, Ezkerraldea-Enkarterri-Gurutzeta Erakunde Sanitario Integratuak eta Lakuako Hezkuntza Sailak gida bat jarri dute irakasleen eskuetan. Helburua argia da: gaixotasun hori duten ikasleen integrazioa eta parte hartzea erraztea.

Oso hedatuta dago gaixotasun erreumatikoek helduei erasaten dieten ustea, eta hala da nagusiki. Baina helduaroan ez ezik, beste edozein adinetan ere has litezke. Adituek nabarmentzen dutenez, 1.000 haurretik batek edo bik izango dute gaixotasun erreumatikoren bat, eta ohikoena gaztaroko artritis idiopatikoa da. Jatorri ezezaguneko gaixotasun erreumatiko hori sistema immunitarioaren asaldura batek eragiten du. Asaldura hori gauzatzean, faktore inflamatorioak sortzen ditu, kantitate desorekatu, neurriz kanpoko eta kontrolik gabekoetan. Ondorioz, artikulazioak estaltzen dituen mintz sinobiala handitu egiten da, gehiegizko likidoa agertuz, “isuri” izenekoa.

Gaztaroko artritis idiopatikoa 16 urte arteko pazienteetan diagnostikatzen da, artikulazioren batean artritisa dagoenean (mintz sinobialaren hantura), gutxienez sei aste irauten duenean eta bestelako motiboak baztertu direnean. Diagnostikoa egitea ez da erraza, ez baitago metodo zehatzik eta sintoma-multzoei jarraitu beharra baitago. Gaixoak artikulazio baten edo gehiagoren mina, hantura eta mugikortasun murrizpena izaten ditu, eta, sarri, beheko gorputz-adarretako mugikortasun murrizpena dela eta, errenka ibiltzen da, edo ez du ibili nahi izaten. Hanturak irauten duen bitartean, artikulazioek osatzen dituzten egituren lesio-arriskua dago; horregatik, oso garrantzitsua da diagnostiko azkarra eta gaixotasuna tratatzea epe luzeko bilakaerarako.

Lankidetza, funtsezkoa

Ikerkuntzak gaztaroko artritis idiopatikoaren ondorioak arindu egin ditu, gero eta baliabide terapeutiko hobeak lortuta; hala ere, maiz sintomak garbi sumatzea ez da erraza izaten. Bestetik, gaixotasunak haurrengan eta euren familiengan duen eragina latza da, haien bizimodua nabarmen baldintzatzeraino. Etxean eta etxetik kanpo. Horregatik, gaztaroko artritis idiopatikoari modu integralean aurre egiteko, funtsezkoa da ikastetxeekin batera lan egitea, gaixotasuna duten ikasleek nola ikasgelan hala eskolako kirolean integratzeko behar dituzten egokitzapenak eskura izan ditzaten, aldi baterako edo beti.

Jarraipena hobetzeko gida

Horiek guztiak aintzat hartuta, paziente eta familien beharrei erantzuteko eta familiaren eta eskola esparruaren lankidetza tratamenduaren parte dela ulertuta, Ezkerraldea-Enkarterri-Gurutzeta Erakunde Sanitario Integratuak eta Hezkuntza Sailak gaztaroko artritis idiopatikoari buruzko informazio triptiko bat eta gida labur bat egin dituzte, hainbat osasun profesionalekin eta hezkuntzako aholkulariekin elkarlanean. Triptikoak eta gidak, gaixotasunari buruzko informazioa, aholku orokorrak eta ikasleen inklusioa eta parte hartzea errazteko ariketak biltzen ditu, hezkuntzako profesionalek, gaixotasuna duten ikasleen eragozpenen jakitun, haien bizi-kalitatea hobetzen laguntzeko.

Ezkerraldea-Enkarterri Gurutzeta Erakunde Sanitario Integratuak prebentzioa eta lankidetza bultzatzeko premia nabarmendu ditu: «Erakunde Sanitario Integratuaren eta Osakidetzaren estrategiarekin bat dator ildo hau; hartara, gure eragin-eremuko eragile ezberdinen arteko lankidetza sistematikoa eratuko da biztanleen osasunaren determinatzaileen aurrean. Horri esker, osasun sistema erabiltzen dutenen gaineko jarduketetan parte hartu ez ezik, jarduketa hori handitu ere egin nahi dugu osasunean eragiten duten beste eragile eta erakunde batzuekin koordinazioa eta lankidetza bilatuz». 

Osasun zein hezkuntza arduradunek diotenez, profesional sanitarioek eta hezitzaileek batera lan eginez tresna baliagarriak sortuko dituzte, bai gaztaroko artritis idiopatikoa edo bestelako gaixotasun kroniko pediatrikoen diziplina anitzeko arreta errazteko, bai heziketa inklusiboagoa lortzeko.