Iratxe Urizar

«Pussyhat»

Ameriketako Estatu Batuetako Donald Trump presidente berriak hautsak harrotu ditu bere herrian. Asko izan dira bere aurka altxatutako ahotsak, eta, egia esan behar badut, sortu den mugimendu sozial ikaragarriak poztu egin nau. Ez du logikoa ematen horrelako herrialde handi batean tamainako gizarte mugimendurik ez egoteak. Hala ere, bertan ematen diren manifestaldiak foku mediatikotik guztiz at daude eta Michael Moore zinema zuzendariaren dokumentalegatik ez balitz, publiko orokorrak ez luke horien berri izango. Egia da egon badela gizarte mugimendua; izan ere, preso politikoen aldeko elkarteen aldetik maiz jaso dugu Euskal Herrian elkartasun beroa (Leonard Peltier eta Mumia Abu Jamalen alde lan egiten duten taldeak besteak beste), eta gure herriko errealitatea bazter horietara zabaldu izan dute eta zabaltzen jarraitzen dute. Baina azken asteotan gertatutakoa benetan historikoa iruditzen zait.

Alde batetik, inbidia sortzeko moduko ahalmena erakutsi dute masak antolatu eta komunikazio tresnak eskaintzeko orduan. Crowfunding bidez (hemen ere ezaguna den tresna izanagatik oraindik ere bere birtualtasun osoarekin ez dugu aurrera eramaten finantzaketa kolektiboa), denen eskura jarri dituzte komunikazio euskarriak eta horiek guztiak baliatu ahal izan dira herrialde zabal horretako hiri ezberdinetan antolatutako martxa eta protestetan. Mundu mailan ezagunak diren artisten parte hartzea zuzena izan da, eta ez soilik modu anonimoan; oholtza hartu izan dute batek baino gehiagok. Gogoz gomendatzen dut ere Angela Davisek botatako hitzak irakurri edo entzutea, sarean eskuragarri daudenak lehen unetik ia. Musikariak, Hollywoodeko aktoreak… batu dira euren lehendakari berriaren hitzen aurka eta hartzen hasita zegoen neurrien kontra. Washingtoneko ekimenean bildu zen jendetzaren irudiak benetan izugarriak dira; pentsa, AEBetan gogoratzen den mobilizazio handienetakoa izan zen.

Oso aipagarria izan da emakumeen parte hartze eta protagonismoa mugimenduotan. Ahoberoa den (beste gauza batzuen artean) lehendakari berriak esandakoaren aurrean kritikarik zorrotzenak emakumeen aldetik etorri dira. Oso deigarria iruditu zait indar handiz sortutako Pussyhat mugimendua. Hainbat argazkitan ikus zitezkeen katu burua ematen zuen artilezko txano arrosarekin jantzitako emakumeak. Hitz joko bat tarteko hasi zen ideia: oso ezagunak egin ziren aluen inguruan Trumpek esan zituen hitzak. Bere esanetan, emakumeak alutik hartzea erraza da, hala egiten omen zuen berak maiz. Alu hitza pussy ere esaten da, txano hat eta katakumetxo pussy cat izanik, hor dugu pussyhat hitz jokoa.

Aitortzen dut oraindik ere arazoak ditudala gai serioen inguruan kanpaina ez serioak diruditenak onartzeko. Txanoen kanpainak ere izan ditu zentzu horretan hainbat kritika. Horrez gain, arrosa kolorearen erabilera dago (kolore horrek dituen konnotazioak ezin ahantz daitezke). Txanoak artilezkoak dira, azkenaldian asko ugaldu diren jostunen klubetan egindakoak. Bertan, emakumeak elkarrekin josteko biltzen dira (gizon batzuk ere bai, baina emakumeak dira nagusi). Taldeon bultzadaz sortu zen mugimendua; arrosa koloreko txanoak egiten eta saltzen hasi ziren, eta, modu horretan, mobilizazioetarako gastuetan laguntzen zuten. Gustatzen zait arrosa koloreari buelta bat ematea eta borrokarako sinbolotzat hartzea. Gustatzen zait, batez ere, “alu” hitza aldarrikatzea. Argi dagoena da mugimendua sakona dela eta izugarri hedatu dela AEBetan barna; babes handia lortu du eta presidente berriaren emakumeen aurkako hitz eta neurrien aurrean irmo azaltzen den aukera berri eta ilusio sortzailea bilakatu da.

Trump lehendakariaren aurretik egondakoak berak baino askoz gehiago egin zutenik ez dut uste, ez eskubideen alde, ezta eskubideen aurka ere ez, nahiz eta formatan hain nabarmenak izan ez. Hala ere, benetan ospatzekoa da bera lehendakaria denetik AEBetan eman den gizartearen antolakuntza maila. Oso norabide positiboan eman dela iruditzen zait gainera, borroka ideologiko bilakatu baita, ez soilik Donald Trumpen aurkako diskurtso pseudo-elektoralista. Hurbiletik jarraitzeko modukoa. •