Xabier Mikel Errekondo

Sexu santua

Sexurik ez ezkontideen artean eta bikote egonkorretan (azken iraultza) salbu... Sexua giltzarrapopean, alua, bularrak, zakila, uzkia, ferekak... Pentsamendu lizunak bekatu!

Belaunaldiz belaunaldi iltzatutako heziketatik erditutakoak gara eta nago oraindik ere prejuizioen korapilo estuetatik askatzeke gaudela. Zer esanik ez apezak. Pentsamendu zikinen bekatuak garbitzeko penitentzia bide, flajelazioa latigoz joz bizkarra garretan odoleztu arte… Baina sotanadun ala gabe guztiok gara pertsona sexudunak eta sexu grinak barru mugak irakiten dizkigun bakoitzean talka eragiten digu aurreiritziekin.

Kenduta Ama Teresa Kalkutakoarekiko edo senideen eta lagun hurkoen artean senti daitekeena, ez dut sinesten sexurik gabeko maitasunean, ezta aingeruen sexuan ere.

Sexua haragizkoa da, gordinki ala maitasunez zipriztinduta liteke goza, eta hainbesteko indarra du espiritu santua bera ere zeruetaraino altxa dezakeela. Agian horregatik inoiz ez digute harridurarik sortu sotana betiko albo batera utzi eta molde guztietako harreman osora entregatu diren apaizek, arre eta emanera… Gainontzekoek sinesmenen eta elizaren hierarkiaren eraginpetik barne beroaldiak kanporatzen dituzte, bakarrizketan gehienek, hartu-eman borondatezkoetan batzuek, baina badira bortxazkoetara biziatzen diren sotana altxa arinak ere.

Kontua da bizitzaren ibilian milaka adjektibodun paletatik koloreztatzen dugula izaera eta, pertsona gisa ezberdinak osatzen bagara ere, sexuaren garrak guztioi dizkigula barruak pizten, sotana eraman ala ez.

Norberak asmatu behar du prejuizioei aurre egin eta barne beroaldiei irtenbidea ematen inor bortxaz hartu gabe. Zuzenekoa edo birtuala, jolas erotikoak ez du mugarik, f(laj)elazioa edo/eta eme zein har eman saioa… Nago, halere, bortxa plazeraren osagai duela zenbaitek, sotanadun ala ez, eta hori dutxa hotzarekin ez dela sendatzen.

Harriturik nauka mojen eskuetan eman diren bortxazko sexu harremanen kontakizun beltzik entzun ez izanak… •