SEGURTASUN ARDURADUN ARDURAGABEAK
Kopeta behar da gero, pentsatu du baten batek, nonbait, Segurtasun Nuklearreko Kontseiluko (CSN) presidente Fernando Martiren irudia ikusita. Izan ere, kopeta galanta behar da letratzar horiei leku egiteko. Baina irudia ikusi gabe ere, ondorio berera iritsi bide dira beste asko CSNk Nuclenorri Garoñako zentral nuklearra zabaltzeko aukera eman diola jakindakoan. Kontseilu horren ardura segurtasuna omen da, baina ardura gutxi erakutsi dute CSNko kideek herritarren segurtasuna kolokan jarrita. Hartarako, duela zenbait urte jarduteko epea bukatu zitzaion zentrala berriz zabaltzeko betebeharrak aldatu dituzte segurtasuna zeregin nagusia omen duten arduradun horiek. Eta herritarren segurtasunari adarra jotzeraino muzin egiten diotela ikusita, beraien borondatea errespetatzeko eskatzea larrera arrantzarra joatearen parekoa litzateke. Oraindik behin betiko erabakia falta da, ordea. CSNk hitz egin du eta orain Madrilgo Gobernuaren txanda da, CSNko kide gehienak izendatu zituen Gobernuaren txanda, alegia. Xabier Izaga Gonzalez