Iker Barandiaran

Goitizenak

Aita naiz eta badakit zer-nolako ardura eta erantzukizun maila daukan norberaren seme edo alabak bizitza osoan izango duen izena erabakitzeak. Baita horrek izan ditzakeen zailtasunak ere: bikotekide bion gustukoa izatea, familia edo ingurukoen presio edo eraginari –maila oso desberdinak daude; batzuk ikaragarriak– aurre egitea, Euskaltzaindiak edo parean tokatu ahal zaizun epaitegiak jarritako trabak... Ez da gehienetan txantxetako lana izaten, nahiz eta hala izan beharko lukeen. Baina baliteke gero etorriko diren erabakietako askoren aurrerapenaren proba gisa hartzea.

Lan hori guztia hartu eta behin ditxosozko izena konbentzimendu osoz erabakita, burua edo begirada harago atera eta ohartzen naiz gure inguruan behintzat askok eta askok esparru oso zabalean izena ordezkatzen digun goitizena dugula. Kasu gehienetan nerabezaro edo gaztaro garaiko pasarte bat edo lagun arteko broma bat izan ohi da deitura berri horren iturri edo errudun. Batzuetan xinpatikoa, beste batzuetan gustu ez hain atseginekoa, konturatu orduko zure bizitza osoan bidelagun izan dezakezu; gustuko ala ez, berarekin elkarbizitza landu beharrean egongo zara. Izan ere, bada jende asko bere benetako izena inork gutxik dakiena; eta ezagutzen dut kasuren bat bere amak edo aitak ere izenaren ordez izenordea erabiltzen dutenak.

Arrasate eta Leintz ibarreko inguru honetan oso-oso ohikoak dira goitizenak antzinatik. Bada nonbait halakorik jasotzen duen bildumarik ere. Horietako asko baserriaren, auzoaren edo jaioterriaren izenari lotuta daude. Esaterako, nire aitonek goitizena zuten: batek Pedro Elgeta, handik etorritakoa zelako, eta besteak Sanpru, Bergarako auzotik etorri izanagatik. Baina beste askok protagonistek beraiek erabilitako esamolde eta bizi izandako pasarte xelebreei zor diete deitura librea, hain zuzen ere. Badira horien artean belaunaldiz belaunaldi mantendu direnak ere, eta, zenbait kasutan, egunerokoan erabili arren jatorria edo izana galdu dutenak baina ez izena. Eta hori da, berez, duten balio handienetako bat: antzinatik datozen izenak direla; eta ondorioz, gure historiaren, bizipenen edo anekdotarioaren parte direla.

Guztien iruditerian egongo dira halako asko eta asko. Niri bote prontoan burura etorri zait Semaforo goitizena duen gizona eta, hori baino gehiago, goitizena ezagutzen ez diodan bere lagun bat, autobus batetik Semaforori oihu eginez zirkulazio istripu bat sortu zuena. Ia kondaira bihurtu bada ere, egiazkoa da gertaera eta istripua izan zuen autobus gidariak ia-ia lepoa moztu zion halako deiadarra egin zuen lagunari. Goitizen bitxi horren jatorria ezagutzen ez badut ere, ziur naiz bere lagun hori beti izango dela haren goitizenaren ondo-ondoan; irabazita dauka hori.

Gertukoa dut, baita ere, orain gutxi zendu zen Mierkoles ere. Zurgina zen bera, eta, lanbide horretan aritzeaz gain, kalean eta lagunekin egotea askoz gustukoago zuen. Horregatik, norbait lan enkarguren batekin etortzen zitzaionean, Mierkolesera, aste erdira, pasatzen zuen zeregina, ahal zen heinean luzatuz. Aspaldi erretiratu bazen ere, hala ezagutzen zuen jende guztiak. Eta goitizen batzuk belaunaldiz belaunaldi izenez eta izanaz galtzen ez diren seinale, alargun alaia-ren ilobak, bere adinean ere, dituen sasoia, umorea eta bizi izateko gogoa txalotzekoak dira.

Ni neu ere iraganean beste batzuentzat goitizenak asmatu izandakoa naiz, nahiz eta ez nituen espresuki enkarguz egiten. Orain irribarretxo bat ateratzen zait horietako askok indarrean jarraitzen dutela ikusita, ez beraien bizitzan hala itsatsita gelditu direlako, baizik eta atzean duten gertaera edo bizipen konkretua gogorarazten didatelako. Nahiz eta aitortu behar dudan egunerokoaren abiaduran eta inertziaren ondorioz ez nik eta ezta beraiek ere ez dugula hori askotan gogoratuko. Balio bedi, bada, une horiek gogoratzeko. •