Juantxo EGAÑA

Kamera aurrean, feminismoa aldarri

XX. mendearen hasieran emakumeak jendartean gero eta parte handiagoa hartzen joan ziren, eta, era berean, pixkanaka, etxeko esparrua gainditzen. 1931tik aurrera presentzia nabarmenagoa izan zuten bizitza arlo guztietan Errepublikarekin eta horrek emakumeen eskubideen onarpena ekarriko zuen. 1930ean, “Biba feminismoa” goiburupean, bost emakume Rikardo Martinen kameraren aurrean jarri ziren Donostian, beren eskubideak aldarrikatuz. Harrezkero, ez dugu emakumeon berri. 1936ko estatu kolpeak eta ondorengo diktadurak distira, modernotasun eta aldarrikapen urte haiek zapaldu egin zituzten. Ricardo Martin Donostian bizi zen. 1914an argazki estudio bat zabaldu zuen, eta haren argazkiek hiriko gertaera garrantzitsuenen berri eman zuten.