Saioa Iraola

Adierazpen askatasuna

Azken astean, adierazpen askatasuna izan dugu hizpide komunikabideetan. Hazte Oir Espainiako erakunde ultrakatolikoaren autobus transfoboa geldiarazteko ebazpenaren aurrean, Ignacio Arsuaga plataformako kideak adierazpen askatasunaren aurka egitea leporatu dio Madrilgo Udalari. Bestalde, Poliziaren eta talde parapolizialen biktimei egin zieten omenaldi instituzionalaren karietara, Uxue Barkosek irainak jaso zituen, eta Maria Dolores de Cospedalek esan du gaitzetsi egiten duela Barkosi “puta” deitzea, baina hori esatea adierazpen askatasuna dela. Horiez gain, izan ditugu “Argia”-ren aurkako auzia (Mozal Legea eskuetan hartuta) edo nazioartean aski ezaguna egin zen “Charlie Hebdo”-ren aurkako auzibidea.

Denek ezbaian jartzen dute adierazpen askatasuna. Librea al da pentsatzen dugun guztia adieraztea? Batzuen ustez, hitzek libre behar dute abesteko zein hitz egiteko, nahiz eta politikoki zuzenak ez izan, gustu txarrekoak edo deitoragarriak izan; eta beste batzuen iritziz, berriz, mugak behar dira. Adierazpen askatasunak orotariko informazioa eskuratzeko bidea ere ematen du, pentsamendu propioa eraikitzekoa.

«Aniztasuna oinarri duen jendarte batean, batzuentzat gorrotoaren bultzada dena, besteentzat poesia izango da» (Vera Jourova). Gero eta jendarte globalizatuago, teknologikoki digitalago eta anitzagoak ditugun honetan, pentsamenduak, bizipenak, ideologiak… ere desberdinak ditugu, kontrajarriak askotan. Hortaz, non dago besteen iritzia errespetatzearen eta hainbat eskubidetan atzera ez egitearen arteko muga?

Afera honetan formula magikorik ez dudan arren, iruditzen zait ezinbestekoa dela testuinguruak duen garrantzia kontuan hartzea eta zapalduak eta zapaltzaileak desberdintzea. •