Garazi Goia

Ametsak eta borroka

Nire lagunak Mercury 13 taldeko emakumezkoei buruzko film laburra zuzendu zuen eta Londresko festibalean estreinaldiko ekitaldian aurkezpena egin zuenean honokoa esan zuen: «Proiektu hau egitea erabaki nuenean, banuen arrazoi pertsonalago bat; borroka eginez geri eta pasioz sinesten duzun horren atzetik ibilbidea finkatuz gero, ametsak lor daitezkeela erakutsi nahi nion bi urteko nire alabari. Eta film honetako emakumeen istorioa benetan eredugarria da hori azaltzeko. Ni neu emakumea izanda, oraindik erantzukizun handiagoa sentitu nuen hori egiteko». Hain zuzen, NASAko tripulazio batean sartzeko saiakera egin zuten emakumeei buruzkoa da filma. Bidegabekeriaz betetako sistema eta gizarte batean baztertuak izan ziren, inongo arrazoi koherenterik eman gabe. Emakumeak zirelako, besterik gabe.

Ametsak. Borroka

Aurreko astean antolatu genuen konferentzia batean, lantegietan eta orokorrean testuinguru profesionalean, emakumeak zuzendaritza postuetara iristeko bidean topatzen dituzten aurreiritzi eta trabaz betetako hainbat esperientziez aritu ginen. Aurkezpena egin zuen enpresetako bat aukeraketa prozesuetan joera inkontzienteak ekiditeko prozesu eta metodologiak sartzen dabilen bat da. Nik neuk erabili dut haien metodologia azken hilabeteetan talderako kontratatu ditudan bi pertsona aukeratzeko. Benetan interesgarria da: hautagaien curriculumak prozesuko azken unean ikusten dituzu, eta horrela generoa, zein unibertsitatetik datorren, zein ikasketa egin dituen eta beste hainbat datu jakin gabe ezagutzen dituzu lehenengo aldiz hautagaiak. Proba bat jartzen diezu lehenengo, adibidez arazo estrategiko baten aurrean nola jokatuko zuten galdetuz, eta erantzun anonimoak jasotzen dituzu. Horrela, metodologia horrek aurreiritzien eraginari, nolabait normalizatuta dagoen balio sistemari erronka egiten dio. Energia positibo asko zegoen gela hartan. Askotan horrelakoak ere behar izaten dira, hurrengo goizean bulegoan edo hainbat bileretan aurkitzen ditudan dinamikei beste erreferentzia bat jartzeko.

Aurreiritziak

Hamasei eta hemezortzi urte arteko neskekin hitz egitera joaten naiz urtean pare bat aldiz. Kide naizen erakunde batek antolatzen duen egitasmoa da. Unibertsitatera joan aurretik egin beharreko erabakietan laguntzeko bide batzuk dira, beste perspektiba bat entzuteko aukera ematea da helburua. “Nola lortzen duzu lanaren eta bizitzaren arteko oreka? Zein dira borroka horretako parametroak?”. Horiek izan ziren egin zizkidaten galderetako batzuk. Nik hamasei urte nituenean ez nekien oreka hori existitzen zenik ere. Modu batean beste neska batzuek dituzten ametsen parametroak definitzeko saiakeretan nire ekarpen txikia egin nuelako pozik itzuli nintzen etxera.

Aukerak. Ametsak

Londresko kafe-etxe bateko sotoan, haurrek jolasteko areto batean nengoen zutabe hau idazten hasi nintzenean. Antzeko leku asko ireki dituzu hirian, solairu batean kafe-etxe arrunt bat dago, baina haur kotxerik gabe, negarrez edo aspertuta dauden umeen kexurik gabeko giroan. Eta, beste solairu batean, liburuak, jolasak, txirristak... Negozio izugarria da. Izen euskaldun batek atentzioa eman zidan liburu baten azalean. Leire Salaberria ilustratzailea. Maya Angelouren marrazkia zuen liburu baten azalean. Nik ere badut etxean bilduma horretako beste liburu bat, Frida Khalori buruzkoa. “Pertsona txikiak. Amets handiak” da bildumaren izenburua eta ezohiko bizitzak izan dituzten emakumeen biografiak kontatzen dituzte, haurrentzat egokituta, ilustrazio ederrekin eta orrialde gutxian haien lorpenetara sarrera emanez haurrei. Coco Channel, Amelia Earhart, Marie Curie, Agatha Christie, Emmeline Pankhurst, Rosa Parks eta Audrey Hepburn dira Angelou eta Khaloz gain argitaratu dituzten biografia laburrak.

Ametsen atzetik borrokan jarraituko dugu. •