Joxean Agirre

Biolin bat AP-8an

Badira hiruzpalau hilabete AP-8an Mendaro parean autopistako hesiaren kontra gizon bat biolina jotzen hasi zela. Aldean kartoizko kartel bat zuen “Cada día más ruido” zioena, zaratatik babesteko panel babesgarri bat eskatuz, pentsatzen dut. Eskaerak arrazoizkoa zirudien, ez baitu goxoa izan behar etxeko egongelan Paganiniren kapritxo bat jotzen ari zarela ondotik igarotzen diren kamioitzarren burrunbak entzun beharra.

Egia esan, ez naiz pertsonarik egokiena gaiari buruz ezer esateko, belarri batetik behintzat erdia bakarrik entzuten baitut eta musika altu samar eta argia urri dagoen tabernetan, mintzaidearen aurpegia ozta-ozta ikusten dudanean alegia, gutxi gorabeherako elkarrizketak izaten baititut.

Badakit entzumen fina izateak abantailak dituela. Emaztearekin jatetxe txukun batera joaten naizen aldi bakanetan, inguruko mahaietakoen berri galdetzen diot tarteka eta berak «han bazterreko guraso haiek drogarekin arazoak dituen seme bat dute», erantzuten dit, esate baterako. Baina ardoari tragoxka bat jotzen diodala neurekiko pentsatu ohi dut zer axolako zaizkidan ezezagunen arazoak. Gutxi entzuteak, gainera, ematen du halako distantzia bat, autismo puntu bat, barrura begira bizitzen laguntzen duena. Horregatik, etxeko postontzian GAESen publizitate gutunen bat sumatzen dudanean isilka paperontzira botatzen dut.

Horregatik beharbada Mendaroko biolin-jotzailea lehen aldiz ikusi nuenean performance bat zela pentsatu nuen edo arte kontzeptuala, Duchampek pixatoki bat erakustaretoan ipintzea bezain haustailea. Nik neuk, nire esku balego, kristal bikoitza duen manpara bat jarriko nioke, onbera eta laguntzera emana bainaiz artistekin (jotzen oso txarra ez bada behintzat). Baina zer egin Errekaldeko Gordoniz kalean autopistaren azpian bizi diren auzotarrekin edo Pasai Antxon leihotik eskua atera eta Topoa ukitzen dutenekin? Buruari bueltak ematen aritu naiz eta ez dut irtenbiderik aurkitu, AHTren lanak bukatu arte bederen oso zaila ikusten baitut Topoa lurperatu edo Bilboko auzoa zeharkatzen duen autopista “deseraikitzen” hastea. Arantxa Tapiari kontuak koadratzen hasten zaizkion bitartean, beraz, hobeko dute Errekaldeko edo Antxoko auzotarrek biolina jotzen ikasiko balute. •