Ion Salgado
Entrevue
Aitor Urresti
EHU-ko irakaslea

«Ez dut uste Garoña irekiko dutenik, baina aurrekari bat bilatzen dute enpresek»

«Gatazka energetikoetan murgilduta» izanik, CSNren azken txostenak ez du harritu. Dena den, EHUko irakaslearen ustez Garoña ez dute berriro irekiko.

A itor Urresti ingeniaria da eta EHUn lan egiten du Energia Berriztagarriak irakasten. Bere webgunean azaltzen duen bezala, «gatazka energetikoetan murgilduta» dabil, fracking edo haustura hidraulikoaren kontrako plataforman, Gure Energia eredu energetiko berri baterako plataforman edota Garoñaren Kontrako Foroan.

Ez du harritu CSN Espainiako Segurtasun Nuklearrerako Batzordearen azken txostenak, Garoña berriz irekitzeari ateak irekitzen dizkiona. Hala ere, ez du uste zentrala berriro irekiko dutenik. Izan ere Urrestiren ustez, 2012an itxitako zentrala ez da errentagarria. Dena den, enpresek aurrekari bat ezarri nahi dutela uste du: Garoña erabili nahi dute datozen urteetan itxi beharko liratekeen zentralak irekita mantentzeko. Zentzu horretan, gogoratu du Espainiako Gobernuak ez duela inoiz zentral nuklear bat itxi. Valdellos sute batengatik itxi zuten, eta, Zoritaren kasuan, enpresa berak itxi zuen.

Pasa den hilabetean CSNk Garoñako zentral nuklearra berriz ere irekitzearen aldeko txostena onartu zuen, betiere Garoñaren jabe den Nuclenorrek beharrezko segurtasun neurriak betetzen baditu. Nola hartu zenuen CSNren erabakia?

Egia da sorpresarako tartea galduta dugula aspalditik. Orain arte CSNk esaten zuen Garoñak egin beharreko aldaketa guztiak egin arte erantzunik emango ez zuela, eta hori alde batera utzi du. Eta zentralaren bizitza luzatuz gero bakarrik urte batzuez izango litzatekeela esaten zuen, gainera, une honetan indarrean diren arauek jasotzen dute bakarrik hamar urterako emango liratekeela luzapenak. Kasu honetan, baina, hori ere alde batera utzi du CSNk. Zirriborro bezala dagoen arau bat aplikatu du, nahiz eta indarrean ez egon. Hori kontuan hartuta, harritu egin beharko ginateke, jada harritzen ez bagara ere. CSNk segurtasuna alde batera utzi du, eta, interes pribatuen, enpresen, esanetara dago.

CSNko teknikarien ASTECSN elkarteak langileek presioak pairatu dituztela salatu du eta CSNko idazkari nagusi berriak aitortu du Garoñako txostena era ezberdinen egin zela. Hala, teknikari guztiek ezin izan zuten txostena ikusi.

Horrelako erabaki garrantzitsu baten aurrean, teknikarien iritzia kontuan izan behar dute. Teknikariek CSNko bileran parte hartu beharko lukete, gutxienez aholkua emateko. Hori gutxienez. Nire ustez, erabakia guztiz politikoa izan da, hori argi dago. Eta teknikarien elkarte hori aspalditik dabil esaten interes politiko eta ekonomikoak gero eta indartsuagoak direla CSNren kupulan. Gero eta nabariagoak dira CSNren barruan ematen diren presioak. Ikusi dugu zer-nolako lanpostu aldaketak gertatu diren eta hori oso deigarria da. Azken finean pentsatu behar dugu zentral nuklear batean istripu bat egotekotan oso larria izan daitekeela eta erabakiak ezin direla edonola hartu. Hori aspalditik kritikatu dute elkarte honetako kideek, eta, kasu honetan, are gehiago.

Garoñaren aldeko txostena onartzea erabaki politiko bat izan dela uste duzu?

Bai. Garoñaren kasuan erabakiak bi mahi ezberdinetan hartu dira. Alde batetik, enpresa energetiko batzuk daude, Endesa eta Iberdrola, nahiko indar dutenak eta beren interesak defendatzen dituztenak politikoak presionatuz. Bestetik, politikoki, Aznar buru duen FAES fundazioak argitaratutako txosten bat ere badago tartean; PPk nolabaiteko nahia dauka energia nuklearra sustatzeko, uneotan irekita dauden zentral nuklearrak lanean jarraitzea nahi dute. Eta ikusi dugu zein izan den Gobernuaren jarrera azken hilabeteotan; pentsa, CSNren bilkuran parte hartu zuten denak kargu politikoak ziren. Erabakia politikoa izan da eta PPren proiektuaren barne kokatzen da.

Garoñaren aurka dauden alderdi eta elkarteen ustez, PPk eta enpresek aurrekari bat ezarri nahi dute: auzia etorkizunean Estatuko beste zentral nuklearren bizitza luzatzeko erabili nahi dute.

Nik neuk hori oso argi daukat. Kontuak egiten baditugu, egin beharreko lan guztiak egingo balitu, Garoñak hamabost urte pasa beharko lituzke errentagarri izateko. Baina kontuan izan behar dugu zentraleko hainbat atal zaharkituta daudela, eta urteak igaro ahala gero eta arazo gehiago izango dituela. Horregatik uste dugu Garoña berriro irekitzea ez dela errentagarria. Baina Garoñarekin nolabaiteko aurrekari bat lortuko dute enpresek, eta erabiliko dute beste zentral batzuk irekita mantentzeko, Almaraz esaterako. Almaraz Garoña baino handiagoa da eta teknikoki modernoagoa, eta errentagarria izango litzateke hamar edo hamabost urte gehiago lanean jarraitu balu.

Argi dago, beraz, aurrekari hau ezarri nahi dutela. Garoña 60 urte irekita mantendu ahal dela onesten badute, beste zentralekin, berriagoak diren zentralekin, are gehiago egingo dute. Hori da egun mahi gainean dagoen jokoa, Garoñaren kasuan aspaldi hasi zena. Gogoratu behar dugu Garoña Nuclenorrek zerga bat ordaindu behar zuelako itxi zela. Eta enpresak, egindako presioarekin, lortu zuen zerga hori aldatzea eta murriztea. Baina hori lortu ondoren, Garoña ez zen martxan jarri. Kasu honetan badirudi antzeko gauza bat egin nahi dutela enpresek: aurrekari bat ezarri, nolabaiteko presio bat ezarri.

PPk ireki nahi du Garoña, baina PSOEk ez zuen itxi Espainiako Gobernuan zenean. Nor da egoeraren erantzule?

Zentralak 2009raino irekita jarraitzeko baimena zuen, baina bere bizi-zikloa 2011n amaitzen zen, eta argi zegoen gobernu aldaketa egon eta PP etorriko zela. Baina PSOEk 2013ra arte luzatu zuen zentralaren bizitza. Ostikada bat eman zion baloiari eta aurrera bota zuen, hurrengo gobernuaren esku utziz erabakia. Eta ikusi dugu PPk araudia nola aldatzen joan den ordutik.

EAJk, berriz, bere “euskal agenda” dauka. Baina agenda hori bere agenda propioa da, eta EAJ bozkatzen duena askotan beste interes batzuen menpe dago. Industriak erabiltzen duen energiaren prezioa jaisteko hainbat neurri babestu ditu, esaterako. Baina orain badirudi, egia bada behitzat esaten dena, Garoñaren itxiera mahai gainean jarri duela aurrekontuen negoziazioan. Ez dakigu nork jarri duen, PP izan den ala EAJ izan den, baina zerbait behintzat egin dute. Dena den, egia da orain arte EAJk ezer gutxi egin duela Madrilen Garoña ixteko.

CSNk argitaratu du bere txostena. Zein da hurrengo urratsa?

Hurrengo urratsa arraroa da, izan ere, nolabaiteko linbo juridiko batean gaude zentrala martxan ez dagoelako. Argi dago zer-nolako epeak dauden zentral bat martxan dagoenean bere bizitza luzatzeko, baina, kasu honetan, lege bat apropos sortu zuten egoerari erantzuna emateko. Une honetan PPko Gobernuak sei hilabeteko epea dauka erabakia hartzeko. CSNren akordioa aholku bat besterik ez da, ez dago zertan bete. Azken erabakia, beraz, PPko Gobernuak dauka. Eta kontuan hartu behar dugu CSNk ez duela eman baiezko argi bat, baiezkoa baldintzatu bat baizik. Baldintza horiei gehitu behar zaizkie duela hainbat urte egin beharreko obrak ere, oraindik egin ez direnak. Esaterako, hozte sistema konpontzea, Ebro ibaira izurtzen duten urak eragindako arazoak konpontzea... Momentuz, hori bai, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak ez du ezer esan.

2015ean Gaztela eta Leongo Justizia Auzitegi Nagusiak atzera bota zuen Nuclenorrek jarritako helegitea, zentral nuklearra hozte sistema jartzera behartuz. Hozte dorre bat eraiki beharko lukete, beraz.

Bai, hori onartuta dago eta printzipioz egin beharko lukete. Baina ez dakit Konfederazioak zerbait esan duen erabaki berriari buruz, hau da, CSNk orain iragarritako erabakiari buruz. Izan ere, Ebro ibaiko ura erabiltzeko baimenaren epea duela hiruzpalau urte iraungi zen.

Nuclenorrek hainbat aldaketa egin beharko lituzke, horrenbestez, Garoñako zentrala berriro irekitzeko.

Bai, horregatik esaten dut ez dela sinesgarria Nuclenorrek Garoña martxan jarri nahi izatea, eta suposatzen dut atzean dagoen helburua beste zentral nuklearren bizitza luzatzea dela. Azken finean, Garoñaren produkzio elektrikoa nahiko txikia da eta egin beharreko obrak oso garestiak; 200 milioiko inbertsioa izan liteke. Eta ez dirudi errentagarria izango litzatekeenik. Dena den, ikusi egin beharko litzateke beraiek, hau da, enpresa elektrikoek zer-nolako datuak dituzten. Hori jakitea funtsezkoa litzateke euren erabakia aurreikusteko.

CSN zentrala irekitzearen alde agertu da eta Nuclenorrek oraindik ez du ezer egin. Hau da, ez ditu Europak agitzen dituen aldaketak egin.

Tranpa egin dute jada. Orain arte CSNko batzordeak esaten zuen «lehenik eta behin egin obra guztiak eta orduan erantzungo dugu»; orain, baina, enpresek lortu dute horri buelta ematea. Orain CSNk baimen baldintzatua eman du. Lehen obrak egin behar zituzten eta ez zekiten zentrala ireki ahalko zuten ala ez, baina orain CSNk baiezkoa eman du obrak egin baino lehen. Garoñaren kasuan, Gobernuak baiezkoa ematen baldin badu ere, enpresak ezetz esan dezake, ez duela merezi esan dezake Nuclenorrek.

Zure ustez, irekiko dute berriro Garoña?

Nik ez dut uste irekiko dutenik, baina bai uste dut PPko Gobernuak baiezkoa emango duela. Ikusi behar dugu zer gertatzen den aurrekontuen negoziazioan, baina uste dut baiezkoa emango duela PPk. Dena den, gero Iberdrola alde batetik eta Endesa bestetik aterako dira Garoña errentagarria ez dela esateko, eta, ziur aski, proiektua bertan behera utziko dute.

Baina zer gertatuko litzateke Garoña berriro irekiko balute? Zer arrisku leudeke?

Horri buruz hitz egiterakoan betiko zalantza agertzen da. Baikorrak izanez gero, ez litzateke zergatik ezer gertatu. Arazoa hondakin urtegia topera dagoela eta biltegi berri bat egin beharko luketela litzateke, baina hori eraikitzen ari dira jada. Hala, dena ondo joango balitz, arazo bakarra hondakin nuklearrena litzateke. Aldiz, arazo larri bat izango balitz, argi dago Garoña ez dagoela prestatuta. Istripu bat egongo balitz, segurtasun distantziak begiratu beharko genituzke adibidez. CSNk ezarri dituenak 10 eta 30 kilometro bitartekoak dira. Pentsa, Ameriketako Estatu Batuetan 80 kilometroko segurtasun eremua gomendatzen dute. Garoñaren kasuan, Araba osoa, Bizkaiko herririk gehienak eta Gipuzkoako Debagoiena eta Debabarrena sartuko lirateke eremu horren barruan, eta jendea bertatik joan beharko litzateke istripu bat egonez gero. Gasteiz bezalako hiri bat ebakuatzeko neurririk ba al dago? Eta Bilbo Handia eta bertan bizi diren milioi bat herritarrak? Halaber, kutsadura Ebro ibaira isuriko litzateke, eta ikusi zer-nolako luzera duen eta zenbat lagunek edaten duten ura bertatik...

Fukushimako istripua izan zenean, Espainiako Gobernuak bertan zeuden espainolei gutxienez 120 kilometrora egoteko gomendatu zien, gehiago ez hurbiltzeko. Bada, erradio hori hartuko bagenu, EAE osoa hustu beharko genuke, baita Nafarroako zati garrantzitsu bat ere! Zentzu horretan, Txernobylgo kasuan erradiazioa 300 eta 500 kilometrora nabaritu zela gogoratu behar dugu.

Garoña duela hiru urte itxi zuten eta ez dugu ondoriorik nabaritu. Beharrezkoa da?

Garoña ez da beharrezkoa. Nahiz eta Estatuko zentral nuklear guztiak itxi, ez genuke arazorik edukiko. Estatua mailan, behar duguna baino energia gehiago sortzeko aukera dugu. Eragina edukiko luke prezioan, agian gora egingo luke, baina ez dakigu noraino. Negutegi efektuko gasen isurpena ere handitu ahalko litzateke, eta hori aztertu beharreko zerbait da. Zentral nuklearrak itxiz gero plan bat adostu eta energia berriztagarriak sustatu beharko genituzke. Energia aurrezteko neurriak ere hartu behako genituzke. Gaur egungo egoera aprobetxatu beharko genuke estrategia zabal bat abian jartzeko; denbora daukagu prestatzeko. Eredua errotik eraldatu behar dugu.

Askotan Madrilgo agintariek energia nuklearra trantsiziozko energi bat izango balitz bezala aurkezten dute. EAEn ere Lakuak gasa trantsiziozko energi bat dela dio.

Bai, zubi energetikoari buruz hitz egiten dute. Duela urteak hasi nintzen lanean energiaren esparruan, eta 1999an esaten zen energia nuklearra eta gas naturala trantsiziozko energiak izango zirela. Ia hogei urte pasa dira eta ez da ezertxo ere egin, ez behintzat EAEn. Nafarroan bai, bertan energia eolikoaren aldeko apustua egin dute, eta abiatu dira trantsizio horretan. Baina Euskadin ez, Eusko Jaurlaritzak ez dielako bultzadarik eman energia berriztagarriei. Hori argi ikusten da Estrategia Energetikoa onartzerako orduan; lortu beharreko helburuak atzeratu egiten dituzte.