Ander Izagirre - @anderiza
Kazetaria

Ameba hankak luzatzen hasi da

Amebak begiko ditut. Hiztegiak dioenez, pseudopodoak dauzkaten protozooak dira. Definizio labur horretan, zazpi «o» horien biribiltasunaz gain, bi aurrizkiek ematen didate atentzioa: «pseudo» eta «proto». Ameba sasianimalia bat da, zirriborro bat, eboluzioaren ahalegin apal baina baliotsua. Batetik bestera flotatzen ari denean, amebak ezintasun amorratua sentituko duela iruditzen zait: bere diseinu xumean gure hanka eta besoen intuizioa dago, eta agian bere etorkizun ebolutiboan bizi garenon inbidiaz egongo da, korronteen tiraniari aurre egiteko eta bidea bere kabuz erabakitzeko aukera emango dioten gorputz-adarrak edukitzeko irrikan. Borroka hori hunkigarria da, ia metaforikoa. Ameba ezgauza, gajoa, pseudopodo ñimiñoak luzatzen irudikatzen dudanean, protozoo temati honekiko erabateko elkartasuna sentitzen dut. Eta bihotz-bihotzeko esker ona: eskerrak eman beharko genizkieke munduan izan diren milaka milioika amebei, beste piztia nazkagarriren baten ahotan amaitu aurretik beren egoskortasun genetikoa ondorengoei pasa dietelako. Ordenagailuaren teklak zapaltzen ari diren nire behatz hauen proiektua amebek hasi zutela pentsatzen dudanean, animatzeko zaplada batzuk emango nizkieke, protozooek bizkarrik balute.

Urtero, udaberriaren hasieran pizten zait amebekiko kidetasun izpiritual hau. Ameben pozak ere sinpleak direlako: korronteak baretzen direnean, eguzkipean lasai, axolagabe, flotatzen egotea. Eta neguaren ondoren, negu hotz, ilun eta hain luzearen ondoren, eguzki berriaren laztan epelek halako poz primitibo arduragabe bat ematen didate. Bizitzan errotzen zaizkigun beste negu batzuk ere, klimatikoak ez direnak, atzean uzteko irrika ernatzen zait garai honetan. Bidaiatzeko gogoa, batik bat.

Pseudopodoak garatzen lagundu didaten mapak eta liburuak dauzkat mahai gainean: hankak eta besoak eman dizkidate korrontetik ateratzeko, norabidea apeta hutsez erabakitzeko.

Piztu egiten naute, adibidez, amebatik baleara doan bidea egiten duen Ismael marinelaren hitzak, Melvilleren “Moby Dick” nobelaren lehen paragrafoan: «Muturra okertzen dudan bakoitzean; nire ariman azaro heze eta euritsu bat ezartzen den bakoitzean; zerraldo-denda baten aurrean gelditzen naizen bakoitzean; eta, bereziki, hipokondriak menperatzen nauenean eta kalean dabiltzanen sonbreiruak metodikoki lurrera ez botatzen hasteko printzipio moral sendo bat behar dudanean, orduan lehenbailehen itsasoratzeko ordua dela jakiten dut».

Ismaelek bezala, abiatzera bultzatzen gaituzten ahotsak entzuten ditugu askok, erosotasunetik bota nahi gaituztenak. «Guztiok ihes egin nahi izan dugu noizbait. Denok gorroto dugu etxe erosoa», idatzi zuen Enrique Vila-Matasek, «gorroto dugu gure altzarien tristura perfektuan eta eguneroko ohearen leuntasunean eta ordena perfektu hutsaleko gure bizitza grisean heriotzaren izena idatzita daukan bizileku finko hori».

Eta Robert Walserren eskutik kalera noa, “Paseoa” liburuan idatzi zituen lehen lerroekin: «Goiz eder batean, ez dakit oso ondo zein ordutan, paseatzeko gogoa etorri zitzaidanez, kapelua jantzi, idazkien edo izpirituen gela utzi eta eskailera pauso arinez jaitsi nuen kalera irteteko. Nire begien aurrean zabaltzen ari zen goizeko mundu hura lehen aldiz ikusi banu bezain ederra iruditu zitzaidan. Ikusten nituen gauza guztiek maitekor, onbera eta gazte ziruditen. Azkar ahaztu nuen han goian, nire gelan, orri zuri baten aurrean, goibel, inkubatzen egon berri nintzela. Tristura, mina eta pentsamendu astun guztiak desagertu egin ziren. Paseoan zehar topa nitzakeen gauza guztiak zirrara alai batez itxaroten nituen».

Ameba nagiak ateratzen hasi da. •

www.anderiza.com