Xabier Mikel Errekondo

Zara

Amancio Ortega munduko aberatsena dela diote. Ez nau harritzen, ia ezinezkoa baita inor topatzerik inguruan Inditex (Zara taldea) ekoizle erraldoiaren arroparik ez duenik.

Amanciok 14,7 milioi euro dohaintzan emango omen dizkio Osakidetzari minbiziaren aurkako ikerketetarako. Osakidetzak diru hori hartu beharko lioke ala ez? Garbia al da diru hori ala inperioaren zutabe ustelen kolore iluna zuritzeko ordaina?

Minbiziak guztioi bihotza hunkitu egiten digula badaki Amanciok eta beste askok bezala dohaintza izengabea egin izan balu ez nukeen idatziko zutabe hau, aitzitik marketin erraldoia baliatuz sare pozoitua jaurti dio Osakidetzari.

Ugariak dira galiziarraren mozkinen jatorri iluna aireratzen duten ikerketak. 2015eko urrian, Herbehereetako gobernuz kanpoko erakunde batek “Ehun akastunak” ikerketan Inditex salatu zuen milaka haur eta nerabe andrazkoren lan eta giza eskubideak esklabotza mailaraino etengabe bortxatzeagatik India eta Bangladesheko haren ardurapeko enpresa azpikontratatuetan. 2015eko apirilean, Ehsan Ullah Khan haurren esklabotzaren aurkako pakistandar liderrak eta Marcha Globaleko buruak mihian lihorik gabe zioen Zarak Asian duen produkzioaren %100 haurren esplotazioan oinarritzen dela. Galiziako ehungintzaren deslokalizazioa Asiaraino eraman zuen.

Amanciok, baina, bere holdingaren hastapenetatik ekin zion ehunka emakume jostun bidegabeki esplotatzeari azpikontratatutako “tailerretan”. Egun, dirua agintari eta beldurra ezarrita, menpean du Galizia. “Isiltasunaren Legean” oinarritutako inperioa da nagusi.

Munduko ehungintza merkatuaren jabe ahalguztidun bilakatuta, katuaren atzaparretan sagua nola nahi gaitu erabili, eta dohaintzarekin inbertsiorik merkeena egitera doa: zapalkuntzatik lortu milioi merkeen truke preziorik ez duen izen ona eta ohorea eskuratu.

Baina bada dirurik oparituta ere onartu ezin denik, pozoitutako dirua. Rodrigo Ratorena adibidez, edo narkotrafikotik edo armagintzatik datorrena. Edo haur eta nerabeen esklabotzaren izerdia daramana… Nago Amancioren dirua onartzea zuritzea baino zerbait gehiago dela. •