Saioa Iraola

Indar bat gara gu

Gaur zortzi Berriozarren ospatu genituen topaketen ajearekin nago oraindik. Urteetan, hilabeteetan eta egunerokoan, herri nahiz eremu askotan egiten gabiltzan lanaren emaitza izan dira Emakume Abertzaleon VII. Topaketa Feministak.

“Berdintasunean oinarritutako Euskal Herria sortzera goaz” manifestu hartatik hamabost urte igaro dira eta, egun, gure misioan berresten gara, Euskal Herriaren burujabetza feministan, alegia.

Egun hauetan, Bilgune Feminista sortzeko ausardia izan zuten hainbat emakume izan ditut gogoan; baina baita urte hauetan guztietan egunero-egunero jardun feminista garatzen, osatzen, teorizatzen, praktikatzen... aritu diren beste hainbat kide ere.

Zortedun naiz Bilguneko familiaren parte naizelako; orain dela zazpi urte pasa, Leitzan, talde feminista bat sortzeko apustua egin eta Miren ezagutu nuelako. Hura izan baitzen, hein handi batean, Bilguneko ateak zabaldu eta bestelako herri eredu bat, jendarte feminista bat sortzeko borrokara lotu ninduena. Orduz geroztik, energia, denbora, irribarre, malko... asko eskaini dizkiot proiektu honi, eta ez naiz damu; kontrara, harrotasunez bizi dut.

Bizitzak eta militantziak biek bat egiten dute nire baitan, batzuetan neketsua bada ere, edo ardurek gailentzen nauten arren, horrela behar duela uste dut. Eta larunbatekoa indar dosi ikaragarria izan zen. Mila esker egunerokoan ondoan zaituztedan sorgin guztiei. •