Maider Iantzi Goienetxe

1984

Ba omen daude bakarrik aparkatzen diren kotxeak, beren burua aparkatzen dutenak. Ez hori bakarrik; tokia ere bilatzen dute eta justu samarrekoa dela iruditzen bazaie aitzinera segitu eta hobeago bat harrapatzen dute. Orduan hara eta hona maniobratzen hasten da bolantea, eskuen beharrik gabe. Ttak!

Garraio modu honetan ibiliko omen gara laster. Badago teknologia horretarako. Bakarrik ibiltzen zen autobus batean sartu gintuzten kazetariok egun batean. Hagitz mantso zihoan, langile bat zegoen badaezpada ere, baina ibilgailua ederki moldatzen zen bera gabe.

Gauzen Internetarekin, gainera, primeran jakinen dute semaforoetako koloreei segitzen. Trafiko seinaleak ere ezagutuko dituzte eta oinezkoren bat gurutzatzen ari bada konturatuko dira. Hurbil dugu smart city-a eta oraingoa baino lasaiagoa eta seguruagoa izanen den itxura hartzen diot.

Iraultza teknologiko guzietan bezala, ofizioak aldatuko dira; galdu, berriak sortu. Adibidez, zer gertatuko da taxilariekin? Asteartean bete-betean harrapatu ninduen Bilbon lan baldintzak hobetzeko deitu zuten grebak. Komodina da taxia, apuru kasuetan, berandu nabilenean-eta hartzen dut, garraio publikoa ailegatzen ez den lekuetara iristeko. Taxirik gabe salduta sentitu nintzen. Baina badaude alternatibak, Bla Bla Car beraren gisakoak.

Gazteek aunitz erabiltzen omen dituzte –eta kostatzen zait “dituzte” idaztea eta ez “ditugu”–. Aitortzen hasita, erranen dut 1984koa naizela, George Orwellen liburua bezala, eta batzuetan nobela horren barrenean sentitzen naizela. Batez ere mugikorrak eta pantailek nola engantxatzen gaituzten ohartzean. Horien gibelean noren begiak dauden edo egon daitezkeen pentsatzean. “Black Mirror” telesailaren kapitulu bat ikusi eta gorputz txarrarekin gelditzean. Hain zuzen horrek erakusten dit 1984a, 2017a edo 2084a izan, erabilera dela gakoa, zentzua, eta hori gurea dela. •