Xabier Mikel Errekondo

Eskutik helduta

Ohikoak bilakatu zaizkigu egunkari eta sareetan bonbardatutako irudi esanguratsu batzuk. Eskutik heltzeko moda berria bailitzan, hatz-ninien arteko ukitu konplizeak han-hemenka. Onartutako zein baztertutako igurtzi proposamenak, kolore guztietakoak mundu osoari bira eman diotenak.

Egun sareak milioika aldiz biderkatzen du guztia. Egiak ala asmatuak, burmuineko antsietate –edo desira– prozesadorearen bidez irudi guztiak saretik tropelean ditugu irensten. Nago irenste prozesuan itxura apartekoak baduela erakarmenik, morboa benik… Trump jaunak, aita sainduak, Raxoi trollak edo Urkullu alaiak ematen digute joko franko.

Horia eta ilehoria. Zalantzarik gabe Trump jauna dugu liderra, bere rockabilly zaharkituaren itxura eta urre mokoaren etorri ordainezinekin eta hainbestetan alboan daraman emazte barbie florero-ari egin mespretxuekin.

Israelera egin berri duten bidaiak eman digun azken poza birala izan da sareetan. Hegazkinetik jaitsi eta ohore guztien artean alfonbra gorrian lehen ministro Netanyahurengana zihoazela Trumpek eskua luzatu zion baina emazteak baztertu keinu nabarmenez. Ordainduko nukeen minutu batzuk lehenago hegazkin horretan gertatua jakiteko. Morboak imajinazio lizunetara narama sareek bultzatuta agian… Liar, pork, stupid bezalako adjektiboen artean zaplaztekoak eta hatz artean korapilatutako ile ilehori plastikozkoak.

Zuria eta beltza. Trumpek aita sainduari hatz-nini ttipiarekin esku santuan igurtzitxoa egiten dionekoa. Gurutzea eta igitaia. Bakearen eta gudaren hatz marka uztar ezin bi.

Raxoi eta Urkulluk hatz niniekin lotsati hasi zutena, Maritxu eta Bartolo lez hainbeste iturrira joz, azkenean desio pilatuak leher egin die… eta maitasunik lizunaren pareko ituna erditu.

Muxuak ere biralak bilakatu dira. Azkena eskandalu galanta sortu duen Vatikanoko kalean bertan itsatsitako Frantzisko aita sainduaren eta Trump pistoladun deabrutu baten arteko muxu pozoitsuaren margoa.

Nik hatz-ninien ferekak baino nahiago ditut muxuak. Oxala erromatarren garai eroa nagusituko balitz! Egia ala asmatua zer axola, ez genuke izanen aspertzeko tarterik. •