Juantxo EGAÑA

Ez Dok Amairu deseginda, Zazpiribaik jarraitu zuen

1970eko abuztuan Ez Dok Amairu taldeak “Baga, biga, higa” ikuskizuna estreinatu zuen Portugaleten. Bi urte geroago, taldea desegin zenean, alde batetik Mikel Laboak, Artze Anaiekin eta Jose Luis Zumeta argazkilari eta zinemagilearekin batera, “Ikimilikiliklik” ikuskizuna sortu zuen; bestetik, Zazpiribai taldea osatzen zuten Ipar eta Hego Euskal Herriko artistek beste ikuskizun bat sortu zuten. Manex Pagola, Ugutz Robles Aranguiz, Pantxika Erramuzpe, Peio Ospital, Pantxoa Carrere, Iñaki Urtizberea, Lurdes Iriondo, Xabier Lete eta Benito Lertxundik parte hartu zuten. Bederatzi emanaldi egin zituzten, eta, Zazpiribai desagertu zenean, taldeko zenbait kidek “Ortziken” ikuskizunean parte hartu zuten. Daniel Velez Donibane Lohizuneko fotokazetariak egin zuen goiko argazkia. Bertan, Zazpiribaiko kideak ageri dira 1972an, Baionako emanaldia hasi aurretik.