ENEEK

Urteroko hitzordua iritsi da, goazen Bioterrara!

Elikagai ekologikoen ekoizpena eta kontsumoa bidea urratzen ari dira apurka, eta hori mundu osoan zehar gertatzen ari da. FiBL eta IFOAMek sektore ekologikoari buruz egindako azken txostenean (“The World of Organic Agriculture. Statistic & Emerging Trends 2017”) hala gelditzen da islatuta.

Euskal Herrian daukagun kontsumo-mailari buruzko datu zehatzen faltan, erreferentziatzat hartu ditzakegu aipatu txostenak Estatu espainolerako ematen dituen datuak. Duela gutxira arte, kontsumoaren alorrean atzeko postuetan egotetik (ez horrela ekoizpenari dagokionez, non mundu mailako lehen postuetan dagoen Estatu espainola) kontsumo gehien duten herrialdeen artean izatera pasa da. Horrela, bi urtean, pertsona bakoitzeko urteko gastua 32,3 eurora igo da (%25eko hazkundea). Suitzar bakoitzak gastatzen dituen 262,2 euroetatik urruti dago hori oraindik, baina joera argi baten seinale da, ezbairik gabe.

Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilutik bai esan dezakegu berton inskribatutako enpresen fakturazioak hazten jarraitzen duela (%28,77 gehiago 2016an). Gauza bera esan dezakegu eragile ekologikoen kopuruari dagokionez. Arlo honetan, agian, hazkundea ez da nahi bezain nabarmena, baina urtetik urtera era egonkorrean eusten dio joerari. Egun, 514 eragile dauzkagu, Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldeetan dezente homogeneoki banatuak. Gipuzkoak du ordezkaritzarik handiena, 206 eragilerekin, jarraian datoz Bizkaia, 161 eragilerekin eta Araba, 147rekin.

Araba, ekoizpen ekologikoaren bidean

Azalerari dagokionez (3214 hektarea 2016an) joera antzekoa da, ezberdintasun batekin: kasu honetan, Araban batzen dira ziurtatutako lursailen erdia baino zertxobait gehiago. Arabako mahatsak eta landaketa estentsiboek markatzen dute aldea. Datozen urteetan alde hori handiagoa izatea nahiko genuke, Arabak ekoizpen ekologikoaren garapenerako duen potentzialtasuna kontuan hartuta.

Edonola ere, azpimarratzekoa da baratzezaintza ekologikoak (bereziki Bizkaian eta Gipuzkoan kokatzen dena) Euskal Autonomia Erkidegoan duen ezarpena: dagoeneko baratzezaintza ekologikoa EAEn egiten den baratzezaintza guztiaren %20tik gertu dago. Astiro, baina bagoaz.

Eta bidean, beste urte bat gehiago pasa da eta Bioterrarekin egiten dugu topo berriro. Nazioarteko Ingurumenaren Egunarekin batera egiten den erakustazokak hamalaugarren urtemuga ospatzen du aurten. Beste behin, elikagai ekologikoen ekoizle, eraldatzaile, merkaturatzaile eta kontsumitzaileen topagunea izaten ari da atzo ateak ireki zituen ekitaldi handi hau. ENEEKeko eragileak, nola ez, han daude bertoko elikagai ekologikoen aniztasuna eta kalitatea eskaintzen. Aldaba Zahar elkartearen gazta eta ogi barietate anitza, Endaia okindegiaren eskaintza zabala, Ekotarrikoren plater prestatuak kontserban, Itxosteren marmeladak eta konbutxa, Arratzain sagardotegiko sagardoa, Goimar pentsuak, Bodegas Laukoteren ardo beltza, Olako eta Blasenea mintegien landare-eskaintza zenbatezina, Lurberryren fruitu txikiak, Ibarrako piperren kooperatiba… EHKOlektiboak, ENEEKren laguntzarekin batera, jarriko duen talo-postua ahaztu gabe, noski!

Nabarmentzekoa eta eskertzekoa da, aurten ere, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Oreka sailak ekoizle ekologiko gipuzkoarrei eskaintzen dien laguntza, postuen kostuaren zati bat bere gain hartuz. Bioterran dago ENEEK bera ere, jendarte zabalari gure ereduaren baloreak helarazteko helburuarekin. Gaztetxoenetan eragiteko indar berezia jarri nahi izan dugu hamalaugarren ekitaldi honetan, horretarako ekintzak antolatuz (antzerki emanaldiak, askari ekologikoak, NIREA ekimenarekin batera prestatutako muralen koloreztatzea…) eta baita beste batzuetan lagunduz ere (FICOBArekin batera antolatutako landaketa-tailerrak). Neskato eta mutikoetan indarra jartzeak zentzu osoa dauka, etorkizuna beraien esku egongo baita, berandu barik.

Nazio Batuen Erakundearen Elikadura-eskubiderako kontalariak berak argi esan zuen iragan martxoan aurkeztutako txostenean: pestizida, herbizida, plagizida zein ongarri sintetikoen erabilera masiboan oinarritutako ereduari jarraipena ematea burugabea da. Eta gaineratu zuenez, agroekologia da elikadura-eskubide unibertsalak bermatzeko eredu posible bakarra. Zatozte Bioterrara, etorkizuna martxan dago!