Maider Iantzi Goienetxe

«LAN MIKROPOLITIKOEZ OSO HARRO NAGO»

Lehen aldiz egin du bitartekari lana Idoia Zabaleta koreografoak “%100 Oion” proiektuan. Eta, erran duenez, hagitz modu literalean bete du funtzio hori, denaren erdi-erdian egon baita. «Oso proiektu polita eta konplexua izan da».

Aurrena, Komanditario Berriak Oion taldea osatu zuten dozena bat lagunek: eskola publikoko irakasleak, arabiar komunitateko gizon-emakumeak, herritarrak, duela hainbat urte etorritakoak, bertan jaiotakoak… Oionen kultura ugari daude, bizikidetza ez da erraza, eta proiektu honek erronka horri erantzuten dio.

«Hilabetean behin bildu eta talde dinamikak egin ditugu. Herria eta bere ezaugarriak ezagutzen lagundu didate. Gasteizkoa naiz eta Langraizetik oso gertu bizi naiz. Langraiz eta Oionen artean badira antzekotasunak. Oionen baldintza batzuk areagotzen dira, batik bat mugako herria delako, Logroño ondoan dagoelako. Beren erronkak berriro definitu genituen, ideien atzean dauden argiak eta itzalak ikusiz. Aldi berean, sorkuntza klaseak, dinamikak eta informazioa eskaini nizkien. Benetan talde bat osatu genuen».

Ikusitakoarekin, beren erronkak jorratzeko artelan bat proposatu zien. «Zurrumurruen eremuan ari ginenez, nahiko garbi ikusi nuen soinuekin erlazioa izan behar zuela. Gehien bultzatu nuen proposamena Mursegorekin disko bat egitea izan zen. Argi nuen proiektuaren gidariak emakumezkoa izan behar zuela, baita euskaraz hitz egin behar zuela ere. Konplizitate figura bat ere behar nuen eta Maite ezagutzeak ziurtasuna ematen zidan. Maite bertara joan eta aurkeztean, guztiek baietz esan zuten», kontatu du Azala espazioa kudeatzen duen artistak.

Aitzinetik, taldeak artelanak bete behar zituen baldintzak ezarri zituen. Garbi zuten jende ugarik parte hartu behar zuela, horrek izan behar zuela muina. «Beste etapa bat hasi genuen orduan. Maitek aurreproiektu bat aurkeztu zuen, abestiak zeintzuk izango ziren, ze gai ukituko zituzten, musika egiteko moduak… Zortzi abesti daude; batzuk berak egin ditu, besteak herriko taldeek, batzuetan abeslariak eskatu ditugu boluntario gisa, beste batzuen letrak prozesu kolektiboan egin ditugu…». Ondotik, konposizio lanetan hasi zen Mursego, eta, 2017an, abesbatzak osatu, entseatu eta grabaketa egin zuten.

Kexen abesbatza

“Óyenos Oion” abestian, Finlandiako proiektu bat egin zuten, kexen abesbatza. «Postalak utzi genituen herrian zehar jendeak bertan kexak idazteko. Guztiak batu eta horiekin osatu genuen abesbatza. Batzuk umeek idatziak dira, ez dietela enparantzan baloiarekin jolasten uzten esanez, edo etxeko lan asko eta nekezak dituztela. Besteek diote zerbitzu falta dagoela autobusez Gasteizera joateko. Usain txarra dagoela dio zenbaitek. Badira kexa unibertsalagoak: Alepon gertatzen ari dena, harresiak eraikitzea…».

Aunitzek kexak eta nahi zuena nahasi eta eskakizunak jarri zituen: ludoteka, litxarkeria gehiago, opariak…

«Euskara gutxi hitz egiten dela eta ez dela posible bertan euskaraz bizitzea izan da askotan errepikatu den kexa bat. Gazteentzat oso gauza gutxi daudela ere bai. Atzerritarrek ez dutela lan egiten idatzi dute beste batzuek. Txinatarren dendan gominolak hozkatuak saltzen dituztela besteek. Ia berrehun kexa jaso genituen. Gero aukeraketa egin genuen, 7 minutuko kantua osatzeko».

Abestia Whatsapp bidez zabaldu zen, oraindik prest ez zegoela, bai Oionen eta bai inguruko herrietan. «Jende askori ez zitzaion gustatu bere herriari buruz gauza batzuk entzutea, eta eurek idatzitako kexak ziren! Beste batzuk, aldiz, indar gehiagoz batu ziren proiektura. Adostasuna behar zen, eta jendea konbentzitzen aritu naiz denbora emateko proiektuari. Aldi berean, jende izugarria ezagutu dugu. Une oso polemiko bat egon zen eta lan diplomatikoagoa egitea tokatu zitzaidan. Ordura arte artearen eta jendartearen arteko bitartekari nintzen eta momentu horretan diplomazia egin nuen herriaren barneko hainbat estamenturen artean».

Hainbertze denbora elkarrekin egonez, taldea bera ere nekatu eta gaizki-ulertuak egon dira eta hor ere tokatu zaio Zabaletari elkarrizketaren bitartez ez eztabaidak alde batera uztea, horiek ere proiektuaren parte baitira, baina bai bideratzea.

«Artista moduan hankak lurrean jarri dizkit proiektuak. Oro har hala ditut, baina gehiago. Lana nahiko ondo egiten dudala ere ikusi dut, gustatzen zaidala. Ohituago nago autore izatera eta gustatu zait aldi berean inon ez eta leku guztietan egotea. Nire izenak ez du agertu behar, gauzen katalizatzailea naiz eta hori bizitzea asko gustatu zait», adierazi digu.

«Ikasi dut ere ze garaitan gauden gizakiok eta zer-nolako arazoak jartzen ditugun ez dauden lekuetan. Zein konplexua den elkarbizitza. Etorkinei buruz ezin duzu esan etor daitezela guztiak, ezta ez daitezela etorri ere. Oso lan konplexua da. Baditut lagun arabiarrak eta ez zen berria niretzat, baina oso modu irekian eta ondo hitz egin dugu erlijioen eta kulturen arteko desberdintasunez, emakumearen rolaz, energia edo boterea non dagoen kultura desberdinetan… Lan asko egin dugu eta ikusten dugu oraindik gehiago egin dezakegula parte hartu dugun guztiok. Badaude hitz egin behar diren gauzak».

Erantsi du mekanismo bat dugula dena orokorrean hartzeko, baina pertsona bakoitza mundu bat dela. «Hori polita da, baita hor arteak bere aukerak badituela ohartzea ere. Leiho bat ireki da, baina hasiberritzat dut nire burua honetan. Dena ikasteko dago». Lagunak ere badaramatza dantzariak.

Jarraipena

Bihar aurkeztuko dituzte abesti guztiak. Gero diskoa aterako da. «Lan handia egin da; badaude abesti batzuk Oioni opari gisa eginak, besteak unibertsalagoak dira, eta uste dut entzun behar direla. Ahalik eta gehien zabaltzen saiatuko gara». Seguru proiektuak jarraipena izanen duela. Koreografoak aitortu du «oso astuna» dela zentzu horretan eta gustatzen zaiola gauzei segida ematea. «Ez ditut erlazioak beste modu batera ulertzen. 80 lagun inguruk parte hartu dugu zuzen-zuzenean. Alde horretatik oso eskertuak gaude, bestela ez litzateke posible izango. Artehazia dago honen atzean. Berak gonbidatu ninduen bitartekari izateko eta nik gonbidatu nuen gero Maite artista gisa. Geruza asko dago».

Oraindik goiz da proiektuak Oioni ekarri dizkion onurak antzemateko. «Baina zuzenean parte hartu duten pertsonentzat ona izan da seguru eta hori jada bada zerbait. Zurrumurruen abestiaren polemika gertatu zelarik herrian desplazamendu bat gertatu zen jende guztiaren artean. Alkateak abesbatzan abesten du, eta bere energia jarri du proiektuan, jakinda ze polemika zekarren atzetik. Mugimenduak gertatu dira dagoeneko».

«Sentitzen dut lan bat egin dugula etorkinekin, baita euskal komunitatearekin eta emakumeekin ere. Herrian femeninoan hitz egiten duena bezala ezagutzen naute».

Abesti bat dago berarentzat hagitz berezia, Oiongo Eh Mertxe! rock talde gazteak Mursegorekin egindako “Matronak”, herriko zaindari santuen dantzaren, “Los Patronos” dantzaren bertsioa. Herrian gatazka dago ea emakumeek dantza dezaketen ala ez, eta gazte hauek, denak mutilak, bertsio hau egitea erabaki zuten. Ildo feministako letra idatzi zuten. Halako lan mikropolitikoez hagitz harro dago Idoia Zabaleta.