Marea kablea baino harrigarriagoa da haren transmititzeko ahalmena
Iragan astean hasi ziren Ameriketako Estatu Batuak Europarekin zuntz optikoko Marea izeneko kableaz lotzeko lanak. 6.600 kilometroko kable luzea, 4.000 metroko sakoneratik datorrena eta 10 zentimetroko diametroa duena. Horrelakoak kontatu dizkigute berrietan. Horrelakoak kontatu dizkigute berrietan, baina horiek ez dira datu harrigarrienak, nire arreta bereganatu duen datua da segundoko 160Tb transmititzeko ahalmena duela. Kilometro (km) bat 1.000 metro badira, megametro (Mm) bat 1.000.000 bat metro lirateke eta, aldiro hiru zeroko gehituta, gigametro (Gm), terametro (Tm), petametro (Pm). Adibidez, Lurraren zirkunferentzia ekuatoriala 40,075017 Mm-koa da, edo 0,040075017 Gm-koa edo 40.075,017 km-koa. Aurrizki horiek oso ongi azaltzen dira Wikipediako Nazioarteko Unitate Sistemari buruzko sarreran eta bertako taula ere hona ekarri dut.
Lurraren zirkunferentzia aipatzerakoan, ordea, ez dugu Tera (T) aurrizkiaren beharrik izan. Kilo 103 bada, Mega 106 eta Giga 109, Tera 1012 da.
Argitu dugu honekin Tb-ren aurrizkia, baina zer da b atzizkia? Tb hori irakurtzean terabit esaten dugu. Beraz, atzizkia bit da eta hori ingelesezko binary digit-etik dator, hau da, “digitu bitarra”. Guretzat ohikoena, digitua aipatzean, 0-9 bitarteko zenbakiez aritzea da. Hori da sistema hamartarrera guztiz ohituta gaudelako, baina kontuan izan zenbatzeko beste sistema batzuk ere erabil daitezkeela. Sistema hamaseitarra, adibidez. Kasu horretan digitu gehiago behar dira, zerotik hamabostera arte kontatu behar baitugu karaktere bakarrarekin. Horretarako 0, 1, 2, 3, 4, 5, 6, 7, 8, 9, A, B, C, D, E, F digituak erabiltzen dira. Baina badago ere sistema bitarra non 0 eta 1 diren erabiltzen diren digitu bakarrak.
Oso laburrean azaltzeko, zuntz optikoko kableek argia garraiatzen dute eta une oroko argia edo argi falta informazio digital gisa uler daiteke. Esate baterako, argia badago 1ekoa jaso dela eta argirik ez badago 0koa jaso dela esan daiteke. Beraz, Marea kableak segundoko 160 Tb transmitituko baditu Ameriketako Estatu Batuen eta Sopelaren artean, horrek esan nahi du, segundo bakar batean 160.000.000.000.000 edo 160x1012 bateko edo zeroko bidaliko dituela.
Eta, segundo batean transmititutako informazio hori konputagailu batean gorde nahiko bagenu? Zenbat okupatuko luke? Bada, konputagailuan gordetako informazioa ez da bitetan adierazten, bytetan baizik. Eta zer da byte (B) bat? Bada, 8 bit. Beraz, 160Tb/8 = 20TB. Baina zenbat da hori? Bada, pentsa, segundo horretan jasotako informazio hori 4K-ko kalitatean grabaturiko pelikula bat balitz (kalitate horretan pelikularen minutu batek 375 MB okupatzen ditu), 24 orduko 37 egun beharko genituzke pelikula hori ikusteko!!!
Eta zer tamainatako disko-gogorra beharko genuke pelikula zoragarri hori gordetzeko? Hori, nire hurrengo ekarpenean kontatuko dizuet. Orain lekurik gabe geratu naiz-eta! •