Juantxo EGAÑA

Donibane Lohizuneko portua, portu garrantzitsua

Donibane Lohizuneko portua Urdazuri ibaiaren bokalean dago. Donibane Lohizune balearen eta bakailaoaren arrantza zela-eta egin zen ezagun aurreko mendeetan. XVI. mendeaz geroztik bere kortsarioengatik ere oso ezaguna izan zen. XIX. mendearen bukaeran turismoa gorantz hasi zen, bertan jarduera nagusia artean arrantza bazen ere; 1885ean lurrunontziak iritsi zirenean, gainera, sardinaren arrantzak gora egin zuen. XX. mendearen hasieran zortzi kontserba-fabrika zeuden Donibane Lohizunen, eta haietako langile gehienak emakumeak ziren. 1938an, sardinaren arrantzari dagokionez, Estatu frantseseko lehen portua bilakatu zen, baita 1959an ere, atunari dagokionez. 1964an 191 ontziko flota eta 1.200 arrantzale zituen Donibane Lohizunek, baita 13 kontserba-fabrika ere. Egile ezezaguneko irudia joan den mendeko 50eko hamarkadaren erdi aldera egina da. Bertan hegaluzeen salmenta ageri da, ontziak portura iritsitakoan.