Ana Elosegi Serna
Harremanak Hezkuntza Elkarteko kidea

Ostadarraren indarra; ekaitzaren ondoren dator argia!

Ekainaren 28a Sexu Askapenaren Nazioarteko Eguna izan da. Ostadarraren koloreak ikusi ditugu manifetako pankartetan, udaletxeetan, etxeetako balkoietan…

Errezilgo Goiko Plazan dagoen banku edo eserleku bakarra ostadarraren kolorez margotu dute. Eta, hara!, mugimendu txikiek ekar dezaketen olatu handien eredu bihurtu da. Pentsa dezakegu, «jesus, zer da ba eserleku bat ostadarraren kolorez margotzea?».

Jendea kexu segituan hasi da: «gure betiko eserlekua margotzea zeini bururatu zaio?». Gazte batzuei ez zaie ondo iruditu ekintza, kolore horiek bultzatzen dutenarekin ez daudelako ados.

Eta, hara!, egunotan inor ez dut ikusi eserita eserlekuan… Hor dago betiko tokian, bakar-bakarrik, kuriosoa, ezta?

Jende bati zaila egingo zaio hor esertzea barruak mugitu gabe. Beste batzuk harro eseriko dira, urteetan oso zaila egin zaielako bailaran beraien desira sexualak askatasunez adieraztea, beraien bikotekideak herrira ekartzea, jakinda norbaitek zerbait esango ziela edo aurpegi txarra jarriko zuela. Beste gizon batzuk deseroso sentituko dira; «ene, zer pentsatuko dute eserleku horretan eserita ikusten banaute?».

Irudi polita izango litzateke aitonak berriketan ostadarraren gainean eserita ikustea. Nola sentituko ote ziren? Lehengo garaiak eta oraingoak aipatzen dira askotan, baina, gauzak hainbeste aldatu al dira?

Ba badirudi oinarrian ezetz. Aldarrikapenetan ederki gabiltza, hitzen bidez egin behar direnean, esaldiak oihukatuz... baina, jarrerak eta emozioak nahasten direnean badirudi egoerek gure lekuan jartzen gaituztela eta barruak ederki mugitzen zaizkigula.

Askotan aldarrikapenen harira ekintza handiak pentsatzen burua hausten dugu eta eserleku bat margotzea, mugimendu xume eta txiki bat, kontzientziak eta emozioak mugitzeko oso baliagarri zaigu. Errezilgo bankuaren adibidea ikusi besterik ez.

Eserlekua inoiz baino politagoa dago, hainbeste kolorez beteta… Ziurrenik haurrak laster hasiko dira lasai ederrean eta beti bezala bere gainean esertzen eta kontuak esaten. Izan ere, haurrak dira irekienak, kolore biziak gehien maite dituztenak, marroiak eta beltzak baino askoz gehiago. Haurrek askatasuna nahi dute beraientzat eta besteei ere berdina opatzen diete, askatasuna eta zoriona. Tamalez, jendartearen mezuek, komunikabideetatik datozenek, etxeko eredu estuek eta horrelakoek bihurtzen dituzte haurren koloreak ilun.

Eserlekuaren inguruan lasai asko dantza egin dezagun, Pirritx, Porrotx eta Marimototsek abestiz dioten bezala: «Elkarrekin ostadarra marraztu dugunean, ispiluan nire izena idatzi duzunean. Begietara begira hauxe nahi dizut esan: maite zaitut, maite maite zaitut...». •