Ula Iruretagoiena Busturia
Arkitektoa

Lurraldearen biolentziak

Lurraldea eta biolentzia. Bi hitzak elkarren ondoan jartzearekin batera zer-nolako hausnarketak erator daitezkeen proposatzera nator (saiakera xume gisa). Batak giza gorputzaren gain jaurtitzen den edozein erasori erreferentzia egiten baitio, eta, besteak, kolektibotasunak partekatzen eta eraikitzen duen espazioari –errealitate fisiko eta materiko bati–. Biolentzia nork-nori izaerakoa da, eragile batek opresio indar bat eragiten duenekoa biktima batean jaurtitzerakoan. Biolentziak teorizazio mardul askotarako eman du, horra hor Benjamin, Zizek, Foucault, Agamben, Cavarero eta abar luze baten gogoeta proposamenak. Biolentziaren sistematikotasuna, hala nola biolentziaren izaera soziopolitikoa, eztabaidatzen dute guztiek. Horrek esan nahi du egunerokotasunean aldi berean eragiten duten izaera eta sakontasun desberdinetako biolentziek gure gorputzak zeharkatzen dituztela.

Akzio opresorea espazio batekin batera irakurtzeko nahi honetan, espazioak biolentzia eragile eta jasotzaile bezala duen paper bikoitzari arreta jartzeko ideiarekin egiten da. Espazioa biolentzia eragiteko tresna bihurtzen dela diogu, nork-nori erlazioan tarte eragile bat kokatzen delako: espazialitatearen “bitartekari-arma”. Biolentzia esplizituko egoerekin alderatuta –gudak–, lurraldearen biolentzia-tresna aplikatzean ikusgaitasuna askoz murritzagoa da, zerk eragiten duen biolentzia eta honek nola eragiten duen ibilbidearen arrastoari jarraitzea konplikatuagoa baita. Konplexutasun horrek identifikagarritasuna zailtzen duen heinean, lurraldearen biolentzia normaltzat jotzea edo bere izatea ezeztatzea ekarriko du, biolentziaren biolentzia eraginez. Kontrara, espazioa bera biolentziaren testigantzarako ere erabil daiteke.

Historikoki lurraldea menderatu eta kontrolatzea boteretsuen intereseko altxorra izan da, eta, beraz, guda eremua. Biolentzia arkitekturaren ikuspegitik aztertzean, agerian gelditzen da egun gatazkaren helburu edo konkista-esparruak hirien espazioetara pasa direla. Hiritarra den gizartean, lurraldearen jabe izatea balio funtzionalaz eta karga sinbolikoz jantzita dago. Bizitzaren esperientzia pribatu zein publikoa bideratu eta ordenatzen da forma espazial eta lurralde-eredu jakinen bidez, bakarrak, arrazionalak eta neutroak bailiran. Nola erabil daitekeen lurzorua, zer debekatzen eta baimentzen den eremu jakin batean, biolentzia eragile izan daiteke, botere-harremanak espazioaren bidez arautzean baitatza.

Bestalde, lurraldea ikuspegi globaletik aztertuta, «ekozidioaz» hitz egiten da lurraldearen gainean gizakiak espezie gisa praktikatzen duen terrorismoa adierazteko. Ingurumen sarraskiak adierazteko balio duen hitz horren bidez, “guda” honetan gizakia gizakiaren kontra ari dela nabarmendu nahi da. Lurraldearen gaineko biolentzia horrek –ekosistemak suntsitzean, baliabide naturalak agortzean oinarritzen dena– berezitasun paregabeak –eta beldurgarriak– ditu: ziurgabetasun egoera berri batean jarri gaituzte, non arriskuak kalkulaezinak diren eta ondorio-kateak aurrez ezagutzerik ez dagoen, non lehen aldiz gudaren emaitzak ez diren klaseen arabera moldeatuko (Becken esanak ekarriaz). Munduko lurraldea –eta beraz gizakia– probeta bilakatzen dela alegia, laborategiko espazioetatik lurraldera salto egiterakoan.

Ez gara zientzia-fikziozko pelikula baten gidoia asmatzen ari, lurraldearen biolentziak azaleratzen baizik. Kulturaren kritikaren esparrutik bide luzea dago egiteko garaikidetasunaren biolentziaren irudi berriak argitaratzen. Izan ere, bataila guztietan gertatu ei da: biolentzia espazioak agertu ahala erresistentzia guneak eraiki behar dira. •