Amagoia Mujika Telleria
SORGINETXE ISTORIOAK

Euskaraz eta umorez kontatutakoak biltzen dituen bideogune berria

«Nire azken erokeria pertsonala da». Fernando Morillo Grande idazleak asteon eman du Sorginetxe Istorioak bideogunearen berri. Euskarazko istorioak jasoko dituen gunea da, bideoz jasoak eta umorez josiak. Hain bogan dagoen bideoen munduan euskarari ere tokia egitea da helburua; «euskarak ezin duelako tren hori galdu».

Fernando Morillo Grande idazleak bere azken proiektua aurkeztu berri du, Sorginetxe Istorioak bideogunea, erabat intuiziotik eta modu askean martxan jarria [www.fernandomorillo.eu/sorginetxe-istorioak]. «Bi hutsune betetzeko asmoz jarri dut martxan proiektua. Bat, pertsonala, beti nabilelako istorioak sortu nahian. Eta, bestea, bideoen arlora begirakoa. Euskal munduan beti dago kexua, xuxurlaka bezala, baina kexua, euskaraz material gehiago beharko genukeela esanez. Hain bogan dagoen bideoen munduan arakatzen hasi nintzen eta ikusi nuen oso bideo gutxi daudela euskaraz. Euskal gazteek bideoak irensten dituzte etengabe, baina, aldiz, inoiz gutxitan euskaraz. Horregatik erabaki nuen kexua utzi eta neroni hastea bideoak egiten. Beldur pixka bat ematen zidan hasieran, ez nuelako mundu hori ezagutzen. Hori igartzen da nire bideoetan, teknikoki akats asko dituztelako. Baina, tira, izugarri gozatzen ari naiz abentura berri honetan. Ez dakit bideoak ikusten dituztenek nik adina gozatzea lortuko ote duten», kontatu du umoretsu.

Morilloren hitzetan, Sorginetxe Istorioak bideogunea istorioen erreinua izango da. Euskaraz eta bideoz jasotako istorioak bilduko dituen txokoa izango da. Askotariko gaiak landuko ditu gainera, bidean topatzen dituen edo buruan sortzen zaizkion istorio guztiak kabitzeko modukoa baita proiektua, «erabat askea eta mugarik gabea». Orain artean zintzilikatu dituen bideoetan garbi ikus daiteke aniztasun hori; mitologia, Antton Abadia, euskal piratak, Albert Einstein, Marie Curie, Leonardo da Vinci, artea, animaliak, irakurketa erraza eta audioliburuak, besteren artean.

Askotan entzuten omen du Morillok euskal mundua «aspergarria» dela. Eta baieztapen horri buelta ematea ere bada proiektuaren helburua. Hartara, umoreak parte handia dauka. «Euskal munduaren alderdi umoretsua erakutsi nahi dut, bazterrak nahastu nahi ditut eta jendea zirikatu. Bideoen giroa oso frikia da, egoera oso bereziak agertzen dituzte. Baina horren atzean helburu pedagogikoa dago, gauza oso serioak kontatzen baitira, baina tonu dibertigarrian. Helburua ez da bakarrik barre egitea, barre eginez zeozer ikastea baizik. Ondo pasatzea da ikasteko dagoen modurik onena».

«Bideoen trena ezin dugu galdu»

Sorginetxe Istorioak guneak akuilu lana ere egin nahi du, «beste batzuk zirikatu eta istorioak konta ditzaten bideoen bitartez». Izan ere, Fernando Morillok garbi dauka teknologia berriek eta sare sozialek ate berriak ireki dizkiotela euskarari, eta horiek ere ireki behar direla. «Nik uste dut konplexu handiak ditugula. Askotan pentsatzen dugu euskaraz txantxetan hasten bagara, euskara txantxatzat hartzen ari garela. Eta, orduan, beste muturrera joaten gara, eta oso gauza serioak kontatzen ditugu, modu aspergarrian. Bideoen tren hori ezin du galdu euskarak. Derrigorrean igo behar gara bertara. Irakurleak lortzea oso nekeza da maiz, jende askori kostatu egiten zaiolako euskaraz irakurtzea. Hala ere, nik bide horretan segituko dut lanean. Baina, bideoen kasuan, askoz errazagoa da, euskal hiztunak baino ez direlako behar, kontalariak. Eta euskal hiztunak baditugu, asko eta oso onak gainera. Sekulako aukera iruditzen zait».

Morillok aitortzen duenez, bideoen munduan ezjakin samarra da. «Hori aitortzen dut nire bideoetan eta uste dut igartzen dela. Ikasten ari naiz pixkanaka. Baina nire helburua ingurukoak zirikatzea da, nire istorioak ikusi eta beren istorioak konta ditzaten. Eta ikus dezaten, gainera, ez dela garrantzitsua bideoen kalitatea, baizik eta kontatu behar dutena. Belaunaldi gazteek, berriz, primeran maneiatzen dituzten baliabide horiek. Are errazagoa da, beraz, haientzat», gaineratu du idazleak.