Juantxo EGAÑA

Agirre, Companys eta Kataluniako Errepublika

1934. urteko urriaren 6an, Generalitateko presidente Lluis Companysek, Kataluniako Errepublika aldarrikatu zuen. Gobernu espainolak gerra egoera deklaratu eta Companys eta bere kontseilariak atxilotu eta kartzelatu zituen. Epaitu egin zituzten eta 30 urteko kartzela zigorrera kondenatu, altxamendua leporatuta. 1936. urteko otsaileko hauteskundeak eta gero amnistia eman zieten. Gerra zibil bete-betean, 1937ko uztailaren 22an, Jose Antonio Agirre lehendakariak Bartzelonara bisita ofiziala egin zuen, Generalitateko presidente Lluis Companys berak gonbidatuta. Generalitatean bertan eta Bartzelonako udaletxean egin zioten harrera eta Agirre zenbait kontseilarirekin elkartu zen Kataluniako euskal delegazioan. Goiko argazkian, ezkerretik eskuinera, Manuel Irujo, Lluis Companys, Carme Ballester, Jose Antonio Agirre eta Maria Zabala ageri dira, 1937ko uztailaren 24an Montserratera egindako bisitan. Josep Brangulirena da argazkia. Katalunian –eta bereziki Bartzelonan– Errepublika garaian eta Gerra Zibilean gertaturikoak bere kamerarekin zorrotz jaso zituen argazkilari horrek. “La hormiga de oro” eta “La Vanguardia” argitalpenetan aritu zen, besteren artean.