Gaizka Amondarain
Irakaslea

Tren batek beste tren bat ezkuta dezake

Luzaroan bizi izan dugun momenturik epikoena da, inon epikarentzako lekurik geratzen bada. 40 urte behar izan dira, baina Kataluniakoari esker, erregea biluzik geratu da azkenean mundu guztiaren begi-bistan. Ikusi nahi ez zutenek ere onartu behar izan dute agerikoa zena. Lehertu dira 78ko erregimenak demokraziari jarritako zutoinak. Hau ez da atzo hasi, eta ez da bihar bukatuko. Baina gaur, inoiz baino aitzakia gutxiago geratzen da erdibidetan ibiltzera ohitu diren horientzat guztientzat. Katalanei zerbait eskertzekotan, horixe eskertu beharko diegu beti. Elefantea mugitzeko gai izan dira. Eta elefantea mugitzearekin batera, zirkua hankaz gora jarri dute bat-batean. Gauzen ordenarekin eroso zeudenek alde batera edo bestera egin beharko dute momenturen batean, katalanek aurrera egingo baitute berean eta horrek usteltzen hasiak ziren urak mugiaraziko ditu, halabeharrez.

Zailena egiteko daukate oraindik, ordea. Inork ez zuen esan erraza izango zenik. Elefantea mugiaraztea lorpen bat da bere horretan, baina elefanteak azpian ere harrapa zaitzake. Arrazoia edukitzearekin bakarrik ez zoazelako inora, indarra duena bestea denean. Argi utzi du historiak hori behin eta berriz, egoskor. Ikusitakoak ikusita, dena den, segurua dena da gauzak ez direla berdinak izango aurrerantzean. Behin erregea parez pare eta biluzik ikusi duzula, jantzi berri batekin agertuta ere, ez zaitu inork hola eta hola engainatuko. Kataluniako gizartearen gehiengoaren eta Espainiar erreinuaren arteko arrakala sakonegia da honezkero, egunen batean urak baretu eta lehengora itzul daitezkeela sinisteko.

Ikusteko dago zer gertatuko den. Nola egingo dioten aurre Estatuaren makineria guztiari. Zein puntutaraino tenkatuko duten soka batzuek eta besteek. Noraino iritsiko den independentziaren aldekoen konpromisoa Madriletik hango herritar, funtzionario eta agintariak gero eta gehiago estutzen hasten direnean. Zalantza handiena uneotan hori baita, zer egingo duten beraien bidean aurrera egiteko Estatuari desobeditzea beste aukerarik geratzen ez zaienean. Eta horretan ere, hemendik ikusita behintzat, bai herritarrek eta baita haien politikoek ere erakutsitako konbentzimendua eredugarria izan da orain arte.

Kataluniakoak lurrak mugitu ditu. Ezin zuen bestela izan. Izotz mendi honetan ere igarri da lurrikara, nola ez. Ikusteko dago erreplikarik edukiko duen epe laburrera, behinola sumendi izandako paraje gainbeheratsuan. Hemen dena konplikatuagoa dela ematen baitu beti. Elefantea egongelan daukagulako ere izan daiteke. Baina egun osoa elefantea noiz mugituko begira egotearekin ez goaz inora. Hori ere ikasi beharko genuke Kataluniatik. Askatuko zaituen zain bazaude, zaude lasai, zaude ziur askatuko zaituela.

Gehiengo guztiek dute gutxiengo hiperaktibatu eta konprometitu bat bere ernamuinean. Inurri saldo bat, denak norabide berean bidea egiteko prest. Eta harritzekoa litzateke, hemen, 78ko erregimenaren aurka hamarkadak borrokan daramatzan herrialdean, Kataluniako prozesuak eskaintzen digun aukera historikoa ez aprobetxatzea norabide berean indar egin eta bigarren arrakala bat sortzeko. Baina gerta daiteke. Eta gertatzen bada, ez da elefantearen ardura izango.

Erabakitzeko eskubidea katalanei esker irabazten ari garen honetan, etorkizuneko Euskal Herria pentsatu eta eraikitzen hasteko unea ailegatu dela ematen du. Eta horretarako tokian tokiko errealitatetik abiatzen den herri mugimendu zabal eta eraldatzailea beharrezko du herri honek. Konplizitateak ehunduz baino ezingo da lortu. Gehiengoak irudikatzen dituzten argazkiak ondo daude, baina gehiengoak aktibatzeko gai izango diren gutxiengo konbentzitu konplizeak dira ezinbestekoak. Herri honi lapurtutako ilusioa bueltatuko dion inurri saldo hori. •